Maldan behera doa agudonire gorputz biluzia. Gabriel, 1959.
Maria disko berriaren aurkezpen-bira prestatzen ari zen. Diskoa martxoan argitaratu zuen, hilabete luzetako barne-lan sakonaren ondoren. Aurreko diskoaren biran 40 bat kontzertu eman zituen hainbat antzoki, gaztetxe eta tabernatan; normaltasun berrian kontzertu bat eman du balkoi batean. Durangoko Azoka aurkezpen-biraren azken geltokia zen: standean diskoen salmenta eta Ahotsenean kontzertua. Plateruenan jotzeko ametsa zuen. Gerediagak iragarri du azokari eutsi egingo diola, baina ez ohiko formatuan: salmenta online izango da, eta ekitaldiak streaming bidez edo oso aforo mugatukoak izango dira.
Mayte Korrikarako prestatzen ari zen: astelehen eta eguaztenetan euskaltegian, martitzen-eguenetan gimnasioan eta barikuetan berbalagunekin footing egitera irteten. 2021ean lekukoa eramatea tokatuko zitzaion gainera! Bere dantza-taldeak beti erosi izan du kilometro bat herriaren erdigunean; dirua biltzeko, inguruko jaietan eta ospakizunetan aurreskuak eta alardeak antolatzen dituzte normalean, baina normaltasun berrian ezin izan dute bat bera ere egin,COVID-19a prebenitzeko araudiak dantzaldiak berariaz debekatu dituelako.
Asier asteburuak heltzeko desiatzen zebilen. Kulturzale amorratua da. Ahalegin berezia egiten du euskarazko kultur sorkuntzari gertutik jarraitzeko: Arriaga antzokiak martxoan aurkeztu behar zuen Ama Kuraia ikusteko sarrerak abendutik erosita zeuzkan; Literaturiara egunero hurbiltzeko asmoa zuen maiatzean; Eako Poesia Egunak iluntzera arte gozatzeko gogoa zuen; Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bertso-saioetara ez zuen hutsik egin nahi. Hozkailuaren gainean Durangoko Azokarako itsulapiko bat dauka, eta hilero sartzen dituen 20 euroko billeteak atseginez eramaten ditu abenduero Landakora. Aurten sekula baino gutxiago joan da kultur ekitaldietara.
Maldan behera doa agudonire gorputz biluzia. 2020.
Euskal kulturak hondoa jotzea nahi ez badugu, Mariak, Maytek eta Asierrek konpromiso bana hartu behar dute.
Mariak hitzeman behar du sortzen jarraituko duela. Itxialdiak eta konfinamenduak sorkuntzaren berezko habitatakizaten dira, beraz, ez luke traba handirik izan beharko eusteko sentimenduei hitzak eta notak jartzeari. Ez dakigu noraino helduko diren gaitzaren prebentziorako araudiak gurean, baina seguru sekula ez dutela mugatuko estudio edo gela batean elkartu daitekeen musa kopurua. Hartzak hibernatzen duen bezalaxe, bildu dadila bere baitara, eta babes dadila sormenaren labirintoan, negua joan arte, eta udaberria heltzean prest izan ditzala akorde eta lelo berriak.
Maytek ikasten duen hitz berri oro praktikan jartzeko konpromisoa hartu behar du. Kaleetan inoizko euskara gutxien entzun den 2020ak egutegitik eta mapatik ezabatu ditu euskararen ospakizun eta arnasgune handiak, eta 2021ari ez datorkio aurreikuspen hoberik. Hortaz, euskarak inoiz baino gehiago beharko du hiztun ororen laguntza, eta hiztunik berrienen lehen berbak gure hizkuntza zaharraren minen ukendu goxoena izango dira. Krisi urteak ikasteko eta etorkizunerako prestatzeko parada ezin hobea izaten dira gainera!
Asierrek zin egin behar du bularrean gordetzen duen kulturzaletasuna eta hozkailu gaineko itsulapikoan biltzen dituen sosak ez dituela alperrik galtzen utziko ez beste ezertan xahutuko. Zehazki, iaz kulturan gastatu zuen adina gastatu behar du aurten, baita hurrengo urtean ere, itsulapikopeko altzarian janaria luzaroan tenperatura baxuan gordeagatik, kultura ez baitago legatza edo ilarrak bezala izoztuta kontserbatzerik. Ez zaio arrazoirik falta pentsatzen duenean administrazioaren ardura dela kulturgileak zaintzea, baina berak ere jagoten ez baditu, antzoki, kontzertu edo azoka batera lehen bezala joan nahi duen hurrengoan, agian oporralditik bueltan hozkailua egon ohi den bezain hutsa topatuko du eszenatokia, aretoa edo denda.
Maldan beherago doa agudonire gorputz biluzia? 2021.
ARKUPEAN
Maldan beherago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu