Gaur ematen diote Jose Maria Jimeno Juriori hain ongi merezitako Nafarroako urrezko domina. Hilondoren eman bazaio ere, sari hori emateak justiziazko aitormena egiten dio Artaxoako ikertzaile langile eta azkarrari.
Gaurkoan gainera, euskararen nazioarteko eguna ospatzen delarik eta egun honetan euskaldun berrien fenomenoa aintzat hartzeari maila berezia eman nahi zaiolarik, merezi du aipatzeak Jose Maria Jimeno Juriok euskara ikasten jarraitu zuela zahartu eta gero ere bere adineko beste adiskide batzuekin batera; Urmeneta, Kortes Izal, Zabalza eta abar. Euskaldun berrien aurreko azken belaunaldia izan ziren; euskararen gramatikari edo filologiari edo literaturari edo historiari buruz asko eta asko zekiten. Batzuen batzu euskarari buruzko ikerketa eta liburu bikainak idatzitakoak ziren, Jimeno Jurio bera bezala. Baina «euskaraz pentsatzeko» eta ondorioz mintzatzeko gaitasuna falta. Belaunaldi hura artekoak gramatika beste hizkuntzan ikasiz hasten ziren euskara ikasi nahian; lehendabizi deklinabidea, gero aditza, gero sintaxia eta abar; hurrena esaldiak osatzen saiatu behar, ikasitako gramatikako eguteren bitartez halako puzzleak burutuz… Bizitza osoa euskaraz ikasten eta hizketarako erraztasunik ezin lortu.
Euskara ezin ikasi hori guztia ordea, gramatikarik gabeko metodologia berriak asmatu —eta kopiatu- zirenean gainditu zen; orain dela berrogeita hamar urte baino zer edo zer gehiago. Xedea oso apala zen, umeak bezala hizketan ikasi, gramatikarik edo filologiarik ikasi behar izan gabe. «—Hau zer da? —Hau behatza da! A bai!», eta euskaldun berriak sortu ziren hurrengo Jose Maria, Miguel Javier, Jorge eta Pedro Mariren hurrengo belaunaldian.
Zer erantsi edo zer gehitu Jose Maria Jimeno Juriori buruz esan den eta esango den guztiari? Agian bere ekarpenak ez direla agortzen eta ez direla bukatzen orain argitaratu dizkioten hirurogei eta gehiago liburuetan. Bide urratzailea eta lekukoa izan baitzen hainbeste eta hainbeste ahaleginetan. Herriz herri ibili zen Nafarroa osoan gerrako fusilatuen zerrendak egiten edo euskal estatutuari baietza adostu eta ezetza eman zioten udalen historia tristeak arakatzen; banaka banaka bilatu zituen eta askotan aurkitu euskarak mendeetako atzerakadan herri, etxe, mendi, bide eta harrobi edo lur eremuetan utzitako izenen testigantzak.
Agian horrexegatik aipatutako modu xume baten beste euskal ikertzaile zorrotz eta dotore batekin inoiz aitortu gabe izandako eztabaida luzea. Jose Maria Jimeno Juriok argitaratutako lehen liburuetako bat, Orreagako gudaldiari buruzkoa da; zera, Non gertatu zen Orreagako guda? izena duena alegia. Liburu hura argitaratu eta urte askotara Pierre Narbaitz, Baionako kanonigo eta Bikario Gorena izandakoak Orria izeneko liburua argitaratu zuen; Orria ingurukoek Orreagari ematen dioten deiera da eta Narbaitz Donibane Xaharrekoa izaki. Jimenok Ibañetako mendatean behera kokatzen du gudu-lekua; Narbaitzek hori ezinezkoa zela eta Napoleon menditik Urkullura zeharka doan galtzada erromatarraz mintzo zen. Urteak beranduago Principe de Viana aldizkarian ikerketa luze bat azaldu zuen Jimenok, zera alegia, Orreaga gaineko zehar bidearen mitoa izen mespretxatzailearekin. Hogeita hamar urte luze iraun zuen eztabaida horrek eta bukatu gabe utzi zutenez gero, nik Errolanen Harria izeneko eleberrian beste kokapen bat defendatu nuen; tradizioak erakusten duen Arga ibaiaren goi aldea, hain zuzen ere.
Merezitakoa eta ongi emandakoa Jose Maria Jimeno Jurioren urrezko domina. Agian mereziko luke baita ere, nahiz ez zaion emanen Iparraldekoa delako edo, Pierre Narbaitzek; besteak beste, berea baita Nafarroako erresumaren historiaz idatziko liburu baten izenik politena: Nafarroa edo euskaldunek erregea zutenekoa.
ARKUPEAN
Jimeno Jurio & Narbaitz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu