Goizero, esnatu bezain pronto burura ekartzen ditut lo garaitik gogoratzen ditudan ametsen zatiak. Denak izaten dira arraroak, ez dut ezer berririk esango. Berriki, gozotasunik gabeko ametsa sortu nuen nire baitan: gonbitoz gainezka zegoen komunetik nire bikotekidearen eraztun bat berreskuratu nuen. Ez dut zehaztasunik idatziko, ez du merezi; hori nire baitan geratuko da, goragalerik sor ez dagizun. Amets zikin bat, zer nahi duzu esatea; ametsen mundua den bezain kafkiar bezain kakar.
Beti esan ohi dut Internetek nerabezaroan harrapatu izan banindu eskola-porrotaren adibide izango nintzatekeela entziklopedietan eta, modernizazioari bide emanez, Wikipedian ere sarrera mardula izango nukeela. Beraz, jaio ginen garaiaren alde ona gogora ekarri ondoren, Internet sarean begiratu nuen memoriak buruaren erdigunera ekarri zidan ametsaren esanahia. Ezer berririk ez, beste behin. Webgune bat sortzea edozeinen esku dago, eta berau elikatzea, beste horrenbeste. Hala ere, esan dezadan, ametsen munduaren esanahia eskura ematen duen webguneak estresarekin dantzan nabilela esan zidala. Hori banekien baina: kaka.
Estresari ostikoa eman nahi izan nion Aloña Erauskinen hitzak irakurri nituenean. Jone Arruabarrenak hitz hauek argitaratzen dituen etxean egin zion elkarrizketa, igandeko alean argitaratu zena. Aloeder izeneko podcasta du Erauskinek eta, besteak beste, estresari ostiko galanta emateko esaten digu. Ez darama bizitza samurra: jaio zenetik bihotza arazoak zein kreditua ematen ari zaizkio egunero. 24 orduko bizitza eman zioten medikuek bere ama erditu bezain pronto. Mende laurdena pasa da ordutik eta bihotza hari gorri fin batek lotuta dauka bizitzara. Dena ondo antzean zihoakion duela bi urte arritmia batek atea jo eta heriotzaren marrara hurbildu zuenetik. Ordutik hona, bizitzaren gauza txikienak ere handi egiten ditu Aloñak eta argi adierazten digu ez duela merezi estresaren bidean joatea. Ez du penarik eman nahi, eta ez du ematen. Pena ematen dutenak gu gara, altzairuz eginak garela pentsatzen dugunak, gonbitozko ametsek nazkaz beteta esnatzen gaituzten arte. Kaka.
Noizbait pentsatzen hasten gara zein adinetan etorriko ote zaigun heriotza eta errezeloa daukat aitonaren edo amonaren itxurarekin irudikatzen dugula geure burua. Arnasa eteten zaigun unetik aurrerakoa zer den ez jakiteak aztoratzen gaituenez, hobe bideojoko berezi honen pantaila honetan ahalik eta denbora gehien geratzea. Pantaila zaharkitzen da, ordea, eta zaintzaren beharra izango dugun pentsamendua gure baitaren erdian ere paratzen da. Eta hori dirua da, diru asko. Eta baldintzak, baldintza asko. Baldin eta zahartzen bagara eta baldin eta laguntzarik beharko bagenu, gutako askok zaintza hori ordaindu egin beharko dugu. Baldin eta pentsiodunak izango bagara, akabo dirua. Familiakoek ere (baldin eta nahiko eta ahalko balute) ordaindu beharko dute gure zaintzengatik, gero eta gehiago baitira adinekoen egoitza pribatuak gure artean.
Franz Kafkak berak ere ezingo luke halako egoerarik irudikatu: adinekoak dira egun zomorro bihurtzen direnak, bizitzak zaintza eskatzen duen bezain pronto karga beltza bihurtzen direnak. Karga da era berean gizarteak eskaintzen diguna: helburu efimeroetara iristeko beharrak zein urrunera begira jarri behar izatearen ikasitako joerak. Urrunekoak miopia sorrarazten digu azken batean, gertu dagoena begi aurretik desagerrarazten dugun bitartean. Kafkak, gure artera etorriko balitz eta hau guztia ikusiko balu, bere metamorfosia gero eta txikiago egiten ikusiko luke. Kaka.