mikel elorza

Jator eta benetako

2024ko maiatzaren 22a
05:00
Entzun

Aroak aldatzen doaz: gozokiak egitetik ingurukoak gozo jartzera pasatu dira moja klaratarrak. Sekta nagusia utzi eta sekta txikiago batera igaro dira, baina sakontasun teologiko handien ordez bestelakoak dirudite arrazoiek: bi hizkiko distantzia baino ez dago debozio-tik negozio-ra. Eta komediatik gehiago duen istorio honetan xelebreena apezpiku eskumikatuarena da: Pablo de Rojas. A ze pertsonaia! Garai bateko ponpeziaren miresle, film zuzendari askok imajinatu nahiko lukeen iruditeria barroko berezi batez bilduta ageri da. Eta hala, mojen eta apezpikuen artekoa tragikomedia graziosoa da. Gehienontzat, noski, ez da urrutirago iritsiko disputa; Elizak beretzat gordeko ditu finkak —propio egindako legeria izan du alde eta halaxe bildu du ondare izugarri bat—, eta Beloradoko mojek pasteleria bat jartzea hobe izango dute Instagrameko kontuak elikatzen jarraitu ahal izateko.

Baina ez dezagun bazterrera utzi Rojas Sanchez-Franco pertsonaiaren atzean ultra ortodoxo bat dagoela. Belus purpuraren igurtzi eta parpailak ez gaitzala itsutu: eskuin zaharminduenaren produktu betiko bat da morroi hau, berekoiegia izateak apartatu duena Vatikanoaren abarotik, ez pentsamendu-diferentziek.

Horixe bihurtzen ari baita zaila gaur egun, hondoa bereiztea. Itxura eta irudiaren atzean zer dagoen asmatzea. Facebook eta Instagram garaiak bizi gaitu, dena berehalakoan eta soilik aurpegia ikusten dela, ez barrena edo pausa lasaia.

Eta horri erantsi behar zaio garai oso transbertsalak bizi ditugula—horrek zernahi esan nahi duela ere—, eta denok nahasten gara plazetan, hondartzetan, elkarren lepoan galtzarbeak jarriz gure taldearen garaipenak ospatzeko, musika kontzertuetan, kaleko denda eta tabernetan… Klaseen arteko mugak gero eta lausotuago ageri dira… eta hori klase menperatzailearen garaipenik nagusiena da: uste izanaraztea klaserik ez dagoela, denak gero eta berdinagoak garela. Deabruak bezala, existitzen ez dela. Baina erne demonio ibili beharra daukagu, fatxa mordoa ezkutatzen da feisbuk distiranten atzean; irudi eta bizimodu guai eta happyflowerren atzean; denok-pertsonak-gara-eta-hori-da-inportanteena txapa paparrean daramatenen atzean; garagardo iragarkietan marrazten dizkiguten ilunabar ederreko party horietako gazte irribarretsuen atzean, planetaren egoeraz kezkatuak eta solidarioak...

Giza biodibertsitatea bere osotasunean ederra eta errespetatzekoa dela sinetsarazi nahi digute, eta horren adierazpide bat jatorrismoa da. Jatortasuna balioen aldarera igoa izan da, jatorrak han eta hemen, jatorrak toki guztietan, irudi luke ez dela hain txarra inork zu ustiatzea edo ostiatzea edo dena delakoa, jatorra baldin bada. Izorratu nau, baina…zein jatorra!

Ez gaitezen nahas: piztiarik handienak printze-printzesak dira.

Ez da, hala ere, ifrentzua askoz trankilagoa. Benetakoa, autentikoa: horixe bilatzen dugu orain sofistikatuaren ifrentzuan. Bilatu behar, me too. Denda eta taberna benetako eta autentikoak, nondik irudi lukeen denbora ez dela pasatu, eta maiz pasatu ez dena erratza izan da, baina horrek berdin du, benetakoa da eta maite dugu. Areago inguruan parrokianoak baldin badabiltza, euren elkarrizketa eta komentario antzestral horiekin. Zein autentikoak!

Eta non elkartzen dira sofistikatuak eta benetakoak? Bada kontserbadurismoaren magalean, eskuinari eta ultraeskuinari koltxoia (eta maiz botoak ere) eskaintzen, koltxoi eskuindar politikoa ez ezik bereziki soziala. Oso guaiak batzuk eta genuinoak besteak.

Europan zehar mamu bat dabil, izatez sekula joan ez dena, eta gero eta sueltoago ari dena eskaintzen zaizkion zirrikitu guztiak aprobetxatuz terrenoa irabazteko: fatxak. Jatorrak eta autentikoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.