Xabier Mendiguren Elizegi.
ARKUPEAN

Kosmopolitak eta kosmopaletoak

2018ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Etzi hasiko da Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, orain ofizialki SSIFF siglekin ezagutzen dena eta aurten 66. urteurrena betetzen duena. Datozen egunetan, ekitaldi horretako film, prentsaurreko, alfonbra gorri, argazki, glamour eta abarrez beteko dira inguru honetako berripaper, telebista, irrati eta sareko txokoak oro. Urruneko zinematografiak, etxekoak, latinoak… denek izango dute nork bere lekua, zinema komertzialak eta abangoardiakoak, dokumentalak, animazioak eta enparauek. Ez naiz hasiko hemen laburpenik, ez gomendiorik egiten, bazterrak nazkatzerainoko kalaka izango baita hemendik aurrera. Hala ere, izen bat aipatu nahi nuke, aipa litezkeen beste askoren artean: Ramon Agirre.

Zuetako askok jakingo duzuen, eta ez dakizuenok laster ikasiko duzuen moduan, Ramon Agirre aktoreari emango diote aurten Zinemira saria, Euskal Herriko zinemako zuzendari, aktore, gidoigile eta gainerako artisten artean urtero pertsona bat nabarmentzeko ematen dena. Agirrek sari hori merezi duenik ez du inork zalantzan jarriko. Haren filmografia txapela kentzeko modukoa da, baina Ramonen lana zeluloidetik askoz harago (eta askoz honago) doa: parte hartu duen antzezlanen kopurua eta kalitatea gogoratzea besterik ez dago, berak idatzi dituen obrak ahaztu gabe, edo telebistan partaide izan den produkzioak…

Adin batetik beherako euskaldunen artean, betidaniko imajinarioa betetzen digun irudia da Agirrerena. Baina, horrez gain, Donostiako Parte Zaharrean ibiliz gero, edozein kale kantoitan topatzen duzun aurpegi atsegin eta irribarretsua, eta bestalde, mundu justu eta herri libre baten aldeko hamaika mobilizazio eta aldarrikapenetan bere babes eskuzabala eskaini duen sortzailea, egiazko intelektual konprometitua.

Izendapen honek aho bateko txaloa eragin duela esan dut arestian, baina, sareko laudorio ugarien artean, izan zen iruzkin kritiko bat, Gotzon Barandiaranek, euskal sortzaileen duintasunaren alde etengabeko borrokan diharduenak, txio batean bota zuena: «Zinemira Saria? Eta zergatik ez Donostia Saria?».

Esaldi horrek ez zuen nik dakidala aparteko komentariorik piztu, betiko euskalzuloaren boutade bat izan balitz bezala, baina niri kalanbre moduko bat sortu zidan barruan, ipuineko haurrak erregea biluzik doala esan zuenean bezala: «Egia da!», esan nuen neure artean. Hain daukagu barneratua menderatuaren psikologia, hain dugu onartua kolonizatuak garela eta metropolitik datorrena dela benetan balio duena…

Artikulu hau ez da Zinemaldiaren kontrakoa: halako ekitaldi erraldoi batek mila eratako orekak hartu behar ditu kontuan, nazioarteko kontaktuak zaindu, Espainiarekikoak mimatu, babesleak goxatu, instituzioak kontent mantendu… Judy Dench, Danny DeVito eta Hirokazu Koreeda dira aurten Donostia saria jasoko dutenak, eta bikainak iruditzen zaizkit hiruren izenak eta biografiak, baina Ramon Agirre bezalako norbait goikoen zerrendari eranstea bururatu ere ez zaigu egiten, eta inori bururatuko balitzaio erotzat, probokatzailetzat edo baserritar kaikutzat hartuko genuke.

Zinemakoa suertatu da gaurko adibidea, baina beste hainbat arlotan berdin jokatzen dugula esango nuke. Antzerkian, musikan… Nik gehien ezagutzen dudan mundutxoa literaturarena da, eta burura datorkit hotel dotore batean eman ohi den sari bat. Izendapen sorta bat da berez: batzuk apalak eta xumeak, hemengo erdal eta euskal idazleei eman ohi zaizkienak, parekidetasuna zainduz, eta gero sari potoloago eta lustredun bat, kanpoko idazle ezagun bati eman ohi zaiona, hamarretik bederatzitan Espainiatik etorritakoa. Argi gera dadin nor den kosmopolita eta nor kosmopaletoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.