Pastoralak berezkoa du iraganaren eta intsentsuaren dasta eta kutsua. Baina orain Joxemiel Bidador zenaren omenez Iruñean abian jarritako ekimenak bestelako zentzu modernoa eta haustailea ematen dio. Joxemielek berak, hain gazterik ez balitz hil, nahiko lukeen bezala.
Nik neure aldetik aipamen eta aitormen xume batzuk egin nahiko nizkioke, ezinezkoa izanen zaidalako datorren 10ean Iruñeko udaletxe saihetsean pastorala ikustea.
Joxemiel Bidadorren lehenengo aitorpenak orokorra behar du; zera, alegia, euskal kulturak Nafarroan zailtasun eta oztopo guztien gainetik eta tartetik ateratzeko egiten zituen ahaleginei itxura, irudia eta duintasuna aitortzen eta azaltzen saiatu zen Joxemiel. Edo berdin dena, aintzat hartzen eta aintzat hartuak izateko laguntzen eta ezagutzera ematen Nafarroako bazterretan gerra ondoreneko berunezko urte luzeetan euskara eta euskal kultura erabiltzen, idazten eta bultzatzen setiatutakoei. Isilpean bizi izandako eta jardundako nafar idazleak azaldu eta ezagutzera eman ez ezik, beste askoren aipamen eta zertzeladak agertu zituen.
Joxemiel Bidadorrek azterketarako jakintza, adore eta dohain bereziak zituen. Arlo horretan gogoratu nahiko nituzke Euskaltzaindiak Nafarroa Oinez zela-eta Lodosan 2001/10/19an eta Tuteran 2002/10/18an egindako bilkuretan azaldutako txostenak. Lodosan Eusebio Lopez, Isaak Lopez Mendizabalen aitari buruz. Tuteran Erriberako hiru euskaltzain urgazle, Peralta, Iribarren eta Garde izandakoei buruz.
Halere, Joxemiel Bidadorren ekarpen bereziena gure egunetako Nafarroako euskal idazleen azterketa oparoa izan da. Bidador beti adi, so eta prest egoten zen Nafarroan euskal kulturako gorabeheraren bat egosten ari zela zirudienean.
Egia esan, inolako harrabotsik gabe han egoten zen beti Joxemiel Bidador prest, so eta adi eta ez zegoen ihes egingo zion inolako xehetasunik. Adibidez hara nola nire azken hiru liburuen aurkezpenarekin badaukan zerikusi maitagarri bana; Eneko Aritzaren Hilobia deituaren aurkezpenean hantxe egon zen beste hiru idazle lagunekin. Bizi izeneko poema liburua Zaldiko Maldikon aurkeztu genuen bion artean, poemak txandaka irakurriz; berak —Joxemielek— liburu berriko olerki bat irakurtzen zuen eta nik lehenagoko liburuetako beste olerki bat; huraxe izan zen osasuntsu azkenik ikusi nuen eguna. Absurdoko Kontuak liburua argitaratu nuenerako Joxemiel joana genuen eta liburuaren eskaintza egin nion, euskal kulturari denbora laburrean egindako ekarpen oparoa gogoratuz eta eskertuz.
Iruñean pastoralaren ereduaren bitartez oholtzan ikusiko dugu Joxemiel Bidador. Lekukorik egokiena da nafar kulturaren euskaltasuna aitortzeko.
Arkupean
Joxemiel Bidador nafar oholtzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu