mikel elorza

Kontraesanak

2024ko ekainaren 19a
05:00
Entzun

Hain pobrea zen ezen kontraesanik ere ez zeukan! Badakit errealitate egoskorra ahaleginduko dela erakusten pobreenek ere badituztela kontraesanak, mundu guztiak daukala berea (edo bereak), osagarri genetiko bat balitz bezala. Baina zenbat eta pobreago, orduan eta kontraesan gutxiago, esango nuke. Eta leukaketen kontraesana ez da izango beste batzuenen neurrikoa, 500.000 euroko kontraesanak dauzkatenena, adibidez.

Tamaina txikiagokoak ere badaude, jakina, eta nahiz eta egia den kontraesanek ez daukatela derrigorrean adierazpen diruzkoa, gehienetan maila ekonomikoarekin du zerikusia. Zeren eta bai, gure printzipio, balio eta konbikzioekin ondoegi uztartzen ez diren jarduera eta bizimodu asko diruz neurgarriak dira. Zenbat eta diru gehiago, konfort gune aberatsagoa, orduan eta errazago deitzen zaituzte kontraesanen tentazio doinuek, eta, egia handia da, mastara oso gogor lotuta egon beharra dago ez erortzeko.

Delitu txikiak dira batzuk, ez dira kontraesanen mailara iristen agian, ez diete gure balioen sendotasunari bereziki erasaten. Ez dakit, kontsumoaren alorreko zenbait kapritxo, kultura alorreko hainbat kontsumo, bidaiatxo hura, hango dendan erostea, serio birziklatzearena biharamunerako uztea, premiarik izan gabe autoa hartzea... (tira, denak ere pertsona bakarrak biltzea delitu larri bilakatzen da). Kontua ere ez baita austeritate sozial erabatekoa gordetzea, denok monje deboto eta zorrotz bilakatzea. Tentazioa handia da eta erakargarria, distiranta edo, sinpleki, erosoa (GUren kantuaren bidez esango genukeen bezala, etorkizun ginenean errazago zirudien).

Bizioa beste gauza bat da, ez dezagun konfundi: bizioak bizio dira, ez kontraesan.

Alor serioagoko kontuak ere badaude kontraesanen katalogoan: espekulazioaren eremu lokaztu hori; errenta eta alokairuen osin labain eta maiz beltza, kontraesanetara oso ondo emana; hain politikoa den harreman pertsonalen eremuak ere kontraesan-artilleria potentea dauka, etxeko lanak, bikotekidearekiko jarrera, zaintzak...  Bizitzak eraman bazaitu soldatapeko izatetik soldata ordaintzen duenaren klubera, bada arraioa, orduan tenple latza behar da haginte-makilari ez oratzeko; edo kontratu kaxkarreko zaintzaile horiek, zuzenean kontraturik gabekoak, «familiakoa balitz bezala da guretzat»...

Handia eta luzea da katalogoa.

Baina, gatozen berriro galderara, denek ditugu kontraesanak? Ez. Eta ez naiz oraingoan pobreez ari. Niretzat kontraesan izan daitezkeenak bizitzako helburu dira batzuentzat —botoen emaitzei erreparatuta gero eta gehiagorentzat—. Eskuindarrek (eta ultraeskuindarrek), laburtzearren, eta batez ere apolitiko deklaratzen direnek, ez daukate kontraesanik. Estatuak balira bezala funtzionatzen dute: interesak dauzkate.

Eta, izatekotan, bekatuak: penitentzia, limosna eta errezo batzuen bitartez garbitzen dituztenak. Haien bidetik desbideratzen dira? Bai horixe: hilketak, lapurretak, esplotazioa, espekulazio latza... Egun oso-oso zaila da, ezinezkoa seguruenik, euren dekalogo sakratua betetzen duen katoliko bat topatzea. Kontraesanak? Ez, bekatuak, aise ezabagarriak.

Gure artaldera etorrita, ordea, denok dauzkagu kontraesanak. Utz diezaiogun, beraz, geure burua hilduratzeari (hori egiten dugunak gero eta gutxiago garela ere uste dut, eta akaso nire obsesioa baino ez da, sozialtzat jo nahi dudana eroaren kontsolamendu bila). Kontraesanek bizi gaituzte, esango didate. Benga ba, onartu, eta kito. Bizi, arraioa, bizi!

Bale, konforme.

Azken prediku bat egiten utzidazue, hala ere: kontraesanak norberarengan balio eta printzipioak baino gehiago eta garrantzitsuago izatera iristen direnean —gertatzen ari da—, orduan garai batean baliotzat geneukana bihurtzen da kontraesan, eta kontraesana balio.

Eskuindarrak gara, bekatutxo ezkertiarrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.