Iñigo Martinez Peña.
ARKUPEAN

Lidergoa modan eta autoritatea krisian

2023ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Lidergoa modan dago. Edonon saltzen dira liderra izateko ikastaroak. Oro har, hiru hilabetekoak izaten dira, eta 2.000 euro inguruko prezioan. Ordaindu ezazue, eta erakutsiko dizkizuegu liderra izateko teknikak! Enpresan, hezkuntzan, kirol-taldean, txokoan... izan zaitez liderra! Baina nor dira orduan benetako liderrak? Hezitzaileak eurak? Apur bat kontraesankorra ematen du. Coach saltzaile horiek ote dira liderren liderrak? Gurpil zoro horrek zer pentsa ematen dit.

Egia esan, modan jarritako hitz asko bezala, leader hitza Estatu Batuetako manager ekonomikoek bultzatu dute (eta guk erosi). Horra hor enpresa-hiztegia bizitzaren esparru orotara hedatuta. Hitzak gidari esan nahi du, eta bat egiten du norbere burua gainditzeko erretolika indibidualista eta nekagarriarekin. Lan-taldeari etekin gehien ateratzen dakiten liderrak sortzea omen da kontua. Merkatua al da aurpegirik gabeko lider ezkutu bakarra?

Arreta berezia pizten dit, gainera, lidergoaren inguruko formakuntza horiek, egun, sarritan entzundako autoritatearen krisiarekin bat egiteak. Zein da bi fenomeno horien arteko lotura? Aspaldi aztertu dute Richard Sennett-en moduko soziologoek, besteak beste, guraso, mediku, irakasle zein agintarien funtzioek galdutako prestigioa. Lehengo autoritatearen figurak krisian daude, ez daukate ez errekonozimendu, ez prestigio bera. Kontua ez da, noski, figura horiek lehengo modura berpiztea... Baina, agian, haien gainbeherak eta lider kontzeptuaren moda berriak badute lotura.

Nik, dena den, lider hitza baztertuko nuke, zakarrontzira bota. Interesgarriagoa iruditzen zait, prentsa txarra badu ere, latinetik datorren autoritate hitza. Zer dela eta? Hitz horrek auzi konplexuago bat hobeto erakusten duelako: auctoritas eta potestas-en arteko bereizketa; autoritatearen eta boterearen artekoa, alegia. Ez dira gauza bera! Jatorri etimologikoan, autoritatea kontzeptu etikoa da; boterea, berriz, politikoa. Ez dira zertan nahastu. Badira autoritaterik edo errekonozimendurik gabeko botereak, errepresioaren gainean soilik eraikiak. Eta, modu berean, badira autoritate etikoak, pertsona eredugarriak, besteoi hazten laguntzen digutenak. Sinesten diegu, eta sinesgarritasun horretan datza haien autoritatearen printzipioa (beraiek bilatzen ez badute ere). Baina, egun, ez dakit inork inorengan sinesten duen. Zein da konfiantza faltaren eta autoritate etikoa gain behera izatearen arteko lotura?

Alexandre Kojévek gaiari buruz egindako azterketan, lau autoritate mota bereizi zituen: teologikoak (tradizioan oinarritutakoak), buruzagienak (esklabo eta jabearen logikan oinarrituak), justiziaren gaineko autoritatea (Simone Weillek goraipatutakoa) eta autoritate epistemikoak (gai baten inguruan dakien pertsona bati onartzen dioguna). Bereizketa inportanteak dira, autoritate guztiak ez baitira berdinak. Aurreko kafe filosofiko batean, Bilboko Bira espazioan, Maitane Nerekanek ere feminismotik autoritate berriak pentsatzeko beharraz hitz egin zigun, besteak beste, Marcela Legarderen ekarpenak gogora ekarriz.

Kontuak kontu, egungo autoritatearen krisiaren aurrean, bi joera orokor daudela esango nuke: edo norbanakoa lider gisa puztu formakuntzaren merkatuaren bidez, edo autoritarismoaren itzulera eskatu. Zer dira bestela, ustez galdutako ordena berriro ezar dezaten, buruzagi faszistoideak berpizteko aldarriak? Erabateko sumisioaren alde egiten duten ahotsak, La Boetiék aipatutako borondatezko morrontzarekin bat eginez... Boterea jarri nahi dute autoritatearen gainetik.

Finean, autoritatea birpentsatu beharrean gaude. Bestela, merkatuak saldutako autoritarismo nartzisista edo masa-autoritarismoaren aldarrien arteko muturretan jausiko gara. Hau da: edo ez dut onartzen ni beste autoritaterik, edo etor dadila autoritate gogor bat den-dena zuzentzeko! Agian, bere burua zalantzan jartzen duen autoritate ereduak sakondu behar ditugu, pertsona eta bere funtzioa nahasten ez dituztenak. Agian gure kanpo zein barne autoritarismorako gose ezkutua aztertzea eta baretzea da kontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.