Garazi Kamio Anduaga.
ARKUPEAN

Kiribilean

2023ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Infinitura daraman marraren abiapuntua hitz bat da: emakumea. Zortzi hizki dituen hitza luzeegia izan liteke hasteko baina infinituan dena da laburra bezain amaiezina. Kiribila osatzen hasita, bazterrak ederki nahastu dituen gaia izan dute hizpide ideologia politiko guztietako kideek: nola den posible 68 urteko emakume bat haurdunaldi subrogatu baten bidez ama izatea. Modu naturalean edo medikuntzak lagunduta (ia) ezinezko izango zukeen ama izatea eta AEBetara jo du diru-zorro ondo betearekin amesten zuen amatasuna lortzeko.

Emakumea aski ezaguna da Espainiar Estatuan, baina ziur izan Gaztela Mantxako herri txiki bateko bizilagun anonimoa izango balitz, sortu den zalaparta ederki apalduko litzatekeela, edo beharbada sortu ere ez litzatekeela sortuko. Adinean gora doan emakume batek beste baten soinean gorpuztu du bere nahia, eta etikaren marra gorria zanpatu du batentzat baino gehiagorentzat. Aski argi nabarmentzen da gutizia zantzuak dituela kasuak, baina lausotu egiten da zenbaiten iritzia istorioaren protagonistak aldatuz gero; hemen dator kiribilaren kontraesanaren festa: iritziak kontrajarri egiten dira mediatikoki oso ezaguna den emakumea bikote diren bi gizonezkorekin aldatzen badugu. Edo, zer esanik ez, hagitz famatua den andrazkoa arrazoi naturalengatik guraso izan ezin den bikotearengatik trukatzen badugu.Etikaren marra gorria lekuz mugitzea jarduera gizatiarra da, etikaren beraren ertzak kamusten dituena, baina, noski, hipokrisiaren langa jo lezake kasuak.

Hipokrisiaz mintzo da baita ere Isabel Saez zine zuzendaria. Pare bat urte badira Chicas prepago (Aurreordainketa-neskak) film laburra argitaratu zuela. Fikziozko dokumentala dirudien lanean, puten inguruan sortzen du bere diskurtsoaren kiribila. Ez nuke eufemismoekin hasi nahi bere gorputza diru-truke saltzen duen emakumea edo tankerakoak erabiltzen, eta, Elhuyar hiztegiaren laguntzaz, norberaren hiztegia aberasteko adibideak jarriko dizkizuet: puta, emagaldu, ematxar, urdanga, maritzar edo julis.Hiztegian gordetzen diren hitz hauen protagonisten inguruan bizi den hipokrisia azpimarratzen du Saezek: inork ez ditu putak kalean ikusi nahi. Bakarren batek salbatu nahi ditu, eta horretarako diruz lagundutako erakundeak sortu dira, benetako protagonisten iritziak kontuan hartu gabe.

Iruñeko Arrotxapea auzoan izan zen pasa den asteburuan zine zuzendaria. Ez zen bakarrik agertu auzoan bertako talde feministak antolatutako hitzordura; ondoan izan zuen izen eta abizenak dituen emagaldua: Carolina Clemente. Lerro hauek argitaratzen dituen etxeak argazkia ere eskaini zion: batzuentzat hain beharrezko eta beste zenbaitentzat hain deitoragarri. Isiltasunaren eta ikusezintasunaren paradigmak azpimarratu zituen Clementek euren lanaren iritziak jasotzen dituenean. Alde batetik, egiten duten lanaren babesik eza azaleratzen du, eta, era berean, kanpoko eragileek besteen bizimodua aldatzeko eta arautzeko duten askatasuna. Beste hitz batzuekin esanda, zikina iruditzen zaiena alfonbraren azpira eraman nahi dute, gizarteak ikus ez dezan.

Alfonbraren azpian ustezko zikinkeriak zikin izaten jarraitzen duelako, Saezek eta Clementek kaletik desagertzearen gaiari ere heltzen diote: putak kaletik kentzen baditugu, arazoa desagertzen da: ikusten ez dena ez da existitzen, alegia. Hala ere, putetxeak legeztatuta daude eta bertako pareten artean gertatzen dena ez da gizartearen begietara iristen. Ez dago ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik.

Etikaren langa mugitzen eta kiribiltzen pasatzen dugu denbora, eta dena da zilegi norbera ez denean kiribilaren erdian bueltaka ari dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.