Joxerra Garzia.
ARKUPEAN

Kapitalaren kalapita pornografikoak

2016ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Mendebaldeko munduan bizitzen ari garen krisi hau, funtsean, liberalismoaren suntsipena da, hots, azken 30 urteotan nagusi izan den eredu ideologiko eta ekonomikoarena». Hala zioen The Independent egunkari britainiarrak duela zortzi urte, 2008ko martxoaren 28an.

Garbi dago krisia hasi berri samarra zela The Independent egunkariak aldarri hori jo zuenean. Garai hartako hedabideetan sarri agertu ziren horren tankerako adierazpenak, baita are gordinagoak ere. Hamaika porroten ur hotzetan errea, esango nuke hala ere ilusio izpiren bat edo beste piztu zidatela profezia apokaliptiko haiek. Bueltan-bueltan, egiten nuen neure kautan, azkenean Marx zaharrak arrazoi: kapitalismoa, Franco bezala, ez da kanpoko faktoreen eraginez hilko, berez lehertuko da, hartarako baldintza objektiboak berak bere baitan ereinda.

Tokitan geratu dira profezia haiek guztiak: Kapitalismoak primeran asmatu du krisia bere mesedetan erabiltzen. Suntsitu ordez indartu, gotortu eta harrotu egin da (hurrenkera horretan), alternatibarik eza, jendearen beldurra eta indarraren arrazoia baliatuz, besteak beste.

Ekonomia kontuetan (ere) ezjakin petoa naiz, eta ez dakit arrastorik ere gertatzen ari denaren errua nor deabruk duen. Deabruak deabru, dakidana da badirela munduan (han urrutian bezala hemen inguruan ere) santu itxurako asko, «krisia ez da guk sortua» esanda sekulako etekina ateratzen ari zaizkionak gainerako gehienentzat tamalgarria den egoera honi.

Hasierako ikara baretuta, laguntza handik eta laguntza hemendik, zuloak (inoren) diruz estali, eta berehalaxe baretu zen diru-jendailaren kalapita, kapitalak atzera berriz lehengo zorroetara itzulita. Gobernuek kapitala erreskatatu orduko, kapitalak gobernuen gobernua berreskuratu zuen, ordu arteko disimuluak bazter utzita, inoizko erarik nabarmen eta lotsagalduenean.Handik aurrera, eginak egin inork zaunkarik ere egiten ez ziola ohartuta, suntsiketari ekin dio kapitalak. Ez, ordea, profeziek zioten bezala, bere burua suntsitzeari, ongi-izate estatutik geratzen zen apurra suntsitzeari baizik.

Suntsitze lan sistematiko horren sintoma eta arrastoak nonahi ageri dira, toki, alor eta maila guztietan. Estrategia garbia da: murriztu, murriztu eta murriztu (soldatak, gizarte babesa, eskubideak...). Jakina, kapitalak ez dauka zertan berak dantzatu aizturrak, gobernuek egiten diote lan zikin hori, limosnatxo baten truke.

Bitxiena da eskubideak (bideak eta eskuak) mozten zaizkien horien hobe beharrez egiten bide dituela beti botereak murrizketa horiek. Gipuzkoako Diputazioak arrazoi hori aipatu du, besteak beste, Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza (DSBL) kentzeko (beste herrialdeek ez dute lanik izan sekula ezarri ez duten laguntza kentzen): laguntza horrek betikotu egiten duela hartzaile koitaduen menpekotasuna. Aipatzen den beste arrazoia, etorkinen erakarpen eraginarena, pornografiaren sailean sartzekoa da, zuzen-zuzenean.

Kontu larriagorik baden arren, xehetasun batek nauka ni guztiz gaitzitua: DSBL kobratzen ari ziren (eta diren) batzuei nola itzularazten zaien orain lehenago sobera kobratu omen dutena. Kasurik onenean ere hileko mila eurora iristen ez den laguntza jasotzen dutenei bai, horiei azken xentimora arte itzularaziko zaie ustezko zorra (85.000 lagun inguru omen trantze horretan), nahiz kasu askotan administrazioaren beraren erruz ordaindu zaien gehiegi. Banketxei-eta ez, noski, jakinik ere jaso zituzten dirutzetan (Espainian bakarrik, 60.000 milioi eurotik gora), lehen xentimotik azkeneraino, den-dena zela soberakoa, den-dena lizun pornografikoa.

Kapitalak lasai egiten du lo. Gobernuek emandako legeren bat edo beste dela eta inoiz kezka eta haserre plantak egin arren, badaki behorraren ostikoak ez diola kumeari kalterik egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.