Edengo paradisu biblikoa da agian (ez hain agian) ezagutzen dugun lorategirik mitikoena. Baina historian hainbat lekutatik erabilia izan den figura da: Greziar mitologian Hesperideen lorategia, zeina ninfa batzuek Afrika iparraldeko bazter urrun batean zaintzen zuten, Jeronimo Boschen (El Boscoren) Atseginen Baratzea deritzon triptiko eder ezagun hori, edo Versailles Palazio aurreko lorategi botaniko simetriko zaindua, besteak beste.
Kultura eta zibilizazio bakoitzak bere neurrira sortu ditu lilitegiak: ingelesak daude, Feng Shui estilokoak, frantsesak, arabiarrak, japoniarrak... natura ordenatu eta zaintzeko landa zati hesituak denak. Izan ere, pentsa liteke lorategiaren kontzeptuak sekula ez ligukeela ezer txarrik piztu beharko imajinarioan, plazera eta gozamenerako lore-baratzeak baitira, eta ez genuke sekula-sekula sufrimenduarekin lotuko.
Baina Giacomo Leopardik bai.
«Entrate in un giardino di piante, d’erbe, di fiori. Sia pur quanto volete ridente. Sia nella più mite stagione dell’anno. Voi non potete volger lo sguardo in nessuna parte che voi non vi troviate del patimento [...]. Bologna 19 Aprile 1826».
Hori idatzi zuen Leopardik XIX. mendearen hasieran Zibaldone izeneko liburuan, beste ohar, gogoeta eta aforismoak biltzen dituen eguneroko mardul batean. Eta zera dio: Landare, belar edo lore jardin batean sartzen garenean, begirada edozein lekutan paratuta ere, eta urteko urtarorik leunena izan arren, sufrimendua soilik aurkituko omen dugula lorategi batean.
Il giardino del dolore du izena Leopardiren lur puskak. Oinazez betetakoa da berea, non dena den tristea, zorigaiztokoa, eta denak egiten duen min. Ez gizakia bakarrik; espezieak, generoak, erresumak, globoak, sistemak, eta munduak ere souffrance mingarrian bizi dira. Erleek sarraskiak egiten dituzte loreen kalizetan, arbolen azal irekiak inurriz izurrituta daude, beldarrez, euliz, barraskiloz eta eltxoz. Han, eguzkiak bizia eman zion arrosa erretzen du orain, lorea zimurtu, ilaundu eta zimeltzen ari da. Liliak intsektu ankerrek jaten dituzte atalik delikatuenetatik, eta Zefiro ufada leun batek loreak erauzten eta adaxkak zatikatzen ditu.
Minaren lorategi hori ankerra bezain ederra iruditu zait. Esango nuke batzuetan itsustasun bortitzenak hunkitzen nauela, zerbait mugitu baitit natura-partzela batean basakeria hori guztia imajinatzeak. Zer pentsatua ere eman didate irudi piztia horiek, eta hona ekarri nahi izan ditut. Agian italiarrak sortzen dituen irudietatik apur bat gehiago tiratu, besterik ez.
Neure buruari galdetu diot zer ote den errealitatearekin fidelagoa, Leopardik sortutako natura partzelatu basati hori edo iruditegi kolektiboan dugun jardin idiliko eta kontenplaziorakoa.
Hirian natura zatiak etxekotzen dira, hesitutako belardi zati batek libreago sentiaraz dezake leihotik partzela berde hori ikusteko pribilegioa duena. Ikeako landare domestikoek ere egunen itoaldian barrua apur bat sosegatzen dute. Lanaldi betean koadro bateko nenufarrek (Monetenak, nahi baduzu), edo coworking geletako kaktusek arnasa hartzera gonbidatzen dute bat.
Natura hirira hurbiltzeko saiakerak egiten dira, kaleak berdatzeko urbanismo planak, agian asfalto arteko kaletarrek landa apur bat usain dezaten: horra Gasteizko Biltzar Jauregiko lorategi bertikala, Bilboko Puppy, Iruñeko Yamaguchi Parkea... eta luuuze segi nezake baina.
Horra ifrentzua ere bai: hiriko lauzen artean hazten diren belar-zurtoinak, eta periferia-etxe zaharretako goroldioa, barruko hezetasunak horma bazterretan hazitako onddo eta lizunak, udalak kontratatutako lorezainek kendu beharreko belar txarrak eta inausi beharreko sasi eta zuhaixkak, eta lehorteak, lehorteak, lehorteak.