Irailetik hona iritzi artikulu bat idatzi dut hamabostean behin, 3.500 karaktere inguru, egutegiaren kadentziari fidel: urtarrilak 25, otsailak 8, otsailak 22... Asteazken batean bai eta bestean ez, jarraikitasun horri helduz. Horrela joan dira, egutegi programatuan, argudioak eta ideiak pilatzen, pentsamenduak lotzen.
Egun, bereziki, den-dena programatzeko joera daukagula esango nuke. Gure egutegiak ekintzaz eta betebeharrez beterik daude. Modan daude ekintzailetza eta programazioa, bizitzaren esparru guztietan. Baina bizitzak, egia esan, ez dio beti erritmo horri jarraitzen. Bestelakoak dira gertakizunen joan-etorriak. Bihurria da bizitza, ezustekoz beterik dago. Horregatik, badira pentsamendu argirik gabeko egunak, asteak, hamabostaldiak... Hala da: bizitzaren bihurrikeriak programatik kanpo gertatzen dira: gaixotasun bat dela, istripu bat dela, jasotako albiste bat dela, beldur edo ardura batek harrapatzen gaituela... Gorputza dardarka hasten da, eta ez dago hitzak modu argi batean lotzeko modurik.
Azken finean, izan ere, gorputzari lotuta gaude. Ahaztuta ote geneukan? Marina Garcés pentsalariaren arabera, XX. mendea hizkuntzaren mendea izan zen, eta XXI. mendea, berriz, gorputzarena izango da: horra hor elkarrekin pentsatzeko gai potoloak. Jacques Lacan psikoanalistak biak lotu zituen bere parletre kontzeptuaren bidez: gorputz hiztunak gara.
Kontua da gorputz hiztun hori errebelatu egiten dela, ezin dugula erraz gobernatu eta sarritan ez duela kasurik egiten. Ezin du loak hartu, ezin da geldirik egon, ezin du arreta mantendu, behar baino nekatuago dago, ezin du irakurri, ezin du ia idatzi... Pentsatzeko ere gorputza dugu euskarri, pentsamenduak ez direlako ezer gorputzetik kanpo. Platonen kontra, esango nuke ideiak ez direla entitate ez-materialak. Zerk mugitzen du, adibidez, nire eskua ideiak idazterakoan? Gogoak, asperdurak, ardurak, maitasunak... Zerk gidatzen ditu zure begiak testu honen aurrean? Nola irakurtzen du, era berean, irakurle bakoitzak? Zein da bere arreta, bere motibazioa, bere egun horretako martxa? Horra hor gorputzetan txertatutako leitmotiva, edo idazle- zein irakurlemotiva.
Nik bereziki gustuko dut gorputza maitasunak gidatzen duenean; bertatik jaiotako ideiak.Filosofia, Emmanuel Levinasen arabera, ez baita jakituriarekiko maitasuna, askotan (etimologiari kasu eginez) horrela azaltzen bada ere. Pentsalariaren ustez,alderantziz jarri behar dira terminoak: filosofia maitasunaren jakituria da. Pentsamendu filosofikoa, zentzu horretan, maitatzeak emandako argitasunarekin edo distira bereziarekin lotzen du berak, modu poetiko ederrean.
Kontua da, gertakizunen argi-ilunen arabera, idazten duen pertsona aldatu egiten dela, irakurtzen duena bezala. Homogeneizazioaren gizartean bizi gara: dena zenbaki, dena datu, dena merkantzia, dena ebaluazio, dena informazio. Datismoaren garaipenak dena berdintzeko pretentsioa du. Baina gezurra da. Egun guztiak ez dira berdinak.
Hauxe irakurri nion behinSanchez Ferlosio idazleari: nola da posible egunkariek beti orri kopuru bera izatea? Albistegiak beti iraupen berekoak izatea? Beti gertatzen ote dira 48 orri edo ordu erdiko albisteak munduan? Posible litzateke egun batean albistegia bost minutukoa baino ez izatea, eta ordu bikoa beste egunen batean? Posible ote orri bakarreko edo 96 orrialdeko egunkaria argitaratzea, egunaren arabera? Aspaldi egin zituen horrelako galderak Erroman jaiotako pentsalariak, ironiaz beterik. Baina bere hitzak, oraindik ere, noizbehinka, burura etortzen zaizkit eta zer pentsa ematen didate.
Marco Focchi psikoanalistak bizitza espektakulutik kanpo gertatzen den hori dela esaten du. Nik ere askotan sentitzen dut, irakurle, idatzitako lerroen artean dagoen espazio txuri horretan gertatzen dela bizitza, ihes egiten digun presentzia berezi eta programaezin horretan.
ARKUPEAN
Lerroen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu