Julen Azcona
ARKUPEAN

J Martina zortziko handian

2023ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Dena asmatuta dago. Aurreko mendeetan hainbeste itxaropen sortu zituzten aurrerapen teknologikoetara ohituta gaude jada. Elektrizitatea, telefonoa, telebista, eta azkenik Internet eta sakelakoak. Batzuetan, badirudi ez dagoela emoziorik, ez sorpresarik. Kotxe elektriko berri bat noizean behin. NFTak. Kriptodirua. Musikan, gitarra bat gitarra bat da. Mikrofonoa horixe da, mikrofonoa, besterik ez. Zer da berria 2023an? Ba al dago gaur egungo hesi kulturalak haratago eramateko aukera?

Joan den urtearen amaieran, Lizarrako Sugarra gaztetxean,J Martina musika taldearen kontzertu bat ikusteko aukera izan nuen. Larrabetzuko hirukoteak lortu zuen Nafarroako erdialdeko gazteok altxatu, dantzatu eta haien letra poetiko eta politikoak ozen kantatzea. Euskal musika aldarrikatzailearen tradizioa jarraitzen du J Martinak, eta, aldi berean, beste kulturen ekarpenak txertatzen ditu bere DNAn, ez zerbait berria asmatuz, baizik eta existitzen den horri buelta bat emanez, aurrekariei omenaldi bat eginez, 2023an fresko mantentzen den efemeride bat bezala.

Beharbada, taldearen bereizgarritasun nabarmenena autotune deritzon teknikaren baliatzea da. 1998tik musikan erabiltzen den tresna da, Cher artista estatubatuarraren Believe abestiak mundu mailan ospetsu bihurtu zuena. 25 urte geroago, gizartean oraindik airean dago eztabaida, ea autotunea musika den ala ez. Euskal kulturan, pixkanaka hainbat taldek bere lekua irabazten ari dira autotunearekin:J Martinaren abeslarietako bat, Kattalin Barcena, BERRIAko azalean atera zen uda honetan; Nafarroa Arenan ospatutako Bertso Txapelketa Nagusian, taldearen Amore abestia entzun zen saioa baino lehen; eta, txapelketan bertan, Amets Arzallusek zortziko handian J Martina eta Chill Mafia (autotunea ere bai erabiltzen duen talde iruindarra) mentu zituen, Euskal Herriko musika gazteari buruz hitz egiteko.

Eztabaida izan daiteke ea zergatik artista hauek ez duten bere ahots originala erabiltzen. Zergatik ez dituzten trikitia bezalako instrumentu organikoak erabiltzen. Baina, egia esan, ez dirudi egungo gazteei purismo hauek bereziki axola zaizkienik. Kezkak bestelakoak dira. J Martinak elkarrizketa batean esan zuen bezala, letren idazkera eta musika ezberdinen esperimentazioa da beraientzat garrantzitsuena.

Adibide bat taldearen lehenengo abestia da, Mundu Zahar, 2020an argitaratu zena eta asmoen adierazpen bat dena, goitik behera: Camarón de la Islaren Viejo Mundo abesti flamenkoaren bertsio bat da (aldi berean, Federico García Lorca poetaren olerki batean oinarrituta dagoena). 1979ko La leyenda del tiempo diskoan argitaratu zen, eta orduan ere errieta bota zioten Camaroni puristek, esanez hori ez zela flamenkoa, baxuak eta gitarra elektrikoak erabiltzeagatik.

Musika zahar eta berriaren esplorazio interesgarri horretan,J Martinaren azken abestian, Efemerideak izenekoa, Anari artistaren izen berdineko kanta bertsionatu dute, autorearen onespenarekin, noski (Anari bera bideoklipean agertzen da). Kantak urte batzuk ditu, nahiz eta Anarik ofizialki iaz argitaratu zuen. Abestiak berak esaten duen bezala, «elkarri ukitzen diogu efemeridea nahi gabe», alegia, modernitatea gure atzean gertatutakoa ulertu, barneratu, omendu eta transformatzea besterik ez da. Polita da, hunkigarria, batak bestearen efemeridea ukitzea. Atzera begiratzea, aurrera egiteko. Bere lehen diskoarekin, Jaio Naiz Baina, J Martinako kideek (Kattalin eta Ane Barcena eta Jabi Jorajuria) euskal musika berriaren adibide esperantzagarri bat direla erakutsi dute. Irrikan nago etorkizunean zer egingo duten ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.