mikel elorza

Loreak porlanetan

2025eko apirilaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iraultza boladaz kanpo dago. 

Egin, lehen ere iraultza egitera ez ginen iritsi, ezta hurrik eman ere, baina bazen oso hitz mainstream-a, askoren buru eta bihotzetan zegoena. Horietako askoren ezpainetan batez ere, historiari zintzoa izanda. Ez genuen egin, paraje hauetan bederen, baina zentzu politiko estu batean erreal ikusten zen, sandinismoaren garaiak ziren, mamu hori bazebilen mundua korritzen eta zale asko zituen.

XX. mendeko kontutzat ikusten da orain, eta antzinagokoa, historia-liburuetan gelditu dena; gaur egun oso atsegin gutxi jasoko lituzkeena. Mapa politikoetatik erabat desagertua dago, jendartearen oinarri ideologiko eta sozialei dagokienez, bederen. 

Iraultzaileak kamisetetako marrazkietara lekualdatu genituen aurrena, eta orain aberaskilo modernoenaren logelako posterrean egon litezke —diseinuzko poster cool batean, jakina—. Are gordinago, errelato konkistadoreen aroan, iraultzaile gehienak terroristen zerrendetan erroldatu dituzte memoria-institutu eta fundazio espezializatu eta txit ekidistanteek (behiala iraultzaile zainartenak izandako batzuk daudela institutu eta fundazio horietako aginte-kadiretan).

Teknologikoak dira iraultzak, orain, izatekotan. Edo janzkera alorrekoak, gastronomiakoak, komunikazio mundukoak. Ikeak diseina ditzake iraultzak, norberaren etxea errepublika bilakatzen duen erraztasun berberaz. Pintxo bat izan daiteke iraultzailea, inor sastatzekoa ez den bitartean. Kantu iraultzaileak egitea oso ondo ikusia dago, baina ez iraultza-kantuak, horrek ez du egun ongi ematen (nahiz eta BEC bete).

Iraultzak ahaztu behar ditugu. Trantsizioak egin.

Eta trantsizioa da toki edo egoera batetik beste diferente batera pasatzea. Baina jendarteaz ari garela, toki edo egoera berrian puzkerrak lehengo berberek botako dituzte eta, batez ere, lehengo berberek usaindu. Alegia: toki eta egoera berriak baina hierarkia zaharrak, pribilegio zaharragoak, botere ezin antzinagokoak. Izaten da aldaketa bat edo beste, behiala jopu izandako baten bat ugazaba amnesiko bihurtzen da, baina aldaketaren muina da ordena zaharraren zimenduak ez daitezela mugitu, ez dezatela dardara egin. Trantsizioa beti epidermikoa da.

Egunotako zurrunbiloa oso adierazle ona da: muga-zergak direla-eta nazioartea dena oilartuta dabil, funtsean jauntxoen arteko gatazka baino ez den asunto batean. Nork bere gaztelua defendatzen du, nork bere gortesauak, eta ez haien menpe bizi diren herritarrak (harresiz kanpo, gehienak). Herritarrak badituzte gogoan, bai, baina ez haien egoeraren aldrebesteak kezkatzen dituelako, ezpada hamarrena nork pagatu egotea ziurtatu behar dutelako. XXI. mendearen laurdena egiten ari gara, baina gatazka hau zeharo erdiarotarra da.

Ez diezagutela burua jan, beraz. Utikan trantsizioak, bila ditzagun iraultzak. Erein. Landu. Partekatu. Lortzen badugu, egin. Premia larria da, oso. Letra larrizko politikan bai, baina hori fruiturik aspaldian ematen ez duen lur mortua da, eta zentra gaitezen gu batez ere letra xeheetakoetan: ingurumenaren alorrean, etxebizitza sailean, migrazioaren uretan, lanaren esparruan (zenbat lantegiren izena ari garen ikasten, azken aldi laburrean, itxi egingo dituztelako: Guardian, Sunsundegui, Bridgestone, Balenciaga…), feminismoaren lurrean (horixe da, nik ezagutu dudanari dagokionez, aspaldiko mugimendurik iraultzaileena, bakarra ez bada), kulturgintzan, euskalgintzan…

Ez du zertan Iraultza ala hil eta Cheren irudia izan.

Iraultza eta bizi eta musu baten irudia izan daiteke.

Edo beste zerbait.

Parisko lauzen azpian hondartzak zeuden; bila ditzagun lorategiak hormigoiaren azpietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.