Irati Zubia Landa.

Lagunena (II): Hor bizi naiz ni bakean

2025eko martxoaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ai, Manolito, zenbat denbora, hau da hau ilusioa! Ezagutzen ez zaituenarentzat, apunte bat: Manolito Gafotas duzue hau, mundu mundialean ezaguna eta nire lagun mina. La Ser kateak Gabonetan egindako programa berezi batean topatu dut. Aspaldiko lagun batekin elkartzea bezala izan da. Zeinen ederra berriro zure berri izatea.

Badituzu nobedadeak. Zure aitari desgaitasuna eman zioten eta kamioia saldu zuen. Orain ez duzue zorririk, baina dirurik ere ez. Zuri gustatzen zitzaizun zorrak edukitzea, horrela gutxienez zerbait zenuten eta. Lana utzi zuenetik egongelako mueblebar altzariari itsatsita bizi da, belkroz pegatu balute bezala. Ez du kolpe zorririk jotzen eta zure ama kokoteraino dago. Ez du utziko, ordea. Dio maite duela baina «uff, espazio handia okupatzen du gizon honek». Ulertzen dut zure ama.

Gainerakoan, «betiko martxan» diozu. Poztu nau zure aitona bizirik dagoela eta betiko kuadrilla mantentzen duzuela jakiteak. Orejones Lopez eta Yihadekin maskulinitate toxikoa lantzeko tailer batera apuntatu omen zara. Bueno, en fin, animo horretan. Susana Bragasucias ia ez da zuekin ibiltzen, ezta? Ulertzen dut bera ere. Bai, kuadrilla esan dut, ez al dakizu zer den? Ahaztu egiten zait Carabanchelekoa zarela. Kuadrilla da, nola esan, gauza nahiko euskaldun bat.

Jule Goikoetxeak esan zion Angela Davisi: «Han kuadrilla eta partiduarekin jaiotzen gara. Bizitza osorako». Davis barrez lehertu omen zen. Bitxiak dira kuadrillak. Eskolan edo auzoan sortu ohi dira, inork ez du argi nola, eta teorian bizi osorako. Apur bat familia eta bikotea bezala. Horrela ulertuko duzu, kuadrillak paralelismoak ditu bi horiekin.

Adibidez, adibide bat, zuk diozun moduan. Kuadrillak erritual propioak ditu, familiak bataoiak eta bikoteak ezkontza nola. Izan daiteke jaietan janzten den blusa edo whatsapp taldea bera. Ez da ohikoa kuadrilla-bazkarietara kanpoko norbait gonbidatzea, pentsaezina den bezala Gabonetako familiako mahaira edo bikotearen zitara beste norbait etortzea. Kuadrillari ere fideltasuna zor zaio: familia ez da traizionatzen, kuadrilla ere ez. Begira Cris Lizarragaren BF4ever fanzineko esaldi honi: «Zenbat lagunen inguruan esan ote dudan 'lagun bezala jatorra da, orain bikote moduan….'». Ez jarri aurpegi hori, Manolito, ezagutzen dugula elkar. Maskulinitate tailerrak eta nahi duzuna, baina zuk ere esan duzu hori. Akaso, Susanak horregatik egin zuen alde.

Juanpe Sanchezek esan zuen feminismoan arbuiatu ditugun zenbait ideal –familia nuklearra, monogamia…– lagunen terrenora ekar ditzakegula deskuidatuz gero. Segur aski, orduan bilakatzen da kuadrilla itogarri. Baina aizu, bikotea eta familia ere bai, eta ez zaitut horrekin asaldatuta ikusten. Ai, Manolito, orain meaburrocomounburro aurpegia jarri didazu. Egon, dena ez dela txarra.

Esan dizut poztu nauela betikoak alboan dituzula ikusteak. Pretentsio handirik gabe jaitsi zaitezke El Tropezón tabernara eta izango duzu abaro. Edonork ez du luxu hori. Adibidez, beste adibide bat. Estatu Batuetan izan nintzen behin. Bi gauzaren falta nabaritu nuen eta biek dute zerikusia bizitza komunitarioarekin: ez zegoen plazarik eta ez ziren kuadrillak existitzen. Bikoteka bizi zen mundu guztia eta autoz mugitzen ziren. Lagunak puntualki elkartzen ziren, normalean harreman produktiboren bat tarteko, adibidez, lankideekin barbakoa bat egitea. Nik ez dut argi zertarako elkartzen naizen kuadrillarekin, egoten gara eta punto, hori da plana. Eta hori da hori bakea.

Manolito, hogei urte igaro dira honezkero. Ni ere aldatu naiz tarte horretan, kontatuko dizut noizbait kafe baten bueltan. Mundua azkarregi doa eta etorkizuna difuminatu egiten zait, zuri okulistarenean A B C letrak bezalaxe. Ez da miopia, ziurgabetasuna baizik. Erori zaizkit horrenbeste mito. Bizi izan ditut gertutik maiteminaren zein zaintza-lanen agujeta fisiko eta emozionalak. Zuk ere sumatu duzu honezkero gurasoen matrimonioari darion neke usaina. Eta hala ere, edo agian horregatik, pentsatu nahi dut bizi hau antolatu dezakedala maite ditudanekin, bikoteaz eta familiaz harago. Ez dakit betikoekin eta betiko, baina eraiki trintxerak, hor bizi bainaiz ni bakean. Nire kuadrillarekin bakarrik, lo ez, lagunekin bai dantzatzen nuen Eganen erromerietan, Ibaetako jaietan. Kontatuko dizut hogei urte barru, ea zer moduz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.