Aner Euzkitze.

Mahatsak jan eta ospa

2025eko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun

Alaken txis pun, alaken txis pun, alapikulatunbaire errespondelapikulatunba jesusmariajainkoazen. Txispun. Urtarrilaren bederatzia da, eta amaitu dira eginbehar zaharrak. Itzali dira argiak, jaso dira mahaiak, txukundu dira etxaurreak, esekita daude baserritar-trajeak, garbituta ontziak. Arnasa hartu du askok, eta lehen zegoen hartara itzuli da. Gabonek etxera eraman zuten jende asko itzuli da etxetik, eta arnasa hartu du. Etxean sentitzea biolentoa da batzuentzat, eta sinbolikotasunari epika izorratzen badio ere, esan egin behar da. 

Hau ez da derrigorrezko zoriontasunaren aurkako artikulu bat, ez nator Gabonetan ere triste edo haserre edo asozial egoteko eskubidea eduki behar dugula esatera. Hori ere bai, bide batez. Baina hau joan den urte-sasoian ere pozik edo umoreko edo hipersozial egoteko eskubidearen aldeko artikulu bat da. Hau gabonen dinamikaren aurkako artikulu bat da. Hau instituzio familiarraren aurkako artikulu bat da batez ere. 

Noski, izan zaitezke genero-disidentea eta gabonen super fana. Erregeak dragak dira, ulertzen dut fanatismoa. Izan zaitezke disidentea eta oso pozik egon familiarekin. Neu ere ez nago gaizki. Baina berdin du, nobio jator bat eduki dezakegu baina nobio bat gauza terrible bat da, partikularitateak ez du inporta, hemen egitura bat dago. Are, sufritzen duzun edo ez ere ez da kontua, sufrimendu-mailak ez du borrokarik legitimatzen, ez da hori. Arazoa ez da sistemaren ondoriozko sufrimendua (adib. homofobia), arazoa sistema (adib. heterosexualitatea) da. 

Zuk behin erabaki zenuen etxetik joatea, baina gaizki sentitzen zara, batzuetan, pixka bat. Eguberri-garaiari «itzultzeko aitzakia» deitzen diozu. Aitzakiarik ez bazeneuka ez zenuke itzuli nahiko. 

Zuretzat familia betiko zor bat da, eta hargatik da mingarria gauzok haien aurrean esatea. Familia da belaunaldiarteko kate bat, kate ziurtatzaile bat, zaindua izatea behar duzunean nork zaindu izango duzula bermatzen dizuna. Jendea kateatzeko tresna. Eta gabonak dira horren urteroko gogorarazpen-mezua. 

Zuk ulertu zenuen gizontasuna problematikoa dela. Erabaki zenuen sare propioa sortzea. Ez duzula gehiago gizonik zainduko. Baina aita gaixotuko balitzaizu txandak antolatuko zenituzke ospitalean. Eta bestela errua. Ez zenuke hori egingo zure aita bezalako beste ezein gizonekin. 

Zu zure familiarekin haserretu zinen (edo haiek zurekin) eta ez zara gehiago elkartu haiekin. Haienaren egitura berbereko familia eraikitzea erabaki duzu, baina zu ez zara zure seme-alabentzat izango zure gurasoak zuretzat izan zirena. Zu diferentea zara eta gauzak hobeto egingo dituzu. Berdin baina hobeto. 

Zuk gorroto dituzu osabaren koinatu-komentarioak. Zure aita zure lehengusuen osaba da. 

Zu nazkatu zara aitonaren «noiz ekarriko duzu bikotea bazkaritara?» entzuteaz, baina zure ahizpak mutil-laguna eraman du aurten bazkaritara. Zure ahizparen monogamia gauzatuak ere eusten dio zure aitonaren pretentsio monogamoari. 

Zure 25 urteko semea tontoa da baina orain raperoa da eta kantu bat egin du «inportantena ama tekiero». Bere kantzontzilloak zintzilikatzen ari zaren bitartean entzun duzu. 

Zuk benetan kolgatuta zaudenean errazago eskatzen diozu laguntza hilean behin ikusten duzun izebari bi egunean behingo kafekide bizilagunari baino. Azalpen beharrik gabe eskatuko diozu aireportura bila etortzeko, umeak zaintzeko. 

Zu lasaiago zahartuko zara seme-alabak dauzkazunetik. (Zaintza-sistema publikorik ez balego ere.) 

Alternatibak irudikatzen ere ez dakigu. «Familia nuklearra abolitu» idazten dugu. Abolizio erreformista bat, nolabait: nuklearra abolitu, eta zer? Balio digu familiak? Ez dakit zein egitura familiar desnuklearizatu irudikatzen ditugun. Agian ez ditugu irudikatzen, eta hori arazo bat da. Pentsatu behar dugu honetan. Ea familiari garrantzia kentzeko prest gauden benetan. Gure familia propioei. Zein ahaidetasun-harreman horizontal amesten ditugun. Zer egingo dugun bakarrik geratutako gure aitona-amona-gurasoekin. Gure zenbatgarren lehentasuna den hau dena. Nola egin nahi dugun. Ea noiz txispun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.