lizar begona

Letargia vs alkohola

2024ko urriaren 15a
05:00
Entzun

Finn Skårderud psikologo eta psikiatra ohiak (Norvegiako Osasun Ikuskaritzako Batzordeak mediku erregistrotik kendu baitzuen) esaten omen zuen %0,05eko alkohol defizita dugula odolean, eta ausentzia hori egunero kopa pare batekin beteko bagenu bizitzak beste tankera bat izango lukeela. Sormena estimulatuko litzatekeela, muga sozialak askatuko liratekeela, asperdura arinduko. 

Skårderuden teoriarekin obsesionatu samar, imajinatu Bigarren Hezkuntzako irakasle talde batek esperimentu soziologiko bat egin nahi izatea psikologo daniarraren hipotesia probatzeko. Alegia, %0,05eko falta etiliko hori modu konstantean eta erregulatuan kontsumitzen hasi, irakaskuntzan eta bizitzan dituen efektu-ondorioak jaso eta ikerketaren emaitzak saiakera akademiko batean biltzeko. Irudikatu, adibidez, zure Matematikako irakasle hura formulak arbelean hala moduz idazten, edo geografoa zena mozkorraldiaren atarian territorioez hau eta beste esplikatzen. 

Bada, fikzioa da, zorionez.

Tomas Vinterbergi ikusi diodan lehenengo filma da Druk (Beste erronda bat). Eta berandu nator, akaso, baina susto atsegina hartu dut Dogma 95 mugimendu zinematografiko erradikal haren sortzaileetako bat izan zela deskubritzean. Lars Von Trier zuzendariarekin batera idatzi baitzuen Dogme’95 manifestua; ekoizpen balore sinple eta analogikoen alde egiten zuen aldarri ezagun hura. Vinterbergena da, izan ere, baldintza horietan filmatu zen lehenengo lana: 1998an atera zuen Festen (Ospakizuna), eta urte berean argitaratu zuen Von Trierrek ileak puntan jartzen dizkidan Idioterne filma. Druk (2020) da Vinterbergen azken lana, eta esango nuke bere ibilbideari erreparatuz nahiko bestelakoxea dela. 

Hogei bat urte nerabeei Historia klaseak ematen pasatu duen irakaslea da Martin. Hasiberrien bokazioz, eta freskuraz egin zituen hastapenak, parean esertzen zitzaion talde adoleszentearekin konektatzeko aldartez. Baina adinak, denborak eta esperientziak eragindako estimulu faltak, astiro-astiro apaldutako monotonian sartuko du gero. Industria Iraultza hitzez hitz ilerik mugitu gabe irakurtzen duen irakasle hori bilakatuko da Martin. 

Asperdura existentziala basamortu bat lez hedatu den ikasgela batean, ikasleengandik are urrunago eta urrunago kokatuz, batek daki zein unitate letargikotan galdutako bi belaunaldi ikusiko ditugu parez pare.

Interesgarria bezain deserosoa eta immorala gerta daiteke lau irakasleen aldarte etilikoa pantailan ikustea, ezen mozkorraldi baten faseak bezala egituratuta dago pelikula:

I. fasean lehen trago txinpartatsuak. Martin enrollatu bat ikus dezakegu ikasgelan, ikasleen arreta osoa azalpenek zurrupatuta daukatelarik. 

II. fasean desinhibizioa eta katarsi euforikoa. Filtrorik gabeko dialektika, ikasleekiko hurbiltasuna eta neutraltasuna ezin erregulatzea. 

III. fasean trakestasun psikomotorra. Martinen ahoskera baldarra, irakasle gelan istripu fisikoak. 

IV. fasean errusiar mendiaren osteko gainbehera. Lehenengo faseko errealitate gordin bera, ikasgela monotono bera, irakasle apatiko bera. Alkoholismoan erortzeko arriskua. 

Vinterbergek egungo hezkuntza-sistema analizatzeko hainbat amu kritiko botatzen dizkigu, eta gure kulturan ezin presenteago dugun alkohola testuinguru hain delikatuan ikusteak barru etikoak mugitu diezazkiguke. Baina fikzioa da, zorionez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.