Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

'La vita è bella'

2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Atzo itzuli ziren haurrak ikastolara.Hori espero zuten anitzek, anitzek itzuli nahi baitzuten lagunengana, guraso anitzek lanera behar zuten, batzuek gogotsu, besteek halabeharrez, irakasleok haurrekin aurrez aurre itzultzeko gogoa baikenuen, gure lana horixe baita, haurrak parean ukaitea, harreman estuan.

Ipar Euskal Herrian eskolak zabaldu behar izan ditugu, eta hori berri ona izan da. Gainera, hain ongi ezagutzen dugun frantziar estatu zentralistak udalerri bakoitzari utzi dio erabakitzeko aukera. Ez gara kexatuko, tokian tokiko errealitatea hobekien ezagutzen duenari eman baitzaio behingoan erabakitzeko parada. Erabaki guztiak goitik behera (edo Paristik hona) urtetan zehar jasatera ohituta gaudenez, berri ona honako hau: ongi hasi da deskonfinamendu prozesua.

Gehiegi ez gara poztu, halere, jakin ere baitakigu egun batetik bestera erabakiak alda daitezkeela egoera bitxi honetan. Oroit gaiten martxoan eskolak ez zituztela itxiko erran eta bi egunera zerratzea erabaki zutela, jende arruntak musukoa erabiltzea alfer-alferrekoa zela, oihalezkoek ez zutela pikorik balio frogatu, eta orain josten dakien eta ez dakien oro oihal eta goma bila igorri dutela. Haize orratza bezala dabiltza, nora haize, hara aise.

Ez gara sobera poztu, badaezpada ere, eta arrazoia ematera jin zaigu 63 orrialdeko protokolo sanitarioa deituriko dokumentua, eskoletan martxan jarri behar izan duguna. Biblia horren manamenduak betetzeko, miraria beharko genuke gutxienez. Edo irudimen handia.

Lehen manamendua: eskolara iristean eskuak garbituko dituzu, eta eskuak garbituko dituzu edozer ukituko duzunean, gelara, jolas garaira, jantegira, komunera sartzerakoan eta irteterakoan, hau da, egunean dozena bat aldiz, hogeita hamar segundoz aldiro, Zorionak zuri bi aldiz kantatzeko denboran. Urarekin saltsatzea hainbeste gustatzen zaizunez, gozatzeko aukera ukanen duzu, eta ea Zorionak zuri desafinatu gabe ikasteko baliatzen duzun.

Bigarren manamendua: metro bateko distantzia mantenduko duzu bi hilabete ikusi gabe dituzun lagunengandik. Besoak zabal-zabal dituzula ibili, irrigarria da!

Hirugarren manamendua: ikasgelan mahaiak metroko distantzian egonen dira, eta aurrez aurre ezingo dira ezarri, lagunak metro batera eta alboetara izanen dituzu, talde lanean ezingo duzu aritu. Irakasle bikainaren klase magistrala entzun eta ikasi. Zure aitatxi-amatxiek horrelaxe ikasten zuten, baina ez zuten irakasle maskaraturik, zuk bai!

Laugarren manamendua: ikasgelan mugitzeko, lurrean marraztutako norabide bat segituko duzu, lagunak ez gurutzatzeko gisan. Zirkuitu jolas aparta.

Bosgarren manamendua: ez duzu objekturik partekatuko. Zeurekoi izan zaitezke. Eta gelan dagoen materiala ez ukitu. Liburutegia eta apalak ordenatuak egonen dira, aspaldiko partez.

Seigarren manamendua: jolas garaian baloirik ez, pilotarik ez, txirristarik ez. Bat, bi, hiru, tomate oso jostagarria da, eta materiala jasotzen lanik ez.

Zazpigarren manamendua: beste geletako haurrekin harremanik ez duzu izanen. Pasabidean txandaka ibili. Komunera joan baino lehen inor ez dabilela segurtatu. Kuku-gordeka arituko gara, bai ongi!

Roberto Benigniren La vita è bella filma heldu zait gogora. Bigarren mundu gerra garaian, Guido eta bere semea kontzentrazio zelai batera eramanak direnean, aitak irudimena martxan jarri eta haurrari sinetsarazten dio presondegi hura joko erraldoia dela.

Gurea ez da kontzentrazio zelaia, ezta inondik ere, baina haurtzaroari zor zaion arintasuna ez andeatzeko ahalegin guztiak egin beharko ditugu, Benigni ez garen arren.

Miraria behar eta mirariak egiten aspaldi ikasia dugu Seaskan. Balio izanen zaigu ziur, haurtzaro distantziatu honetan inozentzia zaintzen jakiteko. Bizitza ederra dela sinesten segitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.