Ez dago poetikarik lantokian. Epikarik ere ez, egia esan. Etikak ezer gutxi balio du jada eta dramatika bakoitzak bere barruan darama. Nahiko patetikoki.
Kultura korporatiboarena hotzikarak eragiten dituen soziopatia moduko bat besterik ez da suertatu azkenean, non bilera batean ideia bat ontzat ematen den, auskalo nola, auskalo zergatik, agian ez delako inor eskua altxatu eta terriblea dela esatera ausartu, agian ez delako inor jaramonik egiten ari edo okerragoa dena, agian ez zaiolako inori ideia hori hain terriblea iruditu. Taldea indartzeko jarduerak proposatzen direnean bereziki ikusten da hori.
Taserrak (deskarga elektrikoak ematen dituzten pistola horiek) ekoizten dituen Axon enpresaren talde jardueretan beraien produktuak erabiltzen omen zituzten. New York Times-en artikulu batean enpresa batek hegazkin istripuen simulazioak egitea iradokitzen zuen taldea indartu eta autoestimua igotzeko (ez dakit nola baina). Norbaiti irakurri nion talde jarduera batean lankide batek hortz bat galdu eta hura bilatzen igaro zutela denbora gehiena. Eraikigarriagoa iruditzen zait azken hau. Lan harremanen metafora errealista bat.
Mendebaldeko kultura militaristaren ondorioa da, badakit. Nagusiki maskulinoak diren enpresetan, kultura militarraren ispiluari begiratu nahi izan dio kultura korporatiboak, Shakespeare-ren Henry V-eko Agincourteko batailaren anaitasunaren nahi eta ezin batean, gudu-zelaian maila ertaineko arduradunen desertzioa eta inork abestuko ez dituen praktiketako heroi bekadunen intenperiea nabarmenagoak badira ere.
Gogoan dut aurreko lan batean hitzaldi aspergarriak eta bazkari bat izan genituela egoitza desberdinetako lankideekin. Jertse batzuk oparitu zizkiguten. Denoi uniforme berdina. Ezagutzen ditut sekulakoak antolatu dituzten enpresak eta, batez ere, sekulakoak antolatzeari utzi diotenak. Taldea egiteari utzi zaiolako leku askotan. Beharbada, enpresa batekiko pertenentzia zentzu hori inpostatua zela konturatuko ziren. Langile eta telelangileak mojito artean elkartzen dituzte gutxi batzuek oraindik, Gabonetako afari luzeegi baten antzekoa den esperientzia «zirraragarri» batean, pantailaren beste aldean egunero ikusten duzun hori uste zenuena baino askoz ere altuagoa dela konturatzera eramaten zaituena.
Benetako kultura korporatiboa Teams, Slack, Meet eta emailak izan zitezkeen bideodei horietan guztietan ematen den komunikazioaren atzerapen txiki hori da ordea, mikrofonoa aktibatzea ahaztu duenaren barkamen eskaera, irudi gabe eta mututurik, beste zerbait egiten ari diren izen eta avatar horiek guztiak.
Gristasun honetatik kanpora begira, etengabeko garbiketa ziklo bat bizi du kultura korporatiboak: more kolorekoa martxoan, berde kolorekoa apirilean, arrosa kolorekoa ekainean... Baina batez ere zuri koloreko programa gailentzen da, eta denok dakigu zuria ez dela beste kolore batzuekin batera sartzen garbigailuan, itsustu egiten delako bestela.
Gogoan dut nola gerraren hasieran beraien logoa hori eta urdinez tindatu zuten teknologia arloko hainbat enpresak, Ukrainarekin elkartasuna adierazteko. Inork eskatu gabeko posizionamendu korporatibo bat izan zen. Ez dugu Palestinaren koloreko logorik gure aplikazioetan, eta ez da kasualitatea, Israel potentzia bat baita sektore teknologikoan, segurtasunaren arloan batez ere. Aplikazioak ez dira zerbait monolitikoa. Geroz eta gehiago dira gauza desberdinak egiten dituzten aplikazio txikien nahasketa bat. Sentitzen dut baina litekeena da gure sakelakoan teknologia israeldarra eramatea konturatu gabe. Boikotak egin ditzakegu baina koherentzia beti da konplikatua, eta gaur egungo mundu hiperkonektatu eta, batez ere, gardentasunik gabekoan, zer esanik ez.
Horiek dira poltsikoan daramatzagun taser pistolak etengabeko talde jarduera global honetan. Hori da gure kultura.