Ana Malagon.

Kafetegian itxarotea

2024ko urtarrilaren 11
05:00
Entzun

Ez naiz inoiz eskiatzera joan eta, hala ere, nire esaldirik gogokoenetako bat «kafetegian itxarongo zaituztet» da. Askotan esaten dut, nire nagikeria azaleratuz, bizitzaren une honetara helduta, ez bainaiz inor engainatzen hasiko: alferra naiz. Ez nintzen inoiz eskiatzera joan, ezta lagunekin egiteko neguko planik zirraragarriena zenean ere. Udako Zirrara Olinpikoetan ere ez nuen parte hartu. Ez nuen Saloura bidaia hura egin. Elur gainean, hondarrean bezala, halako deserosotasun bat sentitzen dut, zoru egonkor bat ez zapaltzeak eragiten didan ezinegona. Beharbada lagun haiekin, adin petral hartan, gauza bera sentitzen nuen. Ez zegoela heldulekurik, horrelako abiada hartzeko. Eta niri ez zait inoiz abiada gustatu.

Albistegietan ematen duten eskiatzeko estazioen informazioari begira, beti etortzen zait burura Audrey Hepburn-ek Charade film zoragarrian Cary Grant-en pertsonaia ezagutzen duen une hura. Eski estazio bateko kafetegiko terrazan hasten du eszena Hepburnek, bere lagun bati senarrarengandik dibortziatu nahi duela aitortuz. Estazio bereko beste terraza batean amaitzen du eszena, Cary Grantek Frantziako Alpeetako bistak oztopatzen dizkiola. Ez ditugu eskiatzen ikusten. Zertarako. Zerbait askoz ere hobea ikusten dugu: elkarrizketa bitxi bezain bizi bat. Bi pertsonaien izaera erabat kontrajarria aurkezten zaigu. Hurrengo eszenan, Parisen daude. Hasiera perfektu bat da. Eskiatzeko plan batetik egin daitekeen gauzarik onena plan horretatik itzultzea delako.

Badira bueltatu ez direnak. Astunen gertatu zen. Maldan behera zihoala, bere senarrarekin arinki talka egin zuen emakume batek. Senar-emazte bizitzan zehar egunero izango zituzten beste talka batzuen antzekoa izango zen. Komunetik ateratzerakoan edukitako ehunka bezalakoa. Baina kolpe hark oreka galarazi eta pistatik atera zuen emakumea. Hirurogeita hiru urte zituen, eta mendi-hegal luze bat aurretik, hil baino lehen bizitza osoa igarotzen ikusteko. Ikusiko zuen azkeneko gauza, inoiz paretik kentzen ez zen bere senarra izango zen. Azken-aurrekoa ziurrenik ere bai.

Paretik kentzeko nire trebezia faltak eskiatzaile tamalgarri bat egingo ninduke (eta, antza denez, hiltzaile potentzial bat ere bai). Maiztasun kezkagarri batekin gertatzen zait kaletik nabilela norbait parez pare datorkidanean (edo ni noakionean, dena ikuspegi kontua da) talkara garamatzan ibilbidea apur bat desbideratu nahi izatea eta nire parekoak erabaki bera hartzea eta gero beste aldera, eta berak ere bai. Ez gara dantzatzen ari, izkin egiten saiatzen baizik. Paretik kentzen saiatzen garen arren, beti gaude hor. Normalean irribarre indartu bat egiten dit dantza-bikote ezezagun horrek. Noizean behin haserretu egiten zait presaka dabilen norbait bada.

Hobeto nago eserita (eta isilik).

Eskiatzeko estazio batera joanez gero, asko lirateke kafetegian itxaroteko izango nituzkeen arrazoiak. Kafetegian itxaroten dutenei begira gelditzea adibidez. Abiada eta bigorismoa ospatzen duen gizarte baten hondakin sedentarioak. Te katilutik leihora, leihotik liburura, liburutik beste mahairen batean dagoen beste hondakin sedentario horretara, nire hankek baino, horiek izango lirateke nire begiek egingo lituzketen kilometroak, eslalometako sigi-sagak eta begirada iraupen-eskia tartekatuz. Horretan ere paretik kentzeko gaitasun falta nabarmen bat erakutsiz.

Gaur egun inork ez du eskiatzera joateko inolako asmorik nire inguruan. Cary Grant edo Audrey Hepburn topatzeko nituen aukera eskasak desagertu egin dira beraz. Hiriko kafetegietako zirkuituan praktikatzeko aukera dudala pentsatuko duzu. Puntual baina beti apur bat beranduago heltzen naiz eta besteak dira nire zain daudenak. Hiltzera noala nire begien aurretik behin eta berriz pasatuko diren lagun horiek.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.