Irakurri beharreko liburuen hurrenkerarekin normalean oso zorrotza naizen arren, txanda-pasa bat medio zertxobait atzeratuta, baina azkenean iritsi zait Elixabete Garmendia Lasak Carlos Garaikoetxea lehendakariari buruz idatzitako biografia liburua irakurtzeko tenorea. Elkarrizketa bidez egina eta lekukotza interesgarriz osatua, esango nuke izugarri tresna aproposa dela pertsonaia bera eta baita gure historia hurbileko hainbat pasarte garrantzitsu ezagutzeko, edo pasarte horietako ikuspegi jakin bat bederen. Ederki idatzia eta ezin hobeto josia dagoenez, are erakargarriagoa gertatuko zaio irakurleari.
Izenburutik hasita, lidertzat hartzen du idazleak Garaikoetxea, baita liburuan zehar berari buruz hitz egiten duten pertsonek ere; aukeraketa ona, portzierto. Ez dugu uste inork lider izaera hori ukatuko dionik gure historia garaikideko protagonista honi, baina batzuk urrutiago joan izan gara, eta Agirre lehendakariaren ondorengo garrantzitsuenekotzat hartu izan dugu inolako zalantza izpirik gabe.
Liburu osoan zehar utzi ditu iruinxemeak ekarpen, iritzi eta informazio interesgarriak, baina bereziki batzuk egin zaizkigu deigarri. Hasteko, ulertzekoa da bere nahia gauzak behin betirako argitzekoa, baina iruditzen zaigu toki handiegia eskaintzen diola 1981eko otsailaren 23koan berak egin zuena azaltzeari, ez baitugu uste bere kontra maltzurkeria handiz sortutako esamesek inolako arrakastarik izan zutenik. Askoz ere interesgarriagoa iruditzen zaigu bai berak eta bai Koldo Amezketak nobela beltz bateko osagarriekin kontatzen dutena, ustez orduko Erregeak Garaikoetxea trabatik (Ajuriaeneatik) kentzeko egindako eskariaren inguruan. Benetan gai garrantzitsua, norbaitzuk argitu beharko luketena.
Gure historia hurbileko beste hainbat pasarteren inguruan dioena ere zinez da azpimarragarria. Batetik, Xibertakoa neurri batean desmitifikatzeko ahalegina sumatu diogu Elixabete Garmendiak «haustura historiko» hartaz galdetzen dionean. Haustura aurretik zetorrela eta Xibertako «totum revolutum» hura jada planteatuta zegoena eszenifikatzea besterik ez zela izan dio Garaikoetxeak, agian batzuei gustatuko ez zaien irakurketa eginez. Bestetik, sinesgaitzagoa egiten zaigu pentsatzea belauneko ebakuntza bat medio klinika batean egon izan ez balitz 1988ko Ajuriaeneko Ituna EAk ez zukeela sinatuko, erabakia bere oniritzirik gabe hartu zela, hain zuzen ere.
Izugarri gai potoloen alboan, bere bizitzako pasarte interesgarri asko ere badakar liburuak, batzuk oso barnekoak. Ezagutzen ez genuen bitxikeriaren batekin batera (Garaikoetxea eladioekin herriz herri hitzaldiak ematen), gurean nahiko ohikoa den akats bat ere badator bertan (zenbat aldiz ez dira nahastu Idaho eta Ohio izenak?). Duela hamazazpi urte idatzi zuen beste liburu hura ederki osatzen du Berria, Elkar eta Jakin-ek elkarlanean kaleratu duten ale eder honek.
Baina gehiagoren zain geratzen gara. Bere alderdian eta EH Bildu koalizioan ekarpenak egiten ikusi dugu Garaikoetxea, Demokrazia Bai bezalako ekimenetan ere bai, guztiak oraindik aktibo dagoen erakusle. Pilotari on gisa, azken liburu honetan ñaku politak utzi ditu, norbaitek jaso nahi baditu, eta haritik tiraka segi. Bere idazlan eta diskurtsoak ere bildu beharko dira. Eta oraindik erantzun ez dituen hainbat galdera deserosori ere erantzun beharko die noizbait gure protagonistak, historian zehar gertu izan dituen gehienek dagoeneko bere militantzia ez partekatzea ez duelako beti traizioak azaltzen.
Politika eta umorea nahasten dituen liburu baten egitasmoa aitortu dio Elixabete Garmendiari, nahiz eta stand-by-n dagoen. Iristen bada, hori ere gustuz irakurriko dugu, baina gure historia hurbilean izan den lider handienetakoa oraindik beste liburu askoren iturri izango delakoan gaude. Ezberdintasunak ezberdintasun, guztiek onartzen baitiote Carlos Garaikoetxeari lidergo hori eta Euskal Herriari eskaini dion lan nekaezina.
ARKUPEAN
Liderra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu