Liburu bat artefaktu bat da. Artefaktu bat, azal, hezur eta mamiz osatua; azal, hezur eta mamiak ontzeko behar izan diren pertsonek egindakoa. Azala edertzeko lan egin du ilustratzaileak; hezurrak fintzeko, editoreak; mamia saltzeko, liburu-saltzaileak. Mendeetan zehar material desberdinez eraikitzen joan den artefaktua, gurea baino zaharragoak diren zibilizazioek perfekzionatu dutena. Izan da papiro, paper eta inprenta; sortu da banan-banan eta eskuz, eta sortzen da seriean eta makinaz.
Liburu bat festa bat da. Festa bat, non orrien eta letren artean ezkutatzen diren pertsonaia nagusiez harago, irakurlea den protagonistarik eta behinena. Festa bat da, bizitza zelebratu egiten delako liburu batean: bizirik gaude, irakur dezakegu, irakur dezagun. Festa batera joaten gareneko zirrara berberarekin sartzen gara liburu batek oparitzen dizkigun istorioen barnera; jende berria ezagutzera goaz, abentura berriak bizitzera, besteekin topatzera. Eta besteekin topatu ahala, geure burua eta geure bakardadea ospatzeko festarik behinena da liburua.
Liburu bat galdera bat da. Galdera bat, kasu batzuetan erantzuna berarekin dakarrena, baina kasurik eta onenetan erantzun gabe gelditzen dena. Ondo irakurri badugu, buruan bueltaka geldituko zaigu itauna, eta ibiliko gatzaizkio hari tiraka, harik eta geuk behar genuen arrapostua aurkituko dugun arte. Eta galdera horiek besteekin partekatzen baditugu, beste erantzun batzuk jasoko ditugu, eta galdera berriak sortu, eta hasiera batean ezer gutxi esaten ziguten lerroak esanahiz eta interpretazioz eta adieraz beteko dira, eta lore batek bere petaloak irekitzen dituen bezala irekiko zaigu liburua begien aurrean.
Liburu bat opari bat da. Opari bat, besteei egin eta besteak konkistatzekoa; bestearengan pentsatzea eta bestea aintzat hartzea. Pentsatu behar da maite dugun horri —zeren eta liburuak maite den jendeari oparitzen zaizkio— zein mundu gustatzen zaizkion; nora joan nahi duen bere adimenarekin; norekin hitz egin nahi duen literaturan. Opari bat, baina, norberari egin eta norbere burua konkistatzekoa; norbere burua mimoz tratatzea eta errespetua eta balioa erakustea; norbere burua zaintzea da liburua.
Liburu bat mirari bat da. Mirari bat, izan zitezkeen eta izan ez zitezkeen milaka barianteen artean liburu izatera ailegatu dena; idazlearen gogamenaren, memoriaren eta bizitzaren konbinaziotik jaiotzen dena, geure eskuetara ailega dadin.
Eta liburu bat artefaktu, festa, galdera, opari eta mirari izatera irits dadin, liburu bat lana da. Lana, idazleak hartu duena bere gogoan dagoen zerbaiti forma eman eta hizkuntzaren bitartez testu bihurtzekoa. Behin eta berriz eseri da idazlea bere aulkian eta behin eta berriz idatzi eta berridatzi du —egunetan zehar, asteetan zehar, hilabeteetan zehar eta urteetan zehar ere bai sarritan— harik eta idaztera iritsi nahi zuen hori izkribatzea lortu duen arte. Sufritu du bidean galdu denean; sufritu, irtenbiderik ikusi ez duenean; sufritu, idatzitakoa ezabatu eta beste bide bati ekin behar izan dionean. Eta poztu da eta disfrutatu du bidea aurkitu duenean; disfrutatu, esan nahi zituenak esan nahi zituen eran esatea lortu duenean; poztu, besteengana iritsiko delako sentsazio gozoarekin.
Beraz, irakur dezagun. Eta har dezagun aintzat sortzaileek sortzeko egiten duten apustua, oztopo askoren gainetik gehienetan; har dezagun aintzat eta eska ditzagun sorkuntza-lanetarako baldintza duinak. Erreklama dezagun literaturak sortua izateko behar duen denbora; erreklama dezagun idazleak bere bizitza taxuz bizi ahal izateko behar duen baldintza material oro. Izan dadila Liburuaren Eguna artefaktuak, festak, galderak, opariak, mirariak eta lanak idazlearen duintasunarekin bat egiten duten eguna.