Pertsonaia eta pertsona bereiz ote daitezke? Autorea eta obra bereiz ote daitezkeen galdetzen didatenean jartzen dudan aurpegi bertsua jartzen dut galdera hori burutik pasatzen zaidan aldiro: bekainak goratu eta ezpainak jaitsi. Batzuetan hobe da galdera bera gaitzestea ezetz erantzuten hastea baino.
Oso maite dudan landare bat hiltzen ari zaidala uste dut. Nire ingurukoen ustez hilda dago jada. Ez dut oraindik galera onartu eta ez dut esperantza galtzeko asmo handiegirik ere. Neureak eta bost egiten ari naiz haz dadin, izan dadin landare berde eta gihartsua berriz ere. Lora dadin udaberrian eta lokar dadin neguan. Egin diezaion lagun nire leihoko beste landareari. Zor diot hori. Zor diot landareari. Zor diot bost litroko lur zakua bizkarrean kalean ikusi nauten pertsonek sortu duten Oihana lorezaina pertsonaiari. Zor diot loradendako andreari. Zor diot neure barruko landarezaleari...
Nire errua izan da, gainera. Azken hilabeteotan ez diot kasu handirik egin, eta hasieran nahi gabe izan zen arren, azkenerako nahita izan da. Bera itzaltzen ikusteak bizitzako gauza batzuk ulertzen lagundu dit. Norbere logela dagoen moduak asko esaten du gure emozioen inguruan, edo hala irakurri nion Maddi Aiestarani orain dela ez asko. Hori modu argiagoan landareek adierazten dutela gehituko diot nik gaur berak esanari. Galdera batzuen erantzunak eta poema bat idazteko materiala eman dizkit heriotza prozesuak. Ez dakit poema hori idatziko dudan, ez dakit besteen desgraziak norbere artearentzako bazka bilakatzea oso legitimoa den. Ez, ez da. Baina tira, landare bat da eta kontraesan horrekin bizitzeko legitimitatea emango diot, akaso, neure buruari.
Nahiko ohikoa izaten da geure buruari buruz berba egiteko beste pertsonaia, objektu edo dena delako batzuk erabiltzea. Niretzako baliagarria izan da, adibidez, nire gorabeherak landarearengan proiektatzea. Samantha Hudson artistari entzun nion, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan, asko gustatzen zaiola horoskopoari buruz berba egitea, hain zuzen ere, horregatik. Normalean geure buruari buruz esango ez genituzkeen kontuak esateko ateak irekitzen dizkigulako. Geure izaeraren berri modu konplexuagoan ematea ahalbidetzen duten elkarrizketak sortzen dira horoskopoaren ondorioz; tokatu zaigun zeinuaren ezaugarriekin bat etorri edo ez, azalpenak ematen hasten gara eta horrek bilakatzen du praktika interesgarri. Gauza bera esaten dute tarotari buruzko Alde erantziz podcastaren egileek ere. Interesgarriak dira kontuok solas berriak sortzeko.
Zuzen daude, ados nago ni behintzat diotenarekin. Errazagoa da geure buruaz hirugarren pertsonan berba egitea. Errazagoa da gure erabaki eta praktiken ardura eskuetatik joan zaigun pertsonaia baten esku uztea. Baina ez, maiteak, ez. Hori pentsatzea tranpa da. Esaldi horren atzean kasketa handi bat dago, ez besterik. Egiten dugun guztiak inplikazio errealak ditu gure bizitzan eta, beraz, eragina izango du jendeak gu irakurriko gaituen moduan; nik ere nahiago nuke beti hala ez balitz, baina tira... mundua ez da guk nahi dugun bezalakoa. Ongi dago geure buruari buruz berba egiteko hirugarren pertsona erabiltzea, baina ezin gara bi pertsona garela sinistera iritsi...
Honekin ez dut esan nahi fikzioa egin ezin daitekeenik. Honekin ez dut esan nahi bi astean behin betetzen dudan orrialde honetan neure bizitza kontatzera dedikatzen naizenik. Honekin ez dut esan nahi orain, hildako landarearen harira, kalean errukizko begiradak espero ditudanik, doluminak espero ditudanik. Honekin esan nahi dudana da legitimoa dela nik landare hil bat asmatzea istorio bat kontatzeko, legitimoa dela nik fikziozko ipuin bat idaztea esan nahi dudana esateko... baina berdin-berdin izango direla neureak horrek dakartzan arrakasta eta porrot guztiak. Batez ere porrotak. Batez ere minak. Batez ere batez ere, ardura.