Irati Zubia Landa.
ARKUPEAN

'Leviathan' eta 'Bibby Stockholm'

2023ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Leviathan. Itsas munstro baten irudia du Thomas Hobbesen lan ezagunak (1651). Estatuaren sinbolo da munstroa: «denon» mesedetan, giza pultsio eta joera basatiak arrastoan sartuta izateko kontratuz eratzen den tramankulua. Gizakia gizakiarentzat otso denez, denen aurkako gerra ekiditeko, eskumen eta borondateak estatuarengan uztea, omen, soluzio. Metafora egoki hautatu zuen. Itsasoa ongi doakio beldurraren iruditegiari, ikara ematen du lurrean oinak pausatu ezinak. Uda honetan ere izan gara itsas-munstroen testigu. Gaur gogora ekarri nahi dudana Mantxako kanaletik ibili, eta Erresuma Batuaren hegoaldean amarratu da.

Martxoan iragarri zuen Rishi Sunak lehen ministroak Erresuma Batuan legedia aldatuko zutela, itsaso bidezko migrazioa oztopatu, eta «paterak behin betiko gelditzeko»: «Ez nahastu, legez kanpo etortzen badira, ezingo dira geratu». Efikazia areagotzeko premiaz justifikatu zuen neurriak gogortzea. Besteak beste, migratzaile ilegalei asiloa eskatzeko aukera ukatu, zuzeneko deportazioak ahalbidetu, edota GPS gailuak jartzea. Jarraipena eta jazarpena, izan dadila azkarra eta ahalik eta merkeena. Horrela, uztailean iritsi zen Bibby Stockholm kartzela-ontzia Portlandirlara, asiloaren zain dauden500 lagun biltzeko. «Gastuak murrizteko» neurri gisa saldu zuen Sunakek.

Hegelek historiako gertaera eta pertsonaia handiak bi aldiz gertatzen direla esan zuen, eta Marxek zuzendu: lehenik tragedia bezala datozela, ondoren fartsa gisa. Toki anitzetan iltzatzeko aproposa den dardoa utzi zuen idatzita. Ez dakit hemen ongi ekarria dagoen ala ez, baina hau ez da Bibby Stockholm ontzia Erresuma Batuan barrena dabilen lehen aldia. Efemeridea anekdota soila baino gehiago da.

Ontzia Liverpoolen dago erregistratuta, John Bibby handikiaren izenean. Bibbyk XIX. mende hasieran erein zituen negozioaren haziak. Haren ondorengoek segitzen dute enpresa familiarrarekin. Webgunean diotenez, 200 urteko eskarmentuak «beti aurrera begira pentsatzeko» balio die. Atzera begiratuz gero, esklabo salerosketan egin zuen negozioa Bibbyk. Besteak beste, Harmonie eta Eagle ontzien jabeetako bat zen. Lehena, ia gaurko egunez abiatu zen Liverpooletik, 1805eko irailean, eta 250 esklabo hartu zituen Mendebaldeko Afrikan. Bigarrena, Parlamentuak esklaboen salerosketa debekatu zuen hilabete berean, 1807an. Kasu bietan, ez ziren ontziraturiko denak heldu lurrera.

Harmonie eta Eagele-tik pasa zirenen testigantzarik balego, ahanzturaren zirimolaren batek irentsiko zituen. Bibby Stockholm-en kasuan, ordea, bada ahotsik. Lehen 39 pertsonak ontziratu, eta legionella bakterioaren agerraldi bat dela-eta desalojatu behar izan zuten barkua. Horiexek sinatu duten gutuna zabaldu da nazioartean. Egoeraren jasanezintasuna eta ankerkeria salatu dute, baita euretako baten suizidio saiakeraren berri eman ere.

Leviathan, itsas-munstroak, legala den bortizkeria, kontratuz zein burdinaz egindako tramankuluak... Hobbessek segurtasuna zuen justifikaziotzat. Sunakek efikazia eta gastua aurreztearen karta batu dio. Ordenak sistema kapitalistaren ordena esan nahi ohi du sarri. Nik ez dakit zenbateko maiztasunez errepikatzen diren tragediak, ezta zein den ere tragediaren eta fartsaren arteko muga. Bibby Stockholm, 10.659 tona eta 91 metro luze izanagatik ere, ez da kasu bat baino askoz gehiago ozeano erraldoi batean. Grezia, Tunisia, Kanaria uharteak. Eta abar luze bat. Azken hamahiru urteetan, 28.000 pertsonatik gora hil dira Mediterraneoan. Tatxersek eder kantatu bezala, mundu honek dirudi itsasoa. Zerua baino zikinagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.