Jakina denez, Nerea Ibarzabal bertsolariak jantzi du aurten ere Bizkaiko txapela. Ez nuen larunbatean saioa jarraitzerik izan, baina sare sozialetan bi kontu egin zitzaizkidan deigarriak, bata bestearekin oso lotuak. Alde batetik, Josu Goikoetxeak aipatu zuen finaleko gauza interesgarrienetakoa oholtza gaineko kontsentsu politikoa hautsi izana iruditu zitzaiola. Bada norbait gernikarra bertsoaren munduan, horrelako iruzkinak kontuan har ditzagun. Irakurle batek galdetu zionean ea EH Bildu eta Mugimendu Sozialistaren arteko lehiari buruz ari zen, baietz erantzun zion, gutxi gorabehera horrela zela. Horrekin batera, Gorka Pagonabarragaren azken bertsoa dago. Bozkarioz hartu zuten sareetan aipatu mugimenduko kideek, baina baita Miribillara joandakoen artean askok ere, durangarrak egindako ongietorria larunbatean bertan Eibarko Astelenan aurkeztu berria zen Euskal Herriko Kontseilu Sozialistari.
Beste irakurle batek zehaztapentxo bat egin zion Goikoetxeari, esanez aipatutako kontsentsuaren haustura nabarmenagoa izan zela duela bi urteko txapelketan. Ez dakit hala izan zen, baina egia dena da ez zela larunbatekoa erabateko nobedadea izan. Gedar Langile Kazetaren Lugorria izeneko telebista programa interesgarrien artean, Paul Beitiak Kattalin Barcena, Peru Iparragirre eta Aitor Bizkarra solasaldian elkartu zituenekoa daukat bereziki gogoan, militante komunista gisa diziplina artistiko ezberdinetan euren jarduera hizpide har zezaten. Abadiñoko bertsolariak, gogoeta mamitsuak eskaintzeaz gain, maila pertsonalean bi une sinboliko aipatu zituen, bilakaera kolektibo bat ere irudika lezaketenak: eskolarteko txapelketa batean Gure Esku mugimendua egitekoa zen ekitaldi baten inguruan ironizatu (kritikatu) zuenekoa, eta Bizkaiko Txapelketan Ikasle Abertzaleak-i babesa eskaini zionekoa, ezker abertzaleak erakundearekin zuen gatazkaren gogorrenean.
Kontsentsuaren haustura aipatzen badugu, kontsentsua egon, egon dela onartzen ari gara, bistan denez. Hala ere, eta esan nahi dena ulertzen dudan arren, ez dakit orain arteko diskurtso politiko hegemonikora bertsolaritza iritsi zen modua azaltzeko hitzik egokiena den hori (Bertsogintzaren elizan / kontsentsua gerizan idatzi zuen Jon Sarasuak duela dozena bat urte, txistu-jotzaileei eskainitako kopla ezagun batzuetan). Xabier Euzkitze izan da gaiaren inguruan hitz egin duen bakarrenetakoa, garbi asko gainera, Oier Aranzabalen Barruan Gaude izeneko podkastean batez ere. Beldurra aipatu zuen solasaldi hartan, eta berak ez zuela bertsolariak behar duen askatasuna. Joxe Lizaso ere aipatu zuen, Jose Maria Aldaia bahituaren askatasuna eskatzeko antolatutako jaialdi batera bidean zuen dardara ikaragarria. Nork eta berrogeiko hamarkadan, frankismoaren gogorrenean, kartzela ezagutu zuen Azpeitiko abertzale handiak.
Adibide batzuk besterik ez dira ekarritakoak, bertsolari ezagunak protagonista dituztenak, baina uste dut gogoratu –eta onartu– beharreko errealitatea ere badela jende asko joan zela garai batean bertsolaritzatik urruntzen, tartean urte zailetan bertsoaren alde lan izugarria egina zuena. Herriak aukeratutako agintarien kontrako —asko euskal kulturaren alde lan eskerga egindakoak— etengabeko txistukatzeak jasanezinak egiten zitzaizkielako; saio asko eta asko monokromatikoak —eta ia monografikoak— zirelako. Eta abar luzea. Tristura handiz ikusi genuen askok haustura hura, aldentze hura, gertuko jende askok sufrimenduz bizi izan zuena. Haustura izan baitzen hura ere, nahiz eta beste era batekoa eta beste era bateko amaiera izan zuena. Bertsolaritza bizitzen ari den susperraldi giroan ez da erosoa gai hau mahai gaineratzea. Aipatutako kopletan, Horrelako fregau baten sartzeko zeinek esan dik? galdetu zion bere buruari Jon Sarasuak. Hori da nire sentimendua orain ere. Baina hau idazteko beharra sentitu dut, Josu Goikoetxeak gaia jarrita.