mikel elorza

Lerdokeria naturala

2025eko otsailaren 12a
05:00
Entzun

Emakume eta Neska Zientzialariaren Eguna zen atzokoa, eta halakoetan egin ohi diren aldarrikapen eta ematen diren datuen artean —emakume zientzialarien prekaritatea, ikusgaitasun eza, orotariko diskriminazioa—, akordatu nintzen hiruzpalau egun lehenago birologian aditu bati egindako elkarrizketa batek eragindako zimikoaz. Zika, Niloko sukarra, dengea eta halako gaitzez ziharduen, globalizazio aroan eta klima aldaketak tarteko, tropikoak utzitako hauen hedatzeaz eta gure munduetan bertako bihurtzeaz, prebentzioaz…  Interesantea, amaiera aldera Brasilen haurdun zeuden emakume zenbaiten artean zikak izandako agerraldi batez mintzatu zen, eta azalpen zientifikoak emateaz gain (ondorioak umekietan…), beste azalpen batean jarri zuen fokua, azpimarratuz emakume hauek prebentzio eta sendatze neurrietara iristeko ez zeukaten aukera, inguru txirokoak zirelako, eta zehaztuz horri erantsi behar zitzaiola zenbait poblaziotan lege direla haurdunaldi ez-desiratuak, ezkontza kontzertatuak, harreman bortxatuak. Zika agerraldi baten eta bere ondorioen inguruko gizon zientzialari askoren azalpenean faktore hauek nekez ikusiko genituela otu zitzaidan.

Ikusgaitasuna eta gehiago eman behar zaie emakume zientzialariei, haien ekarpen eta ikuspegiak zientziari eta jendarteari begiratzeko modu aberatsago bat ere ekarriko baitiete.

Elkarrizketan adimen artifizialaz ere mintzo zen Nerea Irigoyen, baliagarria izan daitekeelakoan haien ikerketetan. Seguru. Baina beldur pixka bat ematen du zabaltzen duen leihoak, kontuak daraman abiadurak bertigoa. Dena den, beldurrik handiena eragiten duena da noren eskuetan egongo den. Parisen goi-bilera handi eta entzutetsu horietarik bat egiten dihardute egunotan adimen artifizialaz, munduko xefak bildu dira —zientzialariak ez dakit—, milaka milioiez mintzo dira —Brasilgo emakume haurdun zikadunei ez zaie iritsiko—, eta hasmentatik entzun dugu jorratuko den lerro bat industria militarrean izango duen aplikazioarena dela —sakonen jorratuko dena, dudarik ez dut, inbertsioei dagokienez—. Alor honetan, militarrean, arrak gabiltza kirtenari helduta —tximuak lez—, eta gure ikuspegia askoz estuagoa da, misilagoa, baten batzuk gizon zientzialari handiak izanagatik ere.

Eta halaxe dabil mundua, desastre bat eginda. Hor zeharreko mundua, esan nahi dut.

Gu gure epelean, hainbestean. Jainkoa eta Lege zaharra zen lehengo euskaldun ganorazkoen leloa, JEL, baina garai likido eta eszeptiko hauetan, jainkoa itzalean boteretsu baina mainstream ez denean eta lege zaharrak sitsak jota daudenean, egokitu egin behar dugu. GEL dukegu goiburu hashtaga: Gu eta Lerdokeria berriak. Izan ere, halaxe bizi gara, gure putzuetan goxo. Putzu epelak gure ustez zibilizazioaren eguteran daudelako, baina berez beroa kadmio eta kromo polibalente edo auskalo zeren isuriek eragindakoa da, gero eta pozoituago putzua baina gu pozik lore usaina dariolako. Gure putzuan samur, aldameneko putzuekin harremana gero eta telematikoagoa, eta putzu urrunetatik etor daitekeen edozeri muga-sariak jartzeko pronto. Eta muga sarriak etor daitekeen edonori —batez ere apo iluna bada, eta ez igel berde—. Gure putzuek gotorlekututa diraute, zutik, baina gu oso putzupolitak gara, bai noski, eta odola nahasteko ez baina ideiak borrasteko ez daukagu arazorik. Eta Hollywoodeko errelatoei, TikToken influentziei, Instako asmakeriei eta mundu osoko award, prize, festival eta abarrei ez diegu muga-saririk jartzen; aitzitik, sarrera free. Egosten ari zaizkigu baina putzutik jauzi egiteko ez gara gauza, igelduta gaude erabat. Eta adimen gero eta artifizialagoz eta lerdokeria gero eta naturalagoz jarraitzen dugu geldotzen, mengeltzen, ergeltzen. Kaikukeriaren geltzale mundialak gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.