Aner Euzkitze.

Kantzelazioa: zatoz, mese

2024ko urriaren 17a
05:00
Entzun

Ez naiz ni aditua euskal musika eszenan, ez nago barruan eta ez dut egoteko asmorik, baina kontzertu gehitxotara joaten naiz gauza onerako. Esan nahi dut ohartu naizela ni ere ezin dela modernita izan eta gizon-arteetan ez ibili, gizonak ez ikusi, gizonak ez ikusi gizonei txaloka, gizonei ez txalo jo, pogo batean ez bukatu, ez amaitu zure parean jarri den gizon-kuadrilla hortik botatzen, ez sentitu nekea. Ez da modernitismoaren kontua bakarrik, badakit, baina balirudike hor ez lukeela behar.

Ahaztu ere egingo zitzaion askori, baina orain gutxi izan zen: Gatibuk badoala iragarri zuen, Sarduik deklarazio inozo haiek egin zituen, erantzun antolatua iritsi zen ustekabean, sorgin-ehiza eta ezindaezeresan ere etorri ziren jolastera... diskriminazioa ez da existitzen baina kantzelazioa bai. Horrela betetzen dira bi BEC.

Batzuk seinalatzen ditugun bitartean, ordea, besteek ere hizketan segitzen dute. Garaitsu hartan atera zen Amets Arangurenek Argia-rako Raimundo el Canasterokoei egindako elkarrizketa. Inozoa izango naiz akaso, nire errua izango da, baina oraindik amorrutxoa sartzen zait lauzpabost gizonek osatutako taldeekin. Eta lauzpabost direnean amorrutxoa sartzen bazait, lotsagabekeria hutsa iruditzen zait, axolarik gabe aurpegira listua botatzea, hamabost gizon disimulurik gabe oholtzara igotzea. Oraindik ere harritu egiten naiz, bai, barkadazue inkontzientzia.

«Hamabost pertsona gara», zioten elkarrizketan Raimundokoek, eta esaldia berrartzen zuen Arangurenek: «Hamabost pertsona edo hamabost gizonezko?». «Hitz egin izan dugu horretaz, baina listo, ezin dugu ezer egin. [...] Gauzak horrela dira, naturalak. Ez dugu Lizarra edo Iruñea inguruan flamenkoa kantatzea gustatzen zaion eta ongi egiten duen neskarik ezagutzen. Ez dugu probatu, baina ez ditugu ateak itxita. Lagun talde bat izan da, finean».

Eta iruditzen zait Sardui hasi dela berriz ere hizketan, Sardui milenial bat. Edo bestela, eta ziurrenik, Sardui ez dela hain berezia, eta modu asko daudela galtzak jaitsi beharrik gabe ere zakila ateratzeko. Ikustagun, zenbat hitz daude hiztegian diskriminatu esateko diskriminatu esan gabe? Hauek ematen ditu Elhuyarrek: baztertu, apartatu, alboratu, kaleratu, ez dugu ezagutzen baina ez dugu probatu, zokoratu, bazter utzi, bazterreratu, bazterretsi, lagun-talde bat gara, kanporatu, ez gonbidatu, sartzen ez utzi, saihestu, ekidin, gauzak horrela dira naturalak, ateak itxi, ateak ez ditugu itxi baina begira zer dagoen ateaz bestalde, zergatik ez duzu etorri nahi? oso jatorrak gara.

Norbere botereari ez begiratzea diskriminatzeko modu bat da. Zure hamabost lagunik onenen artean denak gizon zisak izatea hautu baztertzaile oso naturalizatuen ondorio da. Hautu kulturalak ukatzeko naturalitatea aipatzea da hautu kulturalen errepikapenaren azken muturra. Zure taldean hiru tipo mediokre mikro banari txalo jotzen edukitzea gauzak sakontasunerako pretentsiorik gabe egitea bainoago, gauzak sakontasunerako pretentsiorik gabe egin ahal izatea da. Iruñerrian txalo jotzen dakien inor ez dagoela esatea gezurra esatea da. Gizonen lagun-talde esklusiboak lagun-talde matxistak dira, lagun-talde esklusiboki heterosexualak lagun-talde homofoboak dira. Guk argi daukagu hala erabaki dugulako ez zaudetela gure lagun-taldeetan, musika-taldeetan, etxeetan, festetan, pogoetan, bertso-saioetan, asanbladetan; zuek ere badakizue, baina gainera ukatzera ausartzen zarete.

Non dago kantzelazioa gehien behar dugunean? Pixka bat existituko balitz, pixka bat bakarrik, debekatuta leudeke honezkero gizonen taldeak. Gatibu aspaldi joan izango zen BECik bete gabe. Kaparrak ez litzateke existituko Aretxabaletan zer egiten ari diren ikusita. Inori ez litzaioke okurrituko bere herriko festetako kartela osatzen duen bezala osatzea. Eta niri, niri behintzat, ez lidake batere inportako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.