Aner Euzkitze.

Jaitsi aurretik, eskerrak

2024ko abenduaren 12a
05:00
Entzun

Noriara igo denari ez galdetu ea noriak pegatzen ote duen hiri horretan: noriatik ez da noria ikusten. Noriatik itsasoa ikusten da, hondarra, irla, olatuak, baranda, mendiak, etxeak, mundruna. Noriarik gabe ere ikus daitezke horiek guztiak, baina nondik begiratu jakin behar. Nik beste mila gauzaz idatzi nahi nuen, baina iruditu zait ezin nuela besterik egin. Norian nago eta ezin dut mugimendu hau normalizatu, ezin dut ez baneki bezala jokatu, eta agian ez dut nahi. Udaberrian hasi nuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, eta etzi amaituko dut. Barregura ematen dit orain, baina ze luzea. Hau ere idatzi nahi nizuen.

Bertsokideak. Lagunak. Bertsokide izan zaretenak. Zaretenak. Bertsolaritzak inporta ez baina besterik jasan ez duzuen kideak. Saioa baino bost egun lehenagotik hasita animo-mezuak bidali dizkidazuenak. Saioaren ondoren zermoduz-mezuak bidali dizkidazuenak. Telefono-deiak eta bideo-deiak. Besarkatu nauzuenak.

Etxera entrenatzera etorri zaretenak. Etorri direnean etxean zeundetenak. Etxeak eskaini dituzuenak. Gaiak audioz bidali dizkidazuenak. Garajeak. Sofak. Txokoak. Salak. Elkarteak. Kultur-etxeak. Gaztetxeak. Ganbarak. Euskaltegiak. Koadernoak. Kotxe-gidariak. Kafe-hartzaileak. Gosari-kideak. Zinema-lagunak. Gominola-erosleak. Doinuak hautatzen lagundu didazuenak. «Polita da baina gaizki geratzen zaizu» esan duzuenak. Doinuei buruz, arropei buruz.

Outfiten aholkulariak. Kritikoak. Arropen link-bidaltzaile konpultsiboak. Makilatzaileak. Erosketetara lagundu nauzuenak. Zuen etxeko armairua, maleta ireki dizkidazuenak. Jertseak eraman dituzuenak gradak okupatzeko. Whatsappeko inkesten sortzaileak. Afaltzera geratu zaretenak. Festara geratu zaretenak. Festara geratu ez zaretenak.

Festatik kanpo geratu zinetenak. Hau festa bezala bizi ezin izan duzuenak. Kalean geratu zareten lagun guztiak. Amorru propioz eta hala ere laguntzen jarraitu duzuenak. Prest egon zaretenak. Prest egon ez zaretenak. Agurra hautatu didazuenak. Egin didazuenak. Behar bezalako agurrik eskaini ez dizuedanak. Eskainiko ez dizuedanak. Kokoteraino zaudetenak. Inbidia duzuenak. Izan duzuenak. Zeuen burua zalantzan jarri duzuenak.

Bertso-ama aholkulariak. Bertso-ama babesleak. Haterrak. Ahizpak. Bollerak. Transak. Feminista zaharragoak. Esan nahi zenutena esan zenutenak. Esan nahi genuena esan genezakeela esan zenigutenak. Saioak komentatzeko egon zinetenak. Parranda pendiente hura. Galdu osteko txupito haiek. Morreoak. Jende polit asko.

Zer luzea dena. Nork esango zigun hau dena, babys? Txapelketa, bere ondorio eta guzti. Bere egituratze, banaketa eta botere. Eta gu oraindik norian. Ez dago epaiketa justurik, eta hori kaka bat da. Eta justurik balitz eta balego ere, kaka bat da. Nik jende asko sentitzen dut faltan.

Asko pentsatu gabe hartzen duzu bidea, ezer jakin gabe ia, eta bum. Baina balio izan du gauza eder askotarako ere. Hori ikusten hasi naiz eta nahi dut. Balio izan du sarea egiteko, elkarrengatik pozteko eta tristatzeko, bestela eduki gabeko elkarrizketak edukitzeko. Lagunak egiteko, eta etsairen bat. Jendez egiten da bertsoa ere. Jendez egiten da dena. Etzi saio guai bat egin nahi nuke zuei esateko «tori, tias, zuengatik da eta zuentzako da». Bestela ez litzateke. Ez dakit, zerbait eskaini nahi nizueke. Poz bat bederen, errepika bat ozen kantatzeko. Ez da ezer gertatzen bestela, baina hori. Morreo bana zor dizuet, eta emateko moduren bat asmatu nahi nuke. Oso maitea sentiarazten nauen jendea daukat ondoan, eta puf. Eskerrik asko. Zuen laguna izan nahi dut beti. Amz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.