Inaki Galdos

Jose Villanueva Amezketaren paperak

2025eko otsailaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Patty Miller ohiko lanetan zebilen, berak zuzentzen duen Boiseko euskal museora Maria Teresa Robles Lopez eta Tony Villanueva ama-semeak kaxa batzuekin hurbildu zitzaizkionean, batez ere paperez josiak. Baziren urte batzuk hauen senarra eta aita zena, Jose Villanueva Amezketa (Bilbo 1895, Emmett 1981) hil zela eta, inguruetako euskal diasporako beste familia askok bezala, urrats hori egitea erabaki zuten, non gorde han baino hobeto artxibo haiek. Millerrek ezagutzen zituen gizon haren bizitzako pasarte batzuk eta, beraz, bazekien interesgarriak izango zirela. Baina, ororen gainetik, berehala jabetu zen hura ezberdina zela hango euskaldun gehienek gordetzen zituzten paperekiko: kronika politiko eder bat idazteko moduko altxor txiki bat zen hura, normalean Euskal Herriko politikarekiko historikoki uzkur agertu ohi den komunitate baten baitan gertatua.

Zerbait egin beharra zegoen eta hala ekin zioten. Meggan Laxalt izan zen Villanuevaren artxiboan murgildu zen lehen pertsona, 2014an. Hiru urte beranduago, Marsha Hunter ikaslea —handik gutxira hil zen— izan zen Boiseko Estatu Unibertsitaterako lan osotuago bat egin zuena, Larraitz Ariznabarreta, John Bieter, John Ysursa eta David Lachiondoren ikuskapenarekin. Benetan lan oparoa, baina, Euskal Herritik begiratuta, gabezia bat duena: paperotan agertzen diren pertsonak eta kontatzen diren gertakizunak testuinguru politikoan jarri beharra. Adibidez, ez da gauza bera gutun pare batean Gallastegi abizeneko pertsona bat aipatzen dela esatea edota Eli Gallastegiri buruz ari direla zehaztea. Biribildu beharreko lana da hori.

Jose Villanueva oso gaztea zela abertzaletu zen; euskara ikasteari ere ekin zion Bilbon, aipatutako Eli Gallastegi irakasle zuela, bere gutunetan gogoratzen duen bezala. 1916an joan zen New Yorkera, baina 1923ra arte ez zuen mendebalerako bidea hartu, Boiserakoa hain zuzen ere. Musikari aparta ere bazenez, musikari eman zizkion batez ere zazpi urte horiek. Idahon artzaina izateko saiakeraren bat egin ondoren zapatari lanari ekin zion azkenean, Emmett izeneko herrian, Boisetik hurbil. Aitaginarrebaren ofizio bera. Emazteak Lekeition zuen jatorria eta bera ere abertzale sutsua zen: 1934an eskatu zuen Ameriketatik Emakume Abertzale Batzako kide izatea.

Musika, ardiak eta zapatak. Dantzak ere bai, Koldo San Sebastianek kontatu izan duen bezala, bera izan baitzen Idahoko lehen euskal dantza taldea sortzen Jon Bilbaoren laguntzaileetako bat, Boiseko (eta beste toki askotako) euskal komunitatearen begirada mesfidatiei aurre eginda, bide batez esana. Baina, ororen gainetik, Jose Villanueva euskal abertzaletasunaren langile eta propagandista izan zen; diru biltzailea ere bai. Laguntza handia eman zion batez ere New Yorken lanean zebilen Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzari, nahiz eta, paperetan garbi ikusten da hau, etsigarria izan zen sarri bere lana, politikari buruz ezer jakin nahi ez zuen komunitate baten baitan. Bizpahiru adiskide konprometituren babesaz at, ezer gutxi hango euskaldunen artean. Kamusada baten kronika ere bada Villanuevaren artxiboa.

Baina zinez aberatsa. Jose Antonio Agirre, Anton Irala, Jesus Galindez, Manuel eta Ramon de la Sota, Jon Bilbao eta aste hauetan Paris hizpide ezaguna egin zaigun Francisco Belaustegigoitia dira Villanuevaren korrespondentzian agertzen diren pertsonetako batzuk, sarri oso gauza interesgarriak idazten gainera. Hunkigarriak ere bai, adibidez Galindezek New Yorketik Agirre lehendakariaren berragerpenaren berri ematen dionekoa. Esan bezala, altxor txiki bat, ia ezustean iritsi zena. Merezi duen eginkizuna da paper hauen inguruan aurrekoek egindako lan bikaina burutzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.