Xabier Mendiguren Elizegi.
ARKUPEAN

Justiziaz nahiz gizatasunez

2019ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Francok 1939an gerra irabazi zuenetik pasatu diren laurogei urteetan, tartetxo batez bakarrik ez da egon euskal preso politikorik Espainian, 1977ko amnistiaren ondoko asteetan. Borroka armatuarekin jarraitzea, une hartan, hanka-sartzea ala koherentzia izan ote zen eztabaidatzen jartzea antzua litzateke, eta batez ere faltsua, egungo parametroekin ez baitago ordukoa zuzen epaitzerik. Burdinen alde nahiz kontra egon, garai hartan inor gutxik pentsatuko zuen berrogeitaka urte geroago oraindik preso politikoak egongo zirenik. Sasoi hura bizi izan ez zutenei arraroa egingo zaie, baina 80ko hamarkada hasieran atxilotu eta epaitutako etakideek ez zuten defentsa juridiko ganorazkorik izaten, epaitzen zituen tribunala salatzera mugatu ohi ziren, hura dena fartsa bat zela esanez, eta «datorren urterako, negoziazioa eta denak kalera» agintzen zieten goitik, eta sinesten zuten; garai bertsuan, armen bideari uko egin eta gizarteratzea onartzen zuten etakide presoak kalera ateratzen ziren ia berehala, diskrezioz: estatu espainiarra une hartan hori onartzeko prest zegoen, borrokan jarraitzen zuen erakundea ahultzeko balioko zuelakoan.

Hori dena, gaur, aurrehistoria iruditzen zaigu, ia-ia. Zortzi urte igaro dira ETAk bere jarduera armatua behin betiko utzi zuenetik, urtebete erakundea desegin zenetik: dagoeneko ez da; gerra hau ere amaitu den bezala amaitu da, eta eztabaida semantikoa besterik ez da horri porrota, estrategia-aldaketa edo egokitzea deitzen diogun; kontua da oraindik ere berrehundik gora gizon-emakume daudela giltzapean, eta orain inork ez diela esango: «Lasai, datorren urtean denak etxera». Oraingo panoraman, presoen bizi-baldintzen hobetzea ez baita garaipenaren bidean eskuratuko den lorpena izango, ezta garaiturik eta garailerik gabeko erdibideko soluzio teknikoa ere. Zorionez edo zoritxarrez, gaur egungo hizkeran eta eskeman, gizatasun edo humanidade auzia da presoena: limosnatxo bat eskatu ohi zen bezala jainkoaren izenean, larriki gaixo dauden presoak etxeratzeko eta gainerakoak etxetik gertuagoko espetxeetara ekartzeko eskatzen dugu orain, gatazkaren ondorioak konponbidean jartzeari begira. Pentsatzen jarriz gero, apur bat mingarria da bizitza osoa borrokan eman duen militantearentzat, bere bizia eta besterena ere jokoan jartzeko prest; hala ere, egungo indar-korrelazioarekin umekeria ergel bat da besterik gabe amnistia eske jardutea, orain dela hogei urteko moduan.

Gogora datozkit II. Mundu Gerran soldadu japoniarren esklabo sexualak izandako emakume txinatar, korear, filipinarrak; edota mendetan Ekialdeko Europan (Oder-Neisse ibaietatik sortaldera) bizi izan ziren alemanak, gerraren ondoren beren lurretik kanporatuak eta beren ondasunez gabetuak izan zirenak. 70 urte igaro eta gero ere, injustizia horien biktimek protestan jarraitzen omen dute, haien kausa munduan ia inori axola ez zaion arren, eta beren herrialdeetan bertan ere gero eta gutxiagori, sufritu zuten haiexei eta haien ondorengoei baizik ez. Ez nuke nahi euskaldun presoekin halakorik gertatzerik eta hogei urte barru urtarrileko manifestazioak Bilbo edo Baionako kaleak kriseiluz betetzerik. Horretarako, kontraesana dirudien arren, Bilbo eta Baionako kaleak betetzen segitu behar dugu, larunbat honetatik hasita, justiziaz harro aldarrikatzeko ezin bada, humanitatearen izenean apalki baina irmo eskatzeko behintzat presoen auzia konpondu egin behar dela, bidegabea dela haiei eta haien familiei egiten dietena, gatazkaren konponbideak aitortza hori eskatzen duela, askori axola zaizkigula presondegietan daudenak, gaixoei zor zaiela etxean egotea, eta preso guztiek behar luketela gizarteratzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.