Josefa de Hipolito eta Martin Montes, haren senarra, gozogileak ziren. Tuterako kale nagusian denda txiki bat zuten eta bertan Nafarroako Erriberako hiriburuko biztanleei hainbat produktu eskaintzen zizkieten, gozokiak, eztia eta, besteak beste, Erdi Arotik Europa osoan horren arrakastatsua zen hipocras edaria. Josefa zen maistra edaria prestatzen, proportzioak inork baino hobeto ezagutzen zituen. Zenbat ardo, zenbat ezti, zenbat jengibre, piper beltza... eta familiaren barruan altxor bat bezala gordetzen zuten. Beste espezien kopurua inork baino hobeto kontrolatzen zuen. Josefaren edari ospetsuaren bila etortzen ziren Tuterako izkina guztietatik. Txikitatik ikasi zuen Josefak hipocras edaria eta beste gozokiak prestatzen. Neskato txiki bat zenetik lagundu izan zion-eta aitari dendaren atzean zuten tailerrean lan egiten. Aita zahartu zenean, bere alaba Josefari, betidanik euren seme-alaben artean gozokien elaborazioan prestutasun handiena erakutsi zuenari, dendaren ardura uztea erabaki zuen. Jakinda emakumeek ezin zutela gozogile maisuaren titulaziorik eskuratu, aitak laguna zuen beste gozogile baten semearekin ezkontzea adostu zuen. Martinek azterketa gainditu zuenean, Josefaren aita erretiratu zen eta bikote gaztearen eskuetan utzi zuen denda. Josefak arreta ematen zien bezeroei, kontuak eramaten zituen eta tailerrean ere laguntzen zuen. Martinek eta Josefak bost seme-alaba izan zituzten, eta denetan kuttunenak euren denda eta tailerra ziren.
Hamabost urtez lan egin zuten elkarrekin, baina 1675. urtean Martin, gripeak jota, hil egin zen. Alargunak bizitzari ahal bezala eutsi zion, eta bere seme-alaben platerak egunero bete nahian, zuen pena irentsi eta denda irekita mantendu zuen. Bazekien berez, eta gremioen estatutuen arabera, urtebetez mantendu zezakeela soilik irekita gozoki denda, bere dolu urteak irauten zuen bitartean. Ohikoa zen horrelako atalak gehitzea gremioen estatutuetan. Izan ere, gremio-kideak kontziente ziren beraien heriotza iritsi ahala denda eta lantegia izanen zela euren alargunen sostengu bakarra. Baina urte hori pasatu zenean Tuterako Gozogile Gremioaren salaketa jaso zuen Josefak, «por intrusismo profesional» salatzen zuten, eta epaileei eskatzen zieten Josefaren denda ixtea. Estatutuez baliatuz, argudiatu zuten Josefa ez zela berez maisua, ez baitzuen azterketarik egin, eta, barne araudiak esaten zuen bezala, ez zuela gizonezkoa zen maisurik bere denda kudeatzeko. Tuterako gozokien kalitatea arriskuan jartzen omen zuen Josefak.
Ez zuen ezertarako balio izan Josefaren urteetako esperientziak, ezta bere hipocras edariaren arrakastak ere. Edo agian, arrakasta hori, hain zuzen ere, izan zen beste gremio-kideen jeloskortasuna piztu zuena. Edozein kasutan, 1675eko epaiaren arabera, Josefak gremioaren barruko maisu bat kontratatu behar zuen edo denda itxi. Laburbilduz, emakume bat izateagatik garai hartako gizarteak ulertzen zuen ezin zituela egin eremu publikoari zegozkion lanak eta gizon bat alboan behar zuela izan egiten zuen lan teknikoaren kalitatea bermatzeko.
Josefaren kasua bezala beste ehun bat kasu aurki ditzakegu Nafarroako Artxibo Orokorrean XVI. eta XVII. medeetan; zapatari, hargin, zilargile, kapaginen alargunak auzitegien aurrean gizarte patriarkal horrek uzten zien esparru publiko gutxi horiengatik borrokan. Atzerago eginez, soilik mende bat edo bi lehenago, emakumeek bazuten eskubidea gremio-kideak izateko, ofizioak ikasteko eta maisu titulua lortzeko. Jakin berri dugu, Science Advance aldizkari zientifikoari esker, orain dela 900 urte bizi izan zen emakume baten hezurdura aztertuz ondorioztatu dutela eskribau lanak egiten zituela. Eta jakin badakigu ere emakumeen historia ez dela lineala izan; aurrerapausoen ondoren atzerapausoak eman dira. Gaur egun bizi ditugun lorpenak estropezu askoren ondoren lortu ditugula. Eta badakigu ere pribilegiatuek arriskuan sentitzen dituztenean pribilegio horiek eskuen artean duten artilleria guztia ateratzen dutela euren posizioa mantentzeko. Hain zuzen ere, gaur egun hori gertatzen ari zaigula argi dago. 2018ko olatu feministak agerian utzi zuen indar horren guztiaren aurrean makineria guztia martxan jartzen ari dira berriro ere emakumeok atzera itzultzeko. Josefa asko daude gure inguruan, arrisku asko gure artean, aurrera egin dezagun, beraz.
ARKUPEAN
Josefa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu