mikel elorza

Kar, kar, kar

2024ko azaroaren 6a
05:00
Entzun

Autoaren industria krisia jota omen dago —Txinako auto elektrikoak, Alemaniako Volkswagenen inoizko despidoaldi handiena…—, eta sektore estrategikoa izanik gurean, bereziki sentiberak gara. Sasoi latzak mekanikarendako! Baina Valentziatik iritsi diren irudiei erreparatuta, edonork esango luke. Autoak izan dira protagonista:  kale eta plazak blokatzen dituzten elkarren gainean metatutako kotxeak; ur eta lokazpean dauden ibilgailuak; aparkalekuetako irudi eta informazioak… Autoek eman dute tragediaren izugarriaren neurria. Eta, ausartuko naiz esatera, hildako kopuru handienak: auto barruetan hilak; autoetan harrapatuak izan eta urak eramandakoak; gidari temerario eta, sinple eta krudelki, lanera behartuak, bat-bateko lohi tsunamiak harrapatutako gaixoak; autoa salbatu nahian zebiltzan koitaduak (naufragioetako «haurrak eta emakumeak lehenbizi» zaharkitua geratu da, bistan denez; beste bat da modeloa, hau marka!). 

Bestelako formulazioak ere egin litezke, jakina, baina esango nuke XX. mendea autoaren mendea dela. Gure bizimoduak aldatu ditu —ze presentzia literaturan, musikan, zineman… bizitzan!—, gure ingurua aldatu du, hirigintza erabat baldintzatuz. Ibilgailuentzat eginda daude herri eta hiriak, antolamenduaren ardatz dira: gure bizitzak bidegurutze baino biribilgune bihurtu dira, eta bidea ematen diegu… autoei. G lagunak aspaldi seinalatu zuen gaur egun pankartak ez direla herriko plazan jartzen, biribilgunetan baizik. Edo errepideak gurutzatzen dituzten zubietan. Han ikusten ditugu, han bizi baikara. Asko sentitzen dut Oteiza maisuagatik, baina frontoiak telebistan ikusten ditugu eta plazak Interneten daude. 

Norberarena autobizitza da, hitzaren esanahirik koipetsuenean. Izan ere, autoaren industria krisian da, baina autogintza inolaz ere ez. Oraintxe daude sasoikoen autoerretratua, autofikzioa, autopromozioa... Freud bera depresioak jota legoke ikusita bere supernia umemoko bat dela egungo ego elefantiasikoen aldamenean. 

Itzul nadin, baina, bolantera: autoa da eskura daukagun aberria, gure territorio libre ia bakarra (eta gure diodanean gizonezkoez ari naiz: eskuak, oinak eta bista baliatuta ere, hankartearekin gidatzen baitugu). Baina autoak gehiegi daude (heteroak gehiago!!, irteten dit txiste errazak), izugarri gehiegi, eta holaxe goaz, autosuntsitzen. 

Naturaren kontra ari garela esaten da, baina nik ez dut gustuko topiko hori, dioena izadiak itzultzen dizkigula halako batean eragin dizkiogun kalteak, nolabaiteko arimadun izakia balitz bezala, ama lurra, aita itsasoa eta zeru espiritu santua. Ez, gure kontra ari gara, natura suntsituz. Hura kontrolatzeko gai izanagatik ere, edo hain zuzen bagarelako, deskontrola handiegia da. Hirigintza alorreko kirtenkeriak latzak izan dira auto industria baino sustapen inmobiliarioa ekonomia jardueraren ardatz izan den eremuetan (sustapen haietatik datoz oraingo susto eta penak… barka ostera ere zirtogintza merkezurrekoa). Egunotan adibideak asko eta freskoegi daude. Ubideetan eraikitako urbanizazioak Arroila Berri edo Urmael Gozo bataiatu izana baino ez zaigu falta.

Klima-larrialdiarena, hagintzen dutenentzat, oraindik ere eslogan bat baino ez da, errealitatea ez ikusten laguntzen dien koloretako lentilla parea, apaingarri huts. Progresoak zero gehiegi dauzka, eta horietako asko, asko, asko kendu ezean, labezomorroek ere ez dute biziraungo. Degradatzeko mila urte behar dituzten plastiko zatiak eta burdina herdoilduzko karrozeria zaharrak geratuko dira (auto berriek alerta laranja bat ere ez dute aguantatzen). 

Orduantxe azkenduko gara, erabat autodeterminatuta.

(Washington bidali bereziz mukuru dugunez, haiek esango zizueten oso txarrak edo oso txarragoak irabazi duen).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.