Azken aste hauetan Engrazio Arantzadi (1873-1936) Kizkitza-ri buruzko artikulu pare bat irakurri ahal izan ditugu, aspaldiko partez, euskal prentsan. Bata, Jose Manuel Bujandak idatzia, bestea, Patxi Agirrek. Azken honen hitzaldia iragarri du gainera Sabino Arana Fundazioak ostegun honetarako Bilbon, Kizkitza hizpide. Ahaztu samarra dugu donostiarra, nahiz eta garrantzi handia izan zuen, batez ere euskal abertzaletasunak Gipuzkoan izan zuen ernalketa eta hedapenean.
Ez gara hemen Arantzadiren biografia errepasatzen hasiko. Bere propagandista lanak eta liburuak, besteak beste. Nahi duenak badaki nora jo. Hala ere, aipa dezagun gutxienez, Sabino Aranaren lagun mina izaki, benetan aberatsak direla bere hainbat ekarpen abandotarrari buruz, bereziki honen azken uneko bilakaera espainolista deitutakoaren inguruko bere irakurketa, Sakrifizio handia izenburuarekin bataiatu zuen kapitulua. Beste helburu batekin ekarri dugu Kizkitzaarkupe honetara.
Ikasketak bukatu eta berehala, 22 urte zituela, hasi zen Bizkaitarra aldizkarira Donostiatik artikuluak bidaltzen. Horrela, 1895eko irailaren 5ean argitaratu zioten La invasión maketa en Gipuzkoa (Maketoen inbasioa Gipuzkoan)aldarri supiztailea, Baso-Jaun ezizenarekin sinatua, azken finean, beste gertaera batzuekin batera, aldizkariaren eta Euzkeldun Batzokija-ren itxiera, Sabino Aranaren kartzelatzea eta Arantzadiren Iparraldera ihes egin beharra ekarri zituena, besteak beste. Pentsatzekoa da maketo hitza irakurrita zer etorriko zaion burura irakurleari. Eta ez zaio arrazoirik faltako, nahiz eta egia den hitz horren inguruko ikerketa serio baten faltan gaudela oraindik, bere genealogia aztertuko duena, historian zehar izan dituen ñabardurak, eta abar. Agian batzuek sorpresaren bat hartuko lukete nork, noiz eta nola erabili duten ikustean.
Zalantzarik gabe, ezin ukatu, testu xenofoboa zen Arantzadirena, are gehiago gaur egungo begiradarekin. Eta horrekin batera, moralista eta homofoboa ere bai, nahiz eta azken ezaugarri honetaz jabetzeko lerroartean irakurri behar den. Baina, batez ere, hona iritsi nahi genuen, turismoaren kontrako manifestua izan zen Kizkitzak idatzi zuena. Hala azpimarratu zuen berak, berrogei urte beranduago, Ereintza izeneko liburu ezagunean: Donostiako udatiarren izurria salatu nahi izan zuen, milaka eta milaka pertsonak osatzen zuten izurria, dibertitzera etortzen zirenak, baina dibertsio hitzak gaztelanian zituen aldaera txarrenetan.
Hura guztia ikusita euskal abertzale gisa («gure pentsamendu nazionaletik») sentitzen zuen kezka, egonezin eta haserrea azpimarratu zuen Arantzadik aipatutako liburuan. 1935 hartan gogoratzen zuen beste kontu bat: Euskal Herriko baserrietatik hoteletan eta apopilo etxeetan lana egitera Donostiara joaten ziren emakume gazteen sufrimendua ere izan zituela gogoan 1895ean idatzi zuen artikuluan. Ez, protesta hartako maketoak ez ziren fabrika edota meategietara etorritako espainiar proletarioak. Politikariak, militarrak, aristokratak, abokatuak, ingeniariak eta antzerakoak ziren batez ere XIX. mendeko azken urteetako Donostian.
Turismoaren inguruko kezkak —Kizkitzak erabili zuen inbasio hitza sarri entzuten da orain—, hainbat tokitan daude bor-bor gaur egun. Euskal Herrian ere bai, bereziki Donostian. Baina baita dibertitzeko moduei buruzkoak ere, jar dezagun begirada Iruñean. Ia mende eta erdian asko aldatu dira gauzak, zorionez, lehen abertzale haien begiradarekiko hainbat alorretan. Protagonistak ere bai, adibidez langile esplotatu haiek orain ez dira baserrietatik hirietara joaten ziren euskal emakumeak.
Baina iruditzen zaigu arazo batzuk ez direla asko aldatu, Kizkitza bezala, euskal abertzale gisa ari gara hau idazten, bereziki hizkuntza gogoan. Ez da kezka hau ageri, ordea, turismoaren kontrako kanpainetako lehen lerroan, ezta bigarrenean eta hirugarrenean ere. Engrazio Arantzadik Hendaiara ihesik joan behar izan zuen bi urtez. Badirudi zenbait gaitan guk ere geure erbestea bizi dugula. Turismoa hizpide (ere) ez dago modan identitate kontuak aipatzea.