Harrapatuta nauka Manuel Vicent (Vilavella, Castelló, 1936) kazetari eta idazleak bere azken liburuarekin: Una historia particular (Alfaguara, 2024). Autobiografia zinez berezia da, irakurlearen konplizitatea sustatzen duena. Bitxia gertatzen da liburua bere egituran; izenburu pare bat besterik ez dauzka, azalekoa, eta hitzaurrekoa, hau dioena: No es necesario escribir para ser escritor (Ez da beharrezkoa idaztea idazle izateko). Kapituluak laburrak dira, hiru orrialde hartzen ditu bakoitzak batez beste, eta hiru orri horietan bere bizitzako atal bana jorratzen du idazleak, testuinguru soziala ahaztu gabe. Lehenengoan bi urte omen zitueneko oroitzapena: familia osoak gerrako frontetik ihes egin zuenekoa gurdi batean, zalapartaka, etxetik oinarri-oinarrizko gauzak hartuta, ezinbestean. Aurrerago Pío Baroja idazlearekiko miresmena aitortzen du Manuel Vicentek: «(…) idazle izatearekin amets egiten nuen eta Baroja irakurtzen nuen». Lehena, Camino de perfección (1902) nobela izan omen zen.
Liburuaren aitzakian elkarrizketa egin zion Xavier Fortesek Manuel Vicenti TVEko La Noche en 24 Horas saioan (2024-06-11). Hiztun aparta, dotorea eta originala aldi berean, ausarta eta topikoetatik ihes egiten dakiena, hainbat gai errepasatu zituen, batez ere politikari lotuak: «Ezin naiz harrotu diktaduraren aurka borrokatzeaz». (Alegia, ez ote zuen nahikoa egin). «ETAkoak mutil ausartak ziren». «Felipe Gonzalezek egin zuen gauza bakarra izan zen ezkerra hartu eta eskuinera biraraztea». Pasionaria —Dolores Ibarruri— zortzikoak kantatzen gogoratzen du Manuel Vicentek. Liburura itzulita, bere buruaz aitorpen hau egiten du idazleak: «Arratsaldearen bukaeran, bi argiren artean, depresio uneetan, negar egin dezaket garai hartako kantak entzuten baditut». Eta hor Las hojas muertas (Les feuilles mortes) abestia aipatzen du. Liburuan zehar garai bateko beste hainbat kanta eta abeslari ere ageri dira: Billie Holiday, Otis Redding, Ella Fitzgerald... Idazleak banda musikalaz zipriztintzen du bere jarduna.
Manuel Vicentek aipatzen ez dituenetako bat Françoise Hardy da (Paris, 1944-2024). Kantari frantziar hau hil dela jakitean, gure belaunaldikooi automatikoki etorri zaigu belarrira —eta ahora— bere kantarik ezagunena: «Tous les garçons et les filles de mon âge se promènent par la rue deux par deux...»; kantatu baino gehiago errezitatu egiten genuen abestiaren hasiera hori, eta Hegoaldekooi frantses apur bat ikasten lagundu zigun 60ko hamarkada ye-ye hartan. Françoise Hardyk, minbiziaz gaixo, duela hilabete batzuk eskatua zion Frantziako presidente Emmanuel Macroni eutanasia legea behingoz onartu eta indarrean jartzea. Alferrik. Gezurra dirudi Frantzia bezalako herrialde batek heriotza duina babestuko duen legerik ez izatea oraindik.
Eta beste heriotza bat, hau supituki eta uste gabean: Koldobika Jauregi artistarena. Altzürükün egin genuen behin zita, 2007ko apirilean, erreportaje bat grabatzearren ETBren Postdata saiorako; Iparraldearekiko harremana lantzen zuten horietakoa zen Koldobika. Bere azken lanetatik, ikatzaren hauts beltza, urrearen distira zalantzazkoa eta urdin bete-betea geratu zaizkit oroimenean, haien esanahia oraindik behar bezala prozesatu gabe. Koldobika Jauregik Elena Cajaravillerekin batera Alkizan sortu eta elikatutako Ur Mara museo bakanak izango ahal du jarraipena.
P.D. 207. artikulua dut gaurkoa BERRIAn. 207garrena eta azkena. 2014ko irailean hasi nintzen, Martxelo Otamendik gonbidatuta. Hari, gaur egungo zuzendaritzari, eta artikulua inprentara bidean txukuntzen duen zuzentzaileari eskerrak eman beharrean nago. Baita irakurle izan ditudanei ere.