Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Libertitzearen konexioa

2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Hemezortzi urte Libertimenduen ohitura berrasmatu eta berreskuratu zela Nafarroa Beherean. Euskaratik eta euskaraz. Antton Lukuren eskutik, antzerki formari, bertsolarien rolari eta dantzarien ordenari toki berria eginez. Zuriari beltza eta beltzari zuria nahasiz, ihauteriak molde kodifikatu horretan ospatu dira orduz geroztik. Bi gerlen artekoak eten egin zuen tradizioa, nahiz eta forman ez zitekeen arras orain ezagutzen dugun Libertimendua.

Donibane Garazitik haratago hedatu da laster. Amikuze aldean, Donapaleun lehenbizi edan zen Lukuren uretik. Garaian berria zena, 18 urteko gazteentzat erritu bilakatu da. Aurten, Donibane Garazin aritu ziren zirtzil gehienek ez zuten ezagutu Libertimendurik gabeko ihauteririk. Oztibartarrek eta Iruñekoek, aldiz, hain zaharra ez dute ohitura. Alde batetik mantentzearen grina eta bestalde sorkuntzarako gune hauskorraren harian ibilki dira denak. Artedramak berriz hartu du funtzio politiko-sozial bat libertimendu horien baitan.

Funtzio horri esker galdera franko sortzen dizkie zirtzilei, konparazione, nola eta nondik aipatuko dituzten inguruko gaiak. Hau izaten da buruhaustea. Inprobisazioari lekua emanez gero, testua idatzira pasatzen da. Lehenik, errepikek ematen diete tokiko gazteei lekua haiena plazaratzeko, eta antzezten saiatzeko. Zirtzilen (edo kokobeltzen) kolektiboa hor sortzen da. Pixkanaka-pixkanaka ihauteriko ateratzen prestatzen dira. Gorpuzkera marmutxen antzera landuz. Entzunak eta erranak partekatuz. Inprobisazioetatik sortuz. Taldeen dinamiken arabera, gaiak aldakorrak izanen dira: politikotik politikara. Beti publikoaren kontzientziak hitzaren murrizteko muga ezarriz. Auskalo, aurten ausartuko dira? Nor ari da jadanik? Ze gai jorratuko dituzte? Tokian tokikoak edo herritik haratagokoak? Horren jakin-minez jendea hurbiltzen zaie.

Plaza anitzetan antzerkiari zentralitatea eskainia izan da. Taula zuzendaritzaren garrantziak ekarri duen forma berri horrek irauli baitu karrikako ihauteria. Pertsonaiak sortuz, toberari espazioa eta sakontasuna emanez. Iruinkokoak dantzari eta musikari toki berbera eman die, dantzari eta musikariena asmatuz. Alde batetik gorriz eta maskatuak diren kokoxuriek Baxenabarreko bolanten espazioa hartu zuten. Bestalde, Brass bandak musika bereganatu zuen Iruñeko karrikak goizean astinduz eta plazan dantzariei soinua emanez. Etengabeko sorkuntza eskaintzen duen Libertimenduaren formak dantzariei, bertsolariei eta musikariei haien rolak sakontzeko aukerak ematen dizkie. Libertimenduen biderkatzeak eta haien iraupenak ekartzen duen ondorio bat izan daiteke. Gaztez osatutako kolektibo aldakorrek elikatzen duten forma horren ondorio zehatz bat.

Hala ere, etengabeko sorkuntza prozesu hau ez da bakarrik iraupenari eta biderkatzeei lotua. Elkar begiratzeari eta elikatzeari lot geniezaioke. Iruñekoek, Baionakoaren lekukotza jaso eta Antton Lukuren Libertitzeaz (2014) liburutik sortu zuten berena. Gero, Baigurako herrien libertimenduek fusionatu zutelarik Iruñera joan ziren hango dantza taldeko (Duguna) jantziez inspiratzeko, haiena berriz asmatzeko. Agian Donibane Garaziko musikariei Iruñeko Brass Band horrek inspirazioa eman zien osatu musika talde berritua plantan jartzeko. Modaren efektua gaindituz hau dugu jadanik erritu (zahar)berritua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.