Lutxi maitea, ez dakizu nolako poztasuna ekarri duen gurera zure sortzeak. Jakin behar duzu garai hauek ez direla ezagutu ditugun onenak, urrundik ere. Mundu hau hankaz gora doala iruditzen zait askotan, mundu hau hankaz gora ezarri dugulako beharbada, axolagabekeriagatik, egoera larria gutxiesteagatik, agian.
Ohartuko zara helduok itsutzeko gaitasun paregabea izaten dugula maiz, ikusi nahi ez duguna ahanzteko eta hartu beharreko neurriak gerorako uzteko joera dugula... Zoritxarrez horrelakoak gara gu, bihotza.
Xantza duzu, Lutxi, maitasunez inguratua baitzara, eta babestua, eta zaindua, zuri begira-begira daudelarik lau begi urdin, gau eta egun. Gau eta egun zu kulunkatzeko beti prest dauden lau beso daudela badakizu, polita. Eta hitzak, zenbat hitz ez duzun entzunen, Lutxi maite, konfiantza emanen dizuten hitz goxo-goxoak, kontsolagarriak, segurtagarriak, edozeini aurre egiteko indarra eraikitzen lagunduko zaituztenak.
Egoera berezi batean etorri zara mundura, Lutxi. Birus bat mundu ero honetan kartak berriz ematen hasi deneko unean hain zuzen. Birusa aitzin, ez zegoen alta kezkatzeko arrazoirik falta: planetaren hormaguneak gesaltzen ari, kutsaduraren eragina klimarengan, animalia espezieen desagertzeak, gure Lurrak alarma seinaleak piztuak zituen aspalditik. Gizakion jarrera arduragabeak eragin dituen gaitzak ezagunak dira, Lutxi maitea, baina arrasta nola eman ez dugu asmatzen, malda behera doan goitibehera geldiezinean sartuta aieneka ari gara aspaldi honetan. Itsutzeko maisu bihurtu gara, eta gortzen ari gara, Lutxi ñimiño.
Gerlek eraginda ihesi doan jendearen oihuak entzun baditugu ere, nola hala laguntzen saiatu arren, uholdea geldiaraztea ez dugu lortu, eta pertsona horiek hor dabiltza, noraezean, etxean ezin bizi eta inon onartuak ez direla. Eta azkenean, Lutxi, belarriak itxi zaizkigu, zailegi baita nini horiek guztiak irudikatzea, goseak, hotzez, zuretzat ditugun besoak eta ferekak haientzat ez daudela irudikatzea bortitzegia delako gortu gara, maitea.
Zer panorama, ezta? A zer nolako harrera, pentsatuko duzu, Lutxi. Hala da, bai, arrazoia duzu.
Baina, hara non, azkenik iritsitako etsai handi batengatik egoera aldatzear dagoen. Birusa, gorago aipatzen nizun birusa izan ere, koronabirus deitzen zaiona. Errege antza ematen dion izena du, baina kasu, bortitza eta arriskutsua da zeharo, kutsakorra, eta hilkorra ere bai.
Birusarengatik, ezin izan genuen ospitalera joan zure ezagutza egitera. Horixe izan zen guretzat lehendabiziko eragozpena, eta frustrazioa. Gaixoak gu! Ez ginen jabetzen zetorrena anitzez ere trabagarria izanen zela; konfinatzea, hain xuxen. Amama bisitatzera ere ezin dugu joan, eta elkarrekin kantatzen pasatzen genituen asteroko uneak bizi bezain laster ahanzten zituela jakinik ere, espero dut ez duela bakardadea gehiegi sumatzen.
Eta hara, horretan gaude, Lutxi maitea. Etxean gelditu behar dugu, ahal bezain guti atera, eta babestu.
Halere, badakizu zer, Lutxi? Txanpon bakoitzak bi aurpegi ditu, maitea. Eta Txinan hilabete batez kutsadurak sekulako jauzia eman du gibelera. Naturak eskertuko al du! Berri ona, arnasten ahal denean maskaturik atera behar bada ere! Etxean egonik, beste erritmo bat hartu beharko dugu denok, naturak «geldi!» agindu izan baligu bezala.
Eta jendea ohartuko da sendagileak, erizainak, zaintzaileak direla egiazko heroiak (eta ez futbolariak) eta hurrengoan horren araberan bozkatuko al du! Eta gurasoek haurrekin denbora gehiago iragaten ahalko dute. Eta auzokideak balkoitik balkoira mintzatzen hasiko dira, kantuz, bingoan, eta elkartasunezko keinuak biderkatuko dira. Harremanaren birusa hedatuko al da!
Beraz, ez zaitez kezkatu, Lutxi maitea, hau ere gaindituko dugu-eta.
ARKUPEAN
Lutxiri gutuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu