Garazi Kamio Anduaga.

Labirintoa

2024ko azaroaren 27a
05:00
Entzun

Egutegiak hala eskatzen zuelako, bete zitzaion ahoa bati baino gehiagori herenegun. Hitz egin zuten emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazi egin behar dela eta ondo baino hobeto bota zituzten idatziz nahiz ahoz, aurretik azpimarratutako esaldiak. Izen berriarekin bataiatzen hasi eta soberan zaudete eguna proposatzen jarrita, urtean zehar egun demokratikoagorik egongo ez dela pentsatzen ere hasia naiz. Izan ere, ez dago emakumeon aurkako edozein motatako indarkeria sortzen duen erasotzaile-profil zehatzik. Edozein lagunarte, etxezulo edo etorbide luzetan egon daiteke erasotzaileren bat, berdin dio zein kolore, afizio edo arrazatik datorren. Ezagutzen ditugun etxeetako alfonbra-azpi guztiak begiratzen hasi beharko baikinateke, garbitasun osoa dutela ikusi ahal izateko. Dena baita labirinto, irteera zaila duen bihurgune edo bukaerarik gabeko espirala. 

Emakumeon babesaz aritu ziren etengabe han eta hemen herenegun, atzo gutxiago, eta gaur dena desagertu da. Ohi bezala, festetako etxafuegoek adinako indarra dute zenbait gaik gure inguruan. Babesak gutxi irauten du, memoriak gordetzen eta freskatzen dituen 24 ordu eskasak, hurrengo egunean babesgabetasunak bere bidea egiten baitu. Aritu ziren bai gure babesaz, indarkeria jasan eta salatzeko duintasuna eta ganora izan duten emakumeon inguruan, baina ahanzturan utzi zuten justiziak eta epaitegiek maiz eskaintzen duten hoztasuna. Emakumea babestu nahi baita, jar dezagun hori zorioneko ardura nagusi bezala, baina ideia gauzatzeko garaian beharbada huts egiten dugu. Deitzen baitira emakumeak epaitegietan deklaratzera eta euren hobe beharrez eraikinak duen zatirik hotz, ilun eta bakartienean babesten dituzte. Korridoreek osatzen duten labirinto amaiezinetan barna ibiltzen dituzte, erasotzailearengandik urrun eta babestuta egon daitezen. Egia esatera, zokorik zokoratuenean uzten dituzte, ustezko erasotzailea lasai antzean epaitegian aurrera eta atzera ibil daitekeen bitartean. Agian, birritan pentsatuz gero, istorioari buelta ematea da egin beharko genukeena: egin duena zokoratu eta ausardiaz zein duintasunez jokatu duenari korridore argitsu eta zabalenak eskaini.

Norberaren irudi-eskubideen legediak babesten du frantziar estatuan epaitegietan zitatuta dagoen edozein. Legea hain da zorrotza, epaiketan parte hartzen dutenek baimena eman behar dute euren irudiak publikoki zabal daitezen. Egin dezagun proba praktiko bat: Gisele Pelicot eta honen senar-ohi Dominique. Asmatu bietako zeinen aurpegia ikusi ahal izan dugun hedabideetan. Emakumearen adats gorrixka eta kolore ia bereko betaurrekoak denbora batez gure memorian egongo dira, pairatu zuen beldurrezko eta benetako film harekin batera. Lotsa erantzi zuen baina, beste behin, akusatua babespean da. Dominiqueren aurpegia pasaporteko argazki batean ikusi ahal izan dugu, edo ilustratzaile batek epaitegian egindako marrazkian. Ez dago bere aurpegirik, ezta berarekin batera etikaren, errespetuaren eta askatasunaren mugak leherrarazi zituzten berrogeita hamar gizasemeen bisaiarik. Frantziako fiskaltzak hogei urteko kartzela-zigorra eskatu du Dominique Pelicotentzat eta beste horrenbeste eska dezake artalde baboa osatzen zuen bakoitzarentzat. Epaia ezagutzen dugunean soilik ikusi ahal izango ditugu guztion aurpegiak; bai, epaiketa garaian barrezka zeuden horiena, hain justu. 

Pelicoten gaia argitara atera zenean, Europa guztiari arnasa eten zitzaion. Kalibre txikiagoko erasoekin, aldiz, arnasa luzeko ziklistak baino hobeak izan gaitezke arnasaldiari eusten. Beharbada esperantza hezkuntzan jartzen dugulako eta irakasleek dena lortu ahal izango dutelako. Eta azken esaldi honekin bat baldin bazatoz, zabiltza tentuz: gogoratu etxetik hasten dela beti hezkuntza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.