Munduan dagoen bolumena hirukoiztu egin da azken hogeita hamar urteetan. Horixe diote ikerketek: planetako dezibelak gorantz doaz! Entzun al da?! Oihukatu gabe ez dut uste erraza izango denik, poluzio akustikoaren askotariko eragileak dauzkagulako inguruan: kotxeak, autobusak, hegazkinak, hirietako obrak, turisten joan-etorriak, une oro piztuta dauden pantailak, gailu elektronikoen burrunba... Horra hor kapitalismoaren bozgorailu zalapartatsua.
Egungo bizimodu digitalak, adibidez, zentzu askotan sortzen du zarata. Interneteko zerbitzarien eta datu-base erraldoien gordelekuak tramankulu izugarri handiak dira: kablez beteriko bunkerrak. Eta, une oro piztuta daudenez, pilo bat berotzen dira, gehiegizko tenperaturek gailuak leherrarazteko beste. Horregatik, inguruan hozkailuak behar dituzte: hozkailu amaiezinen harresi batek babesten ditu. Baina hozkailuek ere etengabe piztuta egon behar dute, eta txistu moduko bat igortzen dute. Etengabe pairatutako txistu baten burrunba eroa salatzen hasi dira inguruko herriak.
Egokiena kaskoak jartzea al da kanpoko zarata horretaz babesteko? Jar ezazu musika belarriak tapatzeko; oso altu bada, hobe! Geure hiriburuetan, sarritan, irudi berezi horiikusten da: bakoitza bere entzungailuekin, bere entzumen-burbuilan sartuta, isiltasunik gabeko existentzia zaratatsuan. Eta, entzungailuak kenduz gero, supermerkatuan, dentistaren itxarongelan edo telefonoaren beste aldean inortxo ere ez dagoenean, berdin-berdin, musikatxo bat dago beti airean, isilune izan zitekeen hori soinuz betetzeko.
Ni azkenaldian harritu egin nau jakiteak bizimodu hipermoderno honen zarata ez dela soilik lurrazalera mugatzen: itsaso barrenera ere heldu da, zoritxarrez. Egun, itsas hondoan petrolioa ote dagoen jakiteko, sistema berri bat erabiltzen da: aire konprimatutako lehergailuen teknika. Uretan barrena sekulako soinu-uhinak sortzen dituzte itsasoaren hondora zuzen-zuzenean doazen bonba horiek. 2.500 itsas miliatan zehar entzun daitekeen soinua!
Itsasontziak gau eta egun ari dira petrolio bila, hogei segundotik behin aire konprimatuaren karga bat jaurtiz. Kanporantz ez da ia ezer entzuten, baina ozeano barruan aldaketa akustiko ikaragarria sumatzen da. Giza belarriak jasan dezakeen dezibel kopurua erabat gainditzen du itsaspeko bizitzak jasotakoak. Uretan bizi diren animaliek, gainera, soinua belarriekin entzun beharrean, gorputz osoarekin hautematen dute. Gorputz osoan sentituko dute dardara, uhinen danbatekoa, nahasmena. Zein izango ote da horren ondorioa itsas bizitzan? Ergelkeria dirudi, baina, guk sortutako zarata, ez da lurrera murrizten jada: ozeanoak ere soinuaren infernuan murgilduta daude. Ura dugu bizitzaren jatorria, eta lehertu baino ez dugu egiten.
Horregatik, isiluneak babestu beharrean gaudela uste dut; musika bera ere soinuaren eta isiltasunaren arteko konbinazioa da. Isiltasuna partekatu eta dezibelak jaitsi: elkarrekin patxadaz hitz egiteko, norbere burua entzuteko, arretaz irakurtzeko, batera arnasteko, naturaren soinuak aditzeko, beste espezie bizidun guztiak ez erotzeko, entzundakoa ulertzen denbora hartzeko... Izan ere, zein da dezibelen bidez tapatu nahi dugun hutsunea?
Shakespearek, agian, arrazoia zeukan «bizitza zarataz eta amorruz beteriko ipuin bat» zela:ergel batek kontatutako ipuin zaratatsua. Asma ote genezake beste doinu bat bizitza kontatzeko, bizitzari kantatzeko? Nik, baxu-baxu bada ere, horixe kantatu nahiko nuke.
ARKUPEAN
Jaitsi bolumena, mesedez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu