lizar begona

Lastoz betetako zerebroak

2024ko urriaren 1a
05:00
Entzun

1909ko otsailaren 20an kafe huts bat Parisen: hutsa + egunkaria. Trago bat emango zenioke kafeari eta Le Figaro ireki, Filippo Tommaso Marinetti poetak konbikzioz eta atzaparrez idatzitako Manifesto Futurista da topatuko zenukeena orri oso-oso bat okupatzen.

Tradizioarekin apurtu nahi zuen manifestu bat, mugimenduaren bertigoa errepresentatzen zuten formen aldeko probokazioa. Mundua higieniko izan zedin gerra, militarismoa eta abertzaletasuna loriatzen zituena. Insomnio latza, karrera, salto mortala, zaplaztekoa eta ukabilkada. Poema onomatopeiko desinhibituen laudorio bat, sintaxi-puntuaziotik askatuak, konposizio-ordena klasikoarekin hausten zuen tipografia, abiaduraren ederra. Biolentziaren gorazarre zerrendatu bat, kasik. Edo kendu «kasik».

Besteak beste, zera predikatzen zuen Marinettik: «Guk arriskuarekiko maitasuna kantatu nahi dugu, energia eta ausardiaren haustura» [...] «Bortizkeria heroikoaren eta su-pizgarrien manifestu hau kaleratu genuen Italian, irakasle eta arkeologoen gangrenatik libratu nahi dugulako» [...] «Museoak, liburutegiak eta askotariko akademiak suntsitu eta erre nahi ditugu, eta moralismoari, feminismoari eta gainerako koldarkeria oportunista eta utilitario guztiei aurre egin».

Modernitatearen sinboloak konplexurik gabe erabiltzen zituen arte molde sortuberriak. Makinek, automobilek, hiriek eta dinamismoak garaiko panoraman iruditegi berritzailea eta freskoa osatzen zuten. Ziur nago cool-cool izango zela kolektibo iraultzaile horren parte sentitzea. Umberto Boccioniren brontzezko eskultura biziak edo Giacomo Ballaren tenperazko forma zatikatuak mende hasierako iraultza estetikoaren adierazle ziren. Nola ez zen ba erakargarri egingo tradizioarekin apurtzen zuen arte antiklasizista hura, ederraren kodeak irauli zituena baina inoiz baino indartsuago zetorrena?

«Artea artea da», esaten da maiz. Bere horretan euskarri historiko edo politikorik gabe ulertu beharko litzatekeen zera emantzipatu bat. Hausnarketarako gaia, hizkuntzaren lehen-lehen geruza primarioa. Hein batean, hala behar luke izan. Baina irudi-sare batek duen potentzial identitario/kulturalak ileak puntan jartzen dizkit.

Liluratzen nauen era berean panikoa ematen dit irudien atzean dagoen hezurdura konplexuak. Nora doaz TikToken eta Instagramen ikusten ditugun imajina horiek guztiak? Segundotan neur daiteke bideo bat digeritu osteko hausnarketa gaitasuna, segidan beste bat baitator, gero beste bat, beste hamaika... Nora doaz hatz potoloarekin arrastatzen ditugun sinboloak, ikonoak, janzkerak, hizkerak eta sloganak? Ondo editatutako bideoak eta engantxatzeko egina dagoen propaganda koloretsua begietatik sartzen zaizkigu ia nahi gabe. Algoritmoari jaten eman, eta horra kultura amorfo dispertsatu bat. Begietatik eraikitako eta memoriarik gabeko ideologia bat, begietatik sortutako azaleko identitate bat.

Hamelingo txirulariak bezala inguratu ziren XX. mende hasierako intelektual eta autore asko Marinetti eta lagunen magalera, futurismoaren forma eta irudi berriek liluraturik, gerora Mussoliniren faxismoarekin hain lotura hertsia izango zuen mugimendu hartara.  

Nago ultraeskuina ere enrollatu itxuran datorrela orain (Austriara bai, bederen) iruditegi estimulatzailez armatuta. Eta gaur ez dira izango Boccioniren eskulturak, ez Ballaren olio-pinturak, ez Marinettiren poetika; oraingoan bideo, kanta, meme eta irudiak izango dira akaso zerebroa lastoz beteko digutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.