oihana arana

Lore oharrak

2025eko otsailaren 7a
05:00
Entzun

Existitzen omen da loreen lengoaia. Lore bakoitzak zerbait komunikatzeko balio du. Hitzez esateko zailak diren gauzak esateko balio omen dute loreek. Egari zor, ez dakit hainbesterako den, baina oro har esanguratsuak direla iruditzen zait.

Oharra I. Gure etxean loreak falta zirela esan zidan orain dela gutxi kafea hartzera gonbidatu nuen lagun batek. «Oparitu dizute lorerik sekula?» galdetu nion. Maitaleren batek, lagunek, amak, ezezagunek... Tulipa hori elegante bat. Arrosa gorri klasiko bat. Zitoriak edo izena ez dakizun lore arrosen sorta bat. Ur apur bat eta lixiba tanta bat. Luzaroan irauten dute bizirik horrela. Egunkari paperetan bildu eta buruz behera jarrita betiko lehortzen dira. Eder lehortu ere. Opari jasotako lore guztiak lehortu izan bazenitu lekurik izango ote zenuke etxean?

Oharra II. Gure aita hil zenean krabelinak banatu genituen hiletan. Haren argazkiaren ondoan jarri genituen ezin txukunago. Errituala amaitu zenean, lore multzo horren aurrean «eta honekin zer egingo dugu?» bota nuen urduri. «Kontenedore bat dago hor», esan zuen batek. «Ez ditut loreak zaborretara botako», erantzun nion. Ez dakit niri, aitari, loreei... baina burla egitea iruditu zitzaidan. Loreak ezin dira zaborretara bota. Goreegia da ekintza. Edozein poeta erromantikok idatziko lituzke hamar edo ehun poema eszena hori ikustea suertatuko balitzaio. Lore besakada hartu eta banaka-banaka oparitu nituen. «Tori. Ez naiz loreak botatzeko gai». «Tori. Egingo diozue txokotxo bat etxean». «Tori. Lore bati ezin zaio ezetz esan». «Tori. Tori. Tori». Lehortuta daukat egun hartako arrosa sorta eta krabelin bat. Ordutik ez dut lorerik jaso oparitan. Eman bai, behin baino gehiagotan. Landareak oparitu dizkidate, ordea. Jendeak oso modu elegantean egiten dio ihes heriotzari.

Oharra III. Jendea eskutan loreak dituela ikusten dudanean sentitzen dudana zer den ez dakit. Loreak erostera joaten naizenean apur bat lotsatuta egiten dut etxerainoko bidea.

Oharra IV. Umetan Herbehereetan oporretan egon ginenean tulipa haziak ekarri genituen. Landatu genituela uste dut. Baina ez zen ezer sortu. Akordatuko nintzen bestela. Ez dakit zergatik gustatzen zaizkidan hainbeste tulipak. Tulipa horiak. Udaberriko lorea omen da. Udazkenean landatzen da eta udaberrian sortzen. Neguan agertzen dira nik bisitatzen ditudan lore dendetan. Merke saltzen da edertasuna ederregi izatera kondenatu duten hiri honetan.

Oharra V. Tulipak eta mitxoletak oso antzekoak iruditu zaizkit beti. Tuliparen ahizpa salbaia da mitxoleta niretzat. Horregatik ez dut sekula sukaldeko mahai gainean mitxoletarik izan. Ez diet patu hori opa.

Oharra VI. Behin tulipa bat lehortzen saiatu nintzen. Soildu egin zen. Petalo guztiak erori ziren. Lizundu arte loreontzietan uztea baino aukera hobea iruditu zitzaidan. Loreak liburu barruetan lehortzen dituen jendea ere ba omen dago. Abandonatzea edo betikotzea. Ez omen dago beste irtenbiderik. Badirudi ahaztu egin zaigula loreek lore izateko zer behar duten. Lurra eta ur pixka bat.

Epilogoa. Lur zakukadak eros daitezke, hormigoi zakukadak eros daitezkeen bezalaxe. Hormigoi zakukadak lurraren gainean. Hormigoi berria hormigoi zaharraren gainean. Asteburu berean izan dira Aroztegiaren kontrako manifestazioa Iruñean eta Okupazioaren aldekoa Donostian. Jende antzekoaren eskuak dira sekula etxebizitza izango zirela uste ez genituen zelaiak desagerrarazi nahi dituztenak eta urte luzez habitatutako lore ederrez jositako paper-pintatudun paretak dituzten etxeak eraitsi edo saldu nahi dituztenak. Etxeak behar ditugula esaten ari garenean, ez gara etxe berriak eraikitzeaz ari. Denok merezi dugu loreak landatzen saiatzea permitituko digun jardinera bat jartzeko leiho bat, behintzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.