Kuban bertsolariak funtzionarioak ditun. Bai, funtzionarioak. Txapelketak oposizio bihurtuta, gorengo postuetan geratutakoei lanpostua ziurtatzen zien Errepublikak. Hala, lanaldia osatzeko, egunero egiten diten saioren bat edo hitzaldiren bat, dela eskola batean, dela zaharren egoitza batean... Koronabirusa uhartera heltzean, Errepublikak ez zien moztuko argindarrik, jakina, baina, bestela ere, repentistak eta dezimistak ez ditun lanik gabe geratzearen beldur izango. Hego Euskal Herrian, alarma-egoeraren ezarpena ezinbesteko kausa gisa interpreta liteken ekitaldien kontratuetan, bertso-saioaren antolatzailearen eskumenez gaindiko erabakiak oztopatu baitin bertsolariak eta bertsozaleak elkartzea. Hortaz, konfinamenduak iraun bitartean, bertsolariek sosik poltsikoratzea Bilboko Areatzan eskutik heldutako kalejira egitea bezain ezinezkoa dun.
Jar ezan kultur arloko zeinahi autonomoren lanbidea bertsolaria jarritako tokian, eta ez dun asko aldatuko pelikula. Gauzak ondo bidean, martxo-apirilean gutxienez, kultur sektorearen diru sarrerak gaur ospitale bateko maratilak miazkatuko lituzkeen burugabearen entzefalograma bezain ezdeusak dira. Eta zer irtenbide geratzen zaion merkatua itxita ortuariak saldu ezinda dabilen laborariari? Beste merkatu batzuk topatu... ala hil. Premia horrek eragingo zinan azken egunotan musikari, aktore eta abarren artean ugaritu den zuzeneko bideo emanaldien tsunamia. Zibermerkatu horrek, tamalez, ordainik gabeko salmenta baino ez din ahalbidetzen, eta, ziber-ikusle, ziber-ikustaldi eta datsegit kopurua gutxieneko soldatatik gorakoa izanagatik, kartillak numero gorritan jarraituko din berdin-berdin. Ziurrenik, sortzaile askok kamera piztuko diten Txema Ramirez de la Piscinari irakurritako balkoitasun terminoaren bertsio elektronikoak bultzatuta; hau da, une latz hauetan herriaren asper-dantza eta esperantza pizteko borondate umilak eramango ditin doan eskaintzera alarma-egoerarik gabeko baldintzetan sarrera truk salduko luketen jabetza intelektuala. Inola ere ez ditun balkoikeria-k gidatuko, ez; hau da, sekula ez lituzken ibiliko droga dosiak doan saltzen, gozamenaren estasiak zale berriak sarean eroraraziko dituelakoan. Tira, eta balkoikeria balitz ere, zer aurpegiratuko zionagu bizimodua arriskuan ikusita bizirik irauteko ahaleginetan dabilenari?
Ziber-ikusleei ere ez zagon zer aurpegiratu, oraingoz. Sortzaileek etxeko egongelaraino eraman zieten entretenimendua, eta egindako deiari klik egin zioten, besterik ez. Zer gertatuko dun, aldiz, koronabirusaren diktadura amaitutakoan aretoak sarrera truk betetzeko deia jasotzean? «Zergatik ordaindu behar dinat lehen doan emandakoa?», pentsamenduko zaleek huts egingo diten, pantailako zuzenekoa eta benetako aurrez aurrekoa berdinetsirik, eta, ezohiko egoeran, egindako mesedea neurri batean kalte bihurtuko zaien sortzaileei, ohikotasunera itzultzean. Hortaz, koronabirusarenak egindakoan, ziber-ikusle estimatua, nahi ez badun kontzientziak aurpegiratzea kulturgileez aprobetxatu haizela, emaion heure buruari berba itxialdian ikusitako zuzeneko emankizun bakoitzeko gutxienez bi aldiz joango haizela sortzaile horren ordainpeko ekitaldietara. Eta pertsiana altxatu gabe etxean geratutako artisten kasuan, beste horrenbeste egin ezan, mesedez, isilpeko oinazea latzagoa izaten baitun askotan. Azken batean, zuzenekoen beharrik gabe, hortxe izan ditun beti, apalean edo ordenagailuan (eta ez baditun izan, agian Netflix tipoko kulturzalea haizela ohartuko haiz konfinamenduari esker).
Gaitzak iraun bitartean, euts iezaion ahal bezala gustuko balkoian edo lubakian (bazauden ordainpekoak sarean ere!), baina amaitutakoan, arren, segi kultur aretoetara, euskal kulturaren balkoitzeak ingelesezko balconing terminoarekin zerikusirik izatea nahi ez badun behintzat.