garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Kulturaz eta lanaz

2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Maiatzaren hastapenak aspaldiko udazken berantiar bat ekarri izan dit beti gogora. Euskal Kulturaren Urtekaria egiten ari ginen, garai hartan aski preziatua eta erabilia, eta merezitako soinekoz janztearren, azal eder bat egin ziezaion eskatu genion Bilbo aldeko diseinatzaile ezagun bati. Ez genion muga berezirik jarri ezertan, ez bazen liburuaren izenburuak berak inplizituki iradoki zezakeena, hiru hitzetan: euskara, kultura, urtea.

Esan dezagun bide batez, orduan ez zela azala argazki ikusgarri batez-edo betetzeko ohiturarik izaten, nagusiki arlo jakin bat (adibidez, literatura), arlo horren barruko ekintza bakar bat (adibidez, sariketa bat) eta batez ere protagonista bat (kasu honetan idazlea) balioetsiko lituzkeelako urte osoan burututako ekintza, gailendutako protagonista eta zeresana emandako arlo guztien artetik. Ez zen gure estiloa. Inor jainkotu baino, nahiago orokorragoa, oparotasun osoa bilduko lukeen zerbait. Hori ere adierazi genion.

Diseinatzaileak urte osoko egutegi dotore bat egin zuen, gehien-gehiena eskuz ordenagailuen eta teknologia grafikoen Pleistozeno garaiaz ari gara, eta hilabete bakoitzari kulturaren esparruko irudi bana marraztu zien. Ez dut azal hura begien aurrean eta ezin zehatz-mehatz deskribatu, baina demagun urriari musika-tresnaren bat paratu ziola, uztailari margo-isipuak, urtarrilari idazteko luma, irailari argazki-kamera, ekainari dantzarako oinetakoak...

Egutegi koloretsu hartan barreiatuta, beraz, xehetasun ugari zuen azalak, baina nire eskuetara iritsi orduko, bosgarren hilabetera joan zitzaizkidan begiak. Maiatzaren Lehenak inspiratuta zalantzarik gabe, mekanika tailer batean aurkituko genukeen lan-tresna bat zekarren hilabete horrek, beharbada bihurkin bat.Litekeena, giltza zabalgarri bat eta torloju bat izatea. Zenbat eta gehiago begiratu, orduan eta arrotzagoa egiten zitzaidan elementu hura, orduan eta harrigarriago azal horretan, eta azkenerako, bi egunen buruan-edo, tokiz kanpoko jo nuen (nahiz eta artea, testuingurua ongi definitzen denean, pixontzi batekin ere egin litekeen, honezkero denok ere ondo dakigunez).

Epai sinple, ergel eta inozo horren arrazoi gisa, esan dezaket inoiz ez genuela kultura lan-munduari lotzen, eta are gutxiago klase sozialei, Maiatzaren Leheneko aldarrikapenei, bidezko soldataren kontzeptuari, prekarietateari. Kultura orokorra aisiari lotzen zen, eta euskal kultura, berriz, militantziari, eginbehar moralari, erresistentziari. Beti bihotzari, inoiz ez patrikari.

Esan egin nion. Azalpen handirik behar ez zuelakoan eta besterik gabe, maiatzeko ikonoa ez nuela egoki ikusten, aldatu ote zezakeen. Haserre, purrustadaka aritu zitzaidan luze: Kulturan diharduenak ez ote duen beste langileen eskubiderik merezi, euskal kultura lantzen duenari ez ote zaion besteen duintasunik zor, ez ote dituen hitzarmen hobeak behar, Maiatzaren Lehena irudika dezakeen edozer ez ote den bere aldarria ere, eta abar. Borrokak ezin dira, ordea, ahari-talketan bezala irabazi beti, eta hark adar sendoak zituen, baina ni merke-zurrean erositako babarruna baino egoskorragoa izan.

Mende laurden pasaren ostean, diseinatzailea non den ez dakit, bizi den ere. Kurioski, hura orduan bezalaxe nago ni orain: nire kasa dihardut, autonomo alegia, eta enkarguzko lanen bidez batzen ditut hileroko diru-saria osatzen duten sos apurrak. Berriz ikusiko banu eta kasualitatez nitaz gogoratuko balitz edo eztabaida hura gogoan izango balu, gustura esango nioke pentsatzen dudana: ikonoak gorabehera, hark arrazoi zuela, eta nik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.