«Berdintasuna lehentasunezko lan-eremua da Fundazioarentzat. Horrenbestez, hurrengo denboraldian zehar, emakumeen eta gizonen berdintasunerako lehen plana ezarriko du, 2022rako bukatuta egotea espero dena. Barne-mailan, Fundazioak bere kode etiko eta eskuliburuarenbidez, estamentu guztietan errespetatu egiten ditu berdintasun, diskriminazio eza eta sexu-jazarpenaren prebentzioaren politikak».
Ezetz asmatu zer den? Ba SD Eibar Fundazioak hau da, Eibar futbol taldeari eusten dion «irabazi asmorik gabeko elkarteak» 2018-2019ko Jarduera Memoriaren Berdintasuna atalean jasotako printzipio eta ekinbideei buruzko adierazpena. Fundazioa gobernatzen duen patronatuak hamar kide ditu, horietatik hiru andrazkoak, haien artean zuzendaria. Era berean, emakumezkoa da patronatuaren eta futbol taldearen presidentea ere.
2016ko urriaren hasieran, Sergi Enrich eta Antonio Luna Eibar taldeko jokalarien bideoa birala egin zenean, ez futbol taldeak, ez Fundazioak, ez zuten txintik ere esan. Enrichek eta Lunak Twitter bidez adierazi zuten deitoratzen zutela bideoak «Klubaren irudiari egin ziezaiokeen kaltea» eta damu zirela «gure zaleak eta, oro har, Eibarko herria» irainduta sentitzen baziren. Mutil txintxoen plantan jarrita: «Badakigu futbolista profesionalok etsenplua eman behar dugula arlo guztietan, batez ere haurrei». Azkenik, bideoaren hedapenak bertan azaltzen zen «hirugarren pertsonaren irudiari» ekar zekiokeen kaltearengatik eskatzen zuten barkamena. (Dena balizko tonuan: «pueda dañar», «haya podido ofender», «el daño que pueda suponer»). Idatzi osoan «irudia» da giltzarria. Ez alferrik, irudi eskubideak inportante samarrak baitira futbol profesionalaren munduan.
Eskandalua lehertu zenean, partida bakar batetik kendu zituen Eibar taldeko entrenatzaileak Enrich eta Luna; hori izan zen zigor guztia. Ordainetan, hurrengoan jokatu zutenean, Eibarko zale batzuen txalo eta aldeko oihuak jaso zituzten Ipuruan. Bitartean, Nalua talde feministak zelaiaren inguruan jarritako pankartak udaltzainek bahitu zituzten. Iazko azaroan Enrichen omenezko bideo bat ekoitzi eta zabaldu zuen Eibar taldeak: ETBko albistegietan bere hartan eman zuten lau minutuko bideoaren zati bat. Lunak alde egin zuen Eibartik Gironara; Enrich, berriz, armaginen kapitaina da orain. Eibar taldeak urtea bukatzerako 630.000 euro jasorik izango ditu Gipuzkoako Diputaziotik futbol zelaiaren mendebaldeko tribuna berritzeko, ahaldun nagusiak eta Eibarko alkateak iaz sinatutako hitzarmenaren arabera. Diru publikoa, betiere.
«Enrich eta Luna futbolarien kontrako epaiketa. Zein neurritan da gertatutakoa pribatua?». Epaiketa hasi bezperan, galdera horrekin zabaldu zuen Jon Torner Argia-ko kazetariak bere blogean argitaratutako artikulua. Galdera pertinentea erabat. Batez ere pribatutasuna eskuak garbitzeko aitzakia bihurtzen denean, kasu honetan SD Eibar Fundazioak eta bere taldeak egin duten bezala. Pribatutasuna, izan ere, urratuta zegoen Enrichek eta Lunak emakumearen borondatearen kontra grabazioa egin zuten momentutik; areago grabazio hori zabaltzean, lagunartean besterik ez izanda ere. Zer esanik ez, urbi et orbi hedatu zuenean hirugarren adiskideak, Eddy Silvestre SD Eibarko futbolari ohiak. Ez dago epaile profesionala izan beharrik ondorio horietara iristeko.
Azken ohar bat: hasierako aipua apur bat zuzendu beharra dago azken pasartean, aditz batek ihes egin baitu itzulpenean; horrela beharko luke, gutxi gorabehera: «Barne-mailan, Fundazioak bere kode etiko eta eskuliburuaren bidez 'gainbegiratzen du' estamentu guztietan errespetatu egiten direla berdintasun, diskriminazio-eza eta sexu jazarpenaren prebentziorako politikak». Ea ba antzematen den.
ARKUPEAN
Kapitaina eta lagunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu