Arratsaldeko programazioa betetzeko asmatutako programa horietako batean, X zuzenean deitutako horietako batean (Xren ordez jarri telebista bat diru publikoz ordain dezakeen edozein lurralde), aukera balego, eskatuko nioke zuzendari, egiten dituzten galdetegi sustantzia bakoen artean, itauntzeko ausaz eta ausart hautatutako herritarrei honako zailtasunei erantzuteko: «Zer da medikuntza? Zer da ogasuna? Zer da kultura?». Lehenengo bien erantzunetan pantailaratuko zen barre algararen bat sorrarazteko norbanakoren bat, baina imajinatu zenbat gif egingo genituzkeen hirugarrenaren ahaleginekin: «Medikuntza da osasuna; ogasuna da dirua; eta kultura...».
Xren ordez jarri duzun lurraldeak izan lezake balizko erantzunetan nolabaiteko eragina eta, tupustean, bost aukera bururatu zaizkit. Izan ere, kulturak ez du definizio bakarra, baina herrialde askok euren asmoen arabera egokitu dute arloaren esanahia. Europa erdialdeko Alemania edo Frantziaren izaera erresumazalea dutenen kasuan, kultura izaten da belaunaldi batek emandako uztarik gorena, edo belaunaldi ugarik diziplina edo/eta lurralde jakin batean ondutako artefaktuen multzoa (ikuskizunak eurak ere paperetan gorde izan baitira nagusiki). Kultura da Shakespeare, Molière eta Calderón, edo Picasso, Miró eta Lorca.
Erresumarik izan ez duten herrialdeek, handiagoen boten zolaren zapalkuntza gehiago edo gutxiago pairatu izan dutenek, kulturaren bestelako kontzeptu bat garatu izan dute. Zentzu hori oso zabalduta dago, adibidez, Hego Amerikako lurralde gehienetan: estatu bihurtzera iritsitakoan, esparru zibila antolatzeko aukera lortu dute, baina euren gizartearen kohesio estatala lortzeko nazioa eta kultura elkarrengana hurbildu behar izan dituzte. Erromantizismo garaiko kontzeptualizazio horrek bide eman zien kulturaren elementu ukigaitzei, izan kanta, izan kontu.
Globalizazioak oro har eta zehazki Nurenbergeko epaiketek herrialdeen mugak gaindituko zituen esanahi berri bat ekarriko zioten kulturari: mugaz gaindiko kohesio sozialerako tresna. Identitate kolektibo gaizki ulertuek eragin zitzaketen gerren ondorioak ikusita, kulturak mundu bereko mundutar bihur litzake Antananarivo, Iruñea eta Seuleko herritarrak, mainstream mailara igotzen diren kultur elementuz osatutako geruza batean kokatzen badira. Kultura da Shakespeare, Molière eta Calderón, baina lehenengoa hurrengo biak baino kulturagoa da, munduko kulturazale izateko ezagutu beharrekoagoa.
Laugarren korronte batek, kultura elementu estatikotzat jotzeak dakartzan marruskadurez jabetuta, esparru izatetik eskubide izaterako jauzia eman zuen XX. mendean. Giza Eskubideetan oinarrituta, kulturan parte hartzeko eskubidea du norbanakoak, parte hartze hori aurreko hiru esanahietara bideratzeko aukera zabalik utzi arren. Ez da izango izena, aditza baizik; kultura ez da izango, egingo baizik.
Bururatutako azken aukera egun gero eta ikusgarriagoa den ildoak dakar: kultura, BPGaren ikuspegitik begiratuta, enpresa-jarduera da. Aditu itxurakoek «ekonomia sortzaile» deitzen diote, eta mikroaren aurreko herritar hilkorrak erantzungo luke kultura direla «antzezleak, idazleak eta margolariak», aisialdiko agenda betetzeaz arduratzen den merkatua.
Horra bost erantzun: kultura izan liteke inoiz ondutako onena, izan liteke gurea eta ez besteena, izan liteke kohesio tresna, eskubidea edo ekonomia. Nik nahiago nuke aldi berean bostak izateko aukera emango bagenio. Esanahi aldakorrak, aldiz, kalte egingo diolakoan nago, osasunaren edo diruaren pareko premiazkotasuna erantziko diolako eta, azkenean, herritarren erantzun ohikoena izan liteke: «Niri kulturak, bost».
ARKUPEAN
Kulturak, bost
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu