Jone Amonarriz

Kontziliazioajaja

2024ko irailaren 26a
05:00
Entzun

Badago kolektibo bat, oraindik antolatzen hasi ez dena, atseden hartu eta bizitzaz gozatzea tokatzen dela uste zuenean... déjà vu bat izan duena bat-batean, eta... A, tira, ados, eramango ditut bilobak nik goizero Ikastolara. Iraileko iragarkietan ez dira agertzen baina hor daude, lanetik erretiratu, eta eskolara bueltan.

Mindfulness, nordic walking edo turismo gastronomikoa egiten aritu zitezkeen, hizkuntza berri bat ikasten, Wikiloc-ari egurra ematen, militantziari nahi beste denbora eskaintzen edo liburuak bata bestearen atzetik irensten. Baina bizitzako azken etapan bigarren gurasotasun batetik igarotzea tokatu zaie. Ez baita berdina bilobez aisialdian gozatzea edo zaintza lanek eskatzen duten rola betetzea.

Teilatuz teilatu dabilen pilotak euren etxeko sukaldean amaitu badu ere, partida hau gutxienez lau hankaren gainean sostengatu behar da: familiak/langileak, enpresak, gobernuak eta sindikatuak. Lauren arteko adostasun eta orekak hezkuntzak pautatzen dituen irizpide, ordutegi eta egutegiekin sinkronizatu ezean, kontziliazioak gezur handi bat izaten jarraituko du. Eragiketarik errazena —eta era berean zailenetakoa— opor egunena da: langile bakoitzak bataz beste 30 egun ditu. Haurrek ia hirukoitza. Harrapazank.

Lana, familia eta bizitza pertsonala batzen dituen triangeluari hiru erpinak dantzan dabilzkio etxe askotan. Horren erakusle dira Eustat-ek ekainaren amaieran argitaratutako datuak. Horien arabera, lana eta familia uztartzeko «zailtasun handiak» dituzten landunen kopuruak gora egin du 2023an Euskal Autonomia Erkidegoan. Lanean ari direnen hirutik batek bizi du problematika hau. Eta jende gehiagok ere bai, intentsitate gutxiagorekin bada ere. Beste kontu bat da, arazo izatetik urrun, gozamen pertsonalari toki gehiago egiteko pretentsioa izatea.

EAEn albiste onak jaso ditugu berriki. Erronka demografikoari erantzutea helburu, kontziliazioa errazteko helduleku berriak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak: guraso baimena 24 astera luzatzea eta seme-alabengatiko dirulaguntzak handitzea, besteak beste. Aurrerapausoak ematen ari dira, eta eskerrak. Bide luzea baitago egiteko. Gainera, errealitatea da enpresa txiki eta ertain askok bereziki, oraindik mehatxu gisa bizi dituztela neurriok; eta, ondorioz, langile ugarik ezin dituztela haien eskubideak behar bezala gozatu.

Bitartean, desberdintasunak areagotzeko zirrikituek hor jarraitzen dute. Eta lan munduan azken hamarkadetan berdintasunerantz zentzu askotan urrats esanguratsuak eginagatik, atzera ere egin dugu. Zaintza lanak tarteko, ibilbide profesionalak sakrifikatu edo ardura postuak uzten dituztenen artean nabarmen nagusi baitira emakumeak. Aipatu galdetegiak eman dituen titularren artean kezkagarrienetakoa da: «Zuzendaritza-karguetan dauden emakumeen proportzioa ehuneko lau puntu baino gehiago jaitsi da 2015-2021 aldian eta errenta-maila altuenetan dauden gizonen ehunekoa hirukoiztu egin da emakumeen aldean».

Kontziliazioa eskubide bat da. Ez batzuen pribilegioa. Ez litzateke hala izan behar, bederen. Eta kapa guztietan eragingo duen kontziliazio plan baten eskutik iritsiko da berau bermatuko duen soluzio integrala. Feminista. Emakume eta gizonen arteko desorekak berdinduko dituena, haurren eta beharra duten pertsonen zaintza bideragarri eta bizigarri egingo duena, eta, ondorioz, adin batetik gorako pertsona asko zaintza lanen arduretatik askatuko dituena. Jada haurren belarrietara ere iritsi baita: kontziliazioa aitona-amonak dira —etxetik gertu dituztenen kasuan—. Ea gure belaunaldia gai den akats handi hau zuzentzeko, beste askoren artean. Izan ere, Gorka Urbizuk dioen moduan: gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.