Aner Euzkitze.

Jon eta garbantzuak

2024ko apirilaren 18a
05:00
Entzun

Burbuila batetik atera ahal izateko nahitaez hautsi behar izaten da burbuila bera. Berri bat sor diezaiekezu bertan geratu nahi izan dutenei, baina desegin da honezkero xaboiaren eta uraren eta dena delakoaren nahasketa poetiko-kimiko zehatz hori, eta ez da egongo, ziurrenik, berriz sortuko duenik. Burbuilak ere horixe dira: denok aire bera arnasten ari garelako simulazio pertsonalegiak. Zure kuadrillakoek zure kuadrillako izateko gogorik biziena daukaten egunean al daukazu zuk ere haien kuadrillakoa izatekoa? Egunero izan nahi al duzu zure kuadrillakoen kuadrillakoa? Nork ez ote du sekula eduki zalantza gaizto hori, ea lagunek nik ikusten ditudan bezain lagun ikusten nauten, ea benetan izan nahi duten nire lagunak. Antsietatea daukat, badakit, ok.

Gogaikarriak iruditzen zaizkit maiz metafora gastatuegiak: icebergak, bihotzak, edalontzia gainezkatzen duten ur-tantak, paradisuak, burbuilak. Gogaikarria iruditzen zait neure burua entzutea «eraiki dezagun zubi bat» esaten. Aber, ze zubi eta ze eraikin? Hitz egingo duzu normal? Besarkada bat emango diozu edo isilduko zara behingoz, Aner? Merkatua da, lagunok, gauzek balioa galtzen dute denontzakotu ahala. Burbuilek ere bai.

Udalekuetatik itzultzen naizenean gertatzen zait beti. Bat-batean eta hamabost egunez, porrot txiki bat da Jonek ez dituela garbantzuak jan, eta iraultzarik iraultzena Carolina dutxa mistoetan sartu izana gaur ur beroarekin dutxatu nahi zuelako. Hain bizi izaten naiz leku, denbora, garai, gizarte, egitura, geografia propioetan, ez naiz ohartzen bitarte horretan tranbia obretan has daitekeela Gasteizen eta oinez etxeratu beharra suerta dakidakeela. Hainbeste sartzen naiz lerro espazio-tenporal gotor batean, ez zait burutik pasatzen tarte horretan pisukidea bikote-harreman batean has daitekeenik. Aititek lehen beste hiltzeko aukera dituela, eta agian ez daukala ni udalekuetatik itzuli arte itxaroteko gogorik. Berdin hiltzen direla aititeak umeak —eta begiraleak— udalekuetan daudenean.

Puntu batera arte, ekidinezina zait pentsatzea munduak ez duela lehengo koordenatu beretan jarraitzen. Puntu hori baino pixka bat lehenagoko puntu batera arte, uste dut sanoa eta beharrezkoa ere badela. Deshinibitzea, desanexionatzea lur benetakoegi horretatik, pentsatzea errealitatea ez dela erreala. Oihana Aranak esan zidan behin bera udalekuen idealizazioaren alde dagoela apur bat, desiratzen ditugun utopiak ikusi egin behar ditugula han bizi ez garenean ere nora heldu nahi dugun jakiteko. Jonek garbantzuak jatea. Hori bai utopia.

Kaleak enkartelatuta daude. Telebistak, sare sozialak, sare asozialagoak, iragarkiak, eraikinak, etxeak, errepideak, ez dakit, dena. Gauza asko gertatzen ari omen dira. Gauza bakar bati buruzko gauza asko direla ematen du batzuetan. Debateak, elkarrizketak, agerraldiak, mitinak, reelsak, txioak, bertxioak, artikuluak, artikulu hau, joe, ez dakit, gauza asko.

Eta ni lotsatu egiten naiz kotxean Quiero montarme en tu velero abestuz joan nahi dudalako, eta ez Euskadi Irratia entzuten. Normalean baino gehixeago lotsatzen naiz normalean baino gauza gehiago gertatzen ari direlako sentsazioa pizten ari zaidalako. Kontua da uste dudala lehen gertatzen ari ziren gauzek jarraitzen dutela gertatzen, baina berriz ere lortu dutela gu gizon gorbatadun, familia politdun hainbaten arteko eztabaidei begira jartzea.

Eta eduki dezakeen garrantziari uko erabatekorik egin gabe, batzuetan pentsatzen dut aho horietatik irristatzen diren arazo material zenbait benetan jasaten ditugunontzat, hautagai batek adierazpen batean erabili duen termino baten aldaera sinonimikoen semantikaren gainean sortzen den debatea, neurri batean, ez ote den hiltzen ari den aititerentzat Jonek garbantzuak jatea bezain errelebantea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.