oihana arana

Magia

2024ko abenduaren 27a
05:00
Entzun

Gure etxean ez dugu Gabonetako zuhaitzik ipini. Jaiotza, argitxoak, girlandak... gauza guztiak iruditzen zaizkit itsusiak eta beldurgarriak. Gero eta Grinchagoa naizela sentitzen dut eta ez zait sentsazioa gehiegi gustatzen. Kontuak horrela, sukulenta bati belarritako batzuk jarri eta arbola funtzioa beteko zuen zerbait egitea pentsatu nuen hasieran, baina azkenean ez dut ganorarik egin. «Non agertuko dira opariak, orduan?», esan zidaten lagunek brometan. Etxeko zapatiletan agertzen ziren gure etxean opariak umeak ginenean. Halere, ez dut opariz betetako egongela batekin amesten, ez dut opariak noiz zabalduko zain irudikatzen neure burua goizean goizetik.

Opariak egitea oso ekintza esanguratsua da. Harreman konplexuak sortzen dira objektuen arteko hartu-emanaren bitartez. Ez daukat Marcel Mauss zitatzeko gogo handiegirik, baina asko gustatzen zait dohainaren teoria. Ematea, bueltatu nahi izatea, bueltan jasotakoa berriz eman nahi izatea... eta elkarrekikotasun kate horren atzean ezkutatzen den beharrezkotasun hori guztia. Oparia egiten duena handi egiten du oparia egiteak berak, eta hartzailearengan dohaintza hori itzultzeko nolabaiteko behar bat sortzen du. Norbanakoen eta taldeen arteko etengabeko truke honek gizartearen funtzionamenduan eragina du, fabore kateak ez dira inoiz amaitzen, kate hori bera da pertsonen arteko harremanak eraikitzen dituena.

Hori jakin ondoren, ez dakit lehen baino gehiago edo gutxiago gustatzen zaidan opariak egitea. Hasieran inori oparirik ez egitea pentsatu nuen, baina lotsa ematen zidan neure burua paketeak zabaltzen irudikatzean nire ingurukoak apur bat triste egongo zirela pentsatzeak.

Badakit opariak egitea gustatzen zaion jendea egon badagoela eta inork ez duela ezer espero eta bla, bla, bla... denok espero dugu zerbait bueltan. Irriño bat bada ere. Hori da opariak egitearen funtsa. Are, denok dakigu zeren sintoma den urtero inguruko guztientzako opariak pentsatzen dituztenek aurten ere oparirik jaso ez izana. Uste dut amamari zerbait oparitzea derrigorrezkoa dela. Familia osoaren kulero taila jakiteagatik bakarrik. Ezin da bizi beti ematen beti ematen. Beti jasotzen beti jasotzen.

«Ez da oso erromantikoa, baina baduzu niri aurten zerbait oparitzeko asmorik? Ez nuke gaizki gelditu nahi eta gurago izan dut mezu hau bidaltzea...», barre egin nuen ahizparen audio mezuarekin. Hater agertzea atsegin dudan arren, oso erromantikoa naiz gero... eta oparien fartsa hau guztia desmuntatu zuen mezu bikain horri oparia baneukala esaten erantzuteak desilusiotik gertu dagoen emozioren bat piztu zuen nigan. «Bizitza errazagoa zen lagun ezkutu ditxosozko horrekin», erantzutea otu zitzaidan, baina «ez da oso erromantikoa, ez. Baina zerbait badut», esan nion azkenean.

Gabonen magia; opariak egitearen ilusioa; egun osoa sukaldean pasatzearen poza... beste gorputz batzuetan, akaso, bai, baina nirean ez dira existitzen. Egun sinboliko hauek guztiak urteko beste edozein egun balira bezala ospatzea zen nire hasierako asmoa, are, munduko beste txokoren batera ihesi joatea ere pentsatu nuen. Gabonak existitzen ez diren txoko bat egon beharko litzateke gure herri eta hirietan. Bilantzikoak, argiak, su artifizialak, Bizarzuriren panpinatxoak... existitzen ez diren txoko bat. Uste nuena baino askoz zailagoa da Gabonei iskin egitea. Opari paperez lepo daude kaleko edukiontzi guztiak.

Txoko hori asmatzen dugun arte ez dut jakingo urte sasoi honetan nola jokatu. Apur bat triste apur bat pozik. Apur bat haserre apur bat ilusionatuta. Gure etxean ez dugu Gabonetako zuhaitzik ipini. Baina mihura eman zidan amak eta ipini dut atean. Maite dudan autore baten liburu bat oparitu dut eta autore beraren beste liburu bat jaso dut bueltan. Gabonen magian sinisten hasteko aski arrazoi ote den ez dakit...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.