Ana Malagon.

Leiho hautsien teoria

2024ko martxoaren 7a
05:00
Entzun

Hautsitako kristalak, grafitiak eta kale zikinak. Soilguneak dituzten belar zatiak, hondatutako zabuak, itxitako lokalak. Erabateko abandonuaren mugan dauden paisaiak. Horrela marraztu dizkigute leku arriskutsuak eta zaila da aurreiritziak gainetik kentzea. Iruditerian errotuta daude. Aurreiritziak albo batera utzi nahi genituzke baina hainbeste aldiz esan eta erakutsi digute horrelakoetan beldurra izan behar dugula, nola egin aurre horri. Beldur horren gainean inperioak eraiki dira eta inperioak bermatu. Azken finean, hondamendia besterik ez dagoela dirudien leku hori da hiriaren beste muturreko luxua posible egiten duena. Batzuen ustez, kristalak konpondu, kaleak garbitu eta dena txukuntzearekin nahikoa litzateke. Pobreak kaletik kentzearekin pobrezia desagertzen dela diote, ikusten ez duguna, izenik ez duena bezala, ez baita existitzen.

Gutxi gorabehera horrelako zerbait da kriminologian erabiltzen den leiho hautsien teoriaren atzean dagoen ideia: leiho hautsiek eta kale zikinek krimena erakartzen dute. Beraz, kendu dezagun gizarte honetan hautsia edo zikina iruditzen zaigun guztia gure begi-bistatik eta akabo arazoa. Rudy Giuliani New Yorkeko alkate ohi eta Trumpen lagun defenestratuaren garaian «tolerantzia zero» deituriko doktrinaren baitan erabili zuten ideia hau, eremu publiko batean zerbait itsusia egiten zuena modu nahiko arbitrarioan atxilotuz. Zer zen itsusia? Alkohola edatea, pixa egitea eta afro-amerikarren edo latinoen kasuan, existitzea.

Egia omen da delinkuentzia asko murriztu zela New Yorken baina baita halako doktrina zorrotza izan ez zuten beste hiri batzuetan ere. Korrelazioa eta kausalitatea, edo behintzat kausalitate zuzena, ez nahastea garrantzitsua da bizitzan. Dominoak egon litezke, ez dut esango ezetz, baina iruditzen zait gehiago dela zeharka harremandutako faktore anitzen kontua. Eta batzuetan, ezin dugu ukatu, kasualitatea.

Azalekoari partxeak jartzen zaizkio gizartean errotuta dauden desorekei ez heltzearren. Kristal hautsi bat konpondu eta ezer gehiago egin ezean, handik gutxira berriro hautsiko du zerbaitek. Erakusleihoa konpontzearekin nahikoa den ustea nahiko zabalduta dago, txukundu beharrekoak gizartearen dendaostekoak direla onartzeak botere harremanen aldaketak eragiten dituelako. Sototik igotzeko eskailera eta argiak jarri behar dira eta orokorrean, hiriak bizitzeko leku egokiagoak bilakatu. Ez gentrifikaziotik, horretaz soberan izan baitugu azken hamarkadetan, bizikidetzatik eta berdintasunetik baizik.

Espainian, etxegabe, nomada, proxeneta, mozkor, pobre eta bestelako jarrera antisozialak zituztenen (antisoziala denaren ikuspegi jakin batetik, noski) aurkako «Alfer eta Gaizkileen» legea Errepublika garaian onartu zen. 1954an Francok homosexualak sartu zituen zaku horretan. 1995ean desagertu zen guztiz kode penaletik. Teorian. Praktikan, hori beste gauza bat da. Krimenaren aurretiko krimen asko dago oraindik. Itsusia den asko garbitzeko.

Leiho hautsien teoria praktikan ikusiko zenuen behin baino gehiagotan. Udaltzaingoa topatuko zenuen zutik egon ezin daitekeen mozkorrari egoera horretan aurkituko ez duen dokumentazioa eskatzen. Ez zenituen «kristal hautsiak» konpondu nahi izate horiek bakarrik kalean ikusiko, beste esparru batzuetan ere atzemango zenituen. Beharbada zure seme-alaben ikastolan. Ez dagoela ezer zikinik. Dena bere tokian dagoela. Denak toki berekoak direla. Ikusiko zenuen ere zure lantokian, ez dagoela altuago hitz egiten duen inor. Kontrolpeko eta ageriko dibertsitate bat. «Ez dago inor soberan» entzungo zenuen baina benetan esan nahi zutena justukoak onartuko zirela zen. Gure etxean sartzean zapatak kenduko dituztenak barrura eroritako kristalen gainean ibiltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.