Turistak pintxoen bikaintasuna komentatzen entzun dituzu tinbrea sakatu aurreko hiru segundoetan. Inportantea da adi egotea. Hiriak esango dizun horretan poemak edo ipuinak edo iritzi artikuluak topatuko dituzula uste duzu. Ez da sarri gertatzen. Normalean ihes egiteko gogoa topatzen duzun arren, oraindik ez zara kalean aurikularrak jantzita ibiltzen den pertsona horietako bat izatera heldu. Goizean goiz, inor ez dabilenean, jantzi izan dituzu noizbait. Baina gurago duzu isiltasuna, edo ez dakit zer den zehazki gurago duzuna.
Egurrezko eskailerak igo dituzu banaka-banaka. Presa puntu batekin, baina ez itotzeko bezain astiro; alde-zaharretako eraikinek simetrikotasunarekiko izaten duten erdeinua gorputzera sartzen zitzaizun bitartean. Afaltzera gonbidatu zaitu. Poza eman dizu horrek. Beti da dibertigarria besteekin elkartzea, beti eskertzen da besteek afaria prestatu nahi izatea.
Atea ireki dizu eta ezin izan duzu goragalea disimulatu. Kaleko zapatak kentzen ari zen oraindik. Barkamena eskatu dizu usain txarrarengatik, berak ere ez omen zuen espero. Larrituta esan dizu kanpoan eman dituela egun batzuk eta ez dakiela oso ongi zer dela-eta dagoen izerdi usain arraro hori.
Etxe ederrean bizi da. Ongi apaindutako etxe txiki bat da, atikoa. Bistan dituen egurrezko habeak, teilatuan ibiltzen diren katuen pausoak edo sabai-leihoetatik sartzen den tabernetako sukaldeetako olio erre usaina, ez dakizu zer den espazioa xarmagarri bilakatzen duena. Baina badu beste etxe batzuek inoiz izango ez duten zer hori.
Elkarrekin sartu zarete etxera, leiho guztiak ireki ditu aire freskoa sar dadin. Ez dirudi usaina berehala desagertuko denik.
Ñabarduretan arreta jartzen hasi zarenerako, hara non topatu dituzun leiho ondoko landareak hautsita, loreontzietako lurra nonahi sakabanatuta. Zurbil-zurbil itzuli da komunetik. Norbait ibili dela esan dizu. Komunean dena dagoela hankaz gora. Landarea hil zaiola esan diozu zuk.
Katu bat entzun duzue kanpoan. Hurrengo deskubrimendua iragarri duen miau ozen bat. Kaka topatu duzue bere ohearen gainean. Katu bat sartu dela esan diozu. Katu bat dela seguru.
Bila eta bila ibili zarete. Txoko ilun batean topatu duzuen arte, paralizatuta. Begiak zabal-zabalik. Zuei buruz gauza bera pentsatuko zuen katuak berak ere. Katua konbentzitzeko ahalegina egin duzu hitzez, hiruzpalau aldiz agindu diozu ateratzeko hortik, goxo esan diozu emango diozuela afaltzeko zerbait eta utziko diozuela berriz kanpora ateratzen.
Beldurtuta zaudenean ihes egiten dizu feminitateak. Katuekin bezala portatzen zara poliziarekin.
Leihoa irekitzea eta atun lata bat irekitzea proposatu du berak. Hori egin, argiak itzali eta isilik eta geldi egotea izan da orain arte izan duzuen ideiarik onena. Zeure burua hormaren kontra isilik eta geldi topatu duzunean konturatu zara egoeraren erridukulutasunaz. Kalean afaltzea proposatu diozu.
Ordu eta erdi barru edo berriz eskailerak. Berriz usaina. Berriz lurra eta berriz dena. Katua eta atuna izan ezik, dena lehengo leku berean. Arnasa lasai hartu ahal izatea zer den.
Kaleko katu batek bota zaituzte etxetik. Metafora txar bat ematen du, baina hala izan da. Elkarrekin egin duzue zure etxera arteko bidea, katuei buruz askotan idatzi izan duzula pentsatu duzu orduan. Are, oso garbi izan duzula beti txakur bat baino lehenago adoptatuko zenuela katu bat. Katuak eta txakurrak irakurketa binario arbitrario hori egin zuenari ere zerbait esan beharko dio noizbait norbaitek, baina tira. Gaur baliagarri zaizu. Orain lehen baino argiago daukazu ez duzula katu bat adopatu nahi. Katu batekin haserretu zara. Ezabatu egingo dituzu katuak zure poema guztietatik. Eider Rodriguezekin akordatu zara, baina liburu hori ez duzu ezabatuko. Ez zaizkizu katuak gustatzen. Beste katu bat eguzkitan goxo-goxo etzanda ikusten duzun arte, behintzat.