Familia, ondorengotza eta jabego pribatua dira gure egitura zibilen ardatz, eta horien gainean dago eraikia sistema, merkatua zutarri duela. Baina hala ere, lukurreria betidanik izan da gaitzetsia. Mailegu bategatik gehiegizko korrituak kobratzea, interes abusuzko eta desproportzionatuak kobratzea bekatu eta are delitu ere kontsideratu izan da. Eta ez gure jendartea berdinzalea izan delako, pobreak eta pobreagoak beti izan dira, ezpada pobreegiak izatea ere merkatuaren kontra doalako. Baina aspaldian libertatea berdintasunaren edo elkartasunaren antonimo gisa garatzen ari gara, osagai gisa garatu beharrean, eta askatasunaren printzipio ustel hau jendartea blaitzen ari den heinean (norberak nahi duena egiteko askatasun jainkotua, supremazismo indibiduala baino ez dena), askatasunari mugak jartzea bekatu mortala da, larriena, egin ezin dena.
Baina ahal da. Eta lukurreriaren aurkako neurriak —hala Espainian nola Frantzian legeak daude propio usura arautuz— dauden bezala, bestelako diru-praktika gehiegizko, abusuzko, desproportzionatuen aurka ere hartu beharko lirateke neurriak. Alokairuetan, adibidez.
Izan ere, ez al da lukurreria etxebizitza baten alokairuagatik 1.000 euroko errenta kobratzea? Diotenez ez, ez da lukurreria, merkatua da. Izan ere, MediaMarkt aroan bizi gara eta inportanteena da ergela ez izatea, eta 1.000 euro kobratu baditzakezu nolatan kobratuko dituzu 500 nahiz eta diru hori beharrezkoa ez duzun? Ergelarena egiten ariko zinateke! Eta bai, funts putreek eta jabe oso handiek-eta ergelarena planteatu ere ez dute egiten, negozioarena baizik, baina hemen eta orain ez-funts eta jabe ez-handi asko dago etxebizitzak alokairuan dauzkanak eta, beharrik gabe, errenta normalizatuak kobratzen dituenak; ez-ergelaren errentak, alegia. Ondo baitator diru estra, noski, denok dauzkagu estali beharreko zulotxoak, eta ez badauzkagu egin egiten ditugu. Zeren eta denak ez dira pentsio kaxkar bat konplementatu behar duten herritarrak (horietarik ere bada), asko premiarik gabe gainsoldata bat irabazten ari direnak dira. Batzuk oso ezkertiarrak.
Eta hori, ene uste sermoilarian, lukurreria da. Lapurreta zibila, normalizatua, merkatuak gomendatua eta askatasunak bedeinkatua.
Norbanako batzuek ergelarena egin edo ez, dena den, ez du aparteko eragina horrek, sistema gainetik dago eta bera da gaiztoa. Merkatuak hagintzen du. Eta niri amorragarria zait ezin dela ezer egin horretara errenditu behar izatea (hitzaren zentzurik txarrenean, A handiak esango lukeen bezala). Ezin dela? Alkiler sozialetan prezio tasatuak daude, besteetan zergatik ez? Hartzen diren neurriak errentariaren aldekoak dira (oraintsu aldundiek, kenkariak handituz), eta beraz lehen dirua eramaten dutenek orain gehiago, eta gu gainera poztu behar pentsatuz pisuak errentan egon daitezen beharrezkoa dela haiek intzentibatzea. Errentan jartzen duena saritu beharrean (hilero jasotzen baitu saria), besteak zigortzea da egin behar dena. Eta hasi behingoz etxegabetze politikak, baina ez maizterrak kaleratuz, baizik eta etxejabeak etxegabetuz. Zenbait erosketa debekatu, zuzenean; hirigintza-planak kontrolatu; merkatua bortxatu. Oligarka errusiarrei diruak kentzeko ez dute hainbeste errezelo konstituzional izaten.
Eta logelaka kobratuz ikasle-pisuetan egiten diren alokairuak, 1.300 euro jasoz pisu zahar baten truke, zeina gainera libre utzi behar den udan agentzia baten bitartez turistei alokatu ahal izateko… Hori lapurreta da ankerkeriaz eta maltzurkeriaz egina, egun argiz.
Gure kaleetan zenbait bizilagunek segurtasun eza sentitzea txarra da, noski, eta mobila kentzen badizute kabroikeria galanta egiten dizute. Ados. Baina ez ahaztu etxejabe jator irribarredunak errentan soberan kentzen dizunarekin urtean lau iPhone eros ditzakezula.